Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Laudioko (Araba) Goikogane eta San Martin kaleetako ekipamendu-lurzatietako (ZV-37 Plan Partziala) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 185
  • Hurrenkera-zk.: 4174
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/08/24
  • Argitaratze-data: 2022/09/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Laudioko Udalak, 2022ko ekainaren 13an, eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Laudioko (Araba) Goikogane eta San Martin kaleetako ekipamendu-lurzatietako (ZV-37 Plan Partziala) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea abiarazi zuen 2022ko ekainaren 27an, eta espedientean daude jasota izaniko emaitzak. Era berean, Laudioko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesa zuen edonork izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila jasoa bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Laudioko Goikogane eta San Martin kaleetako ekipamendu-lurzatien (ZV-37 Plan Partziala) Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluak bildutako kasuen artean sartzen da; bertan, aurreikusten da zein diren ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak, zehazteko planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Laudioko Goikogane eta San Martin kaleetako ekipamendu-lurzatien (ZV-37 Plan Partziala) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren gainean, baldintza hauekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua Laudioko Goikogane eta San Martin kaleen ertzean kokatutako 1.966,22 m2-ko lurzati bat da, ZV-37 Lateorrondo bizitegi-sektorearen Plan Partzialaren barruan dagoena. Aztergai dugun lurzatia bi lurzatiren batura da: bata kultura-ekipamenduko tokiko sistema gisa kalifikatuta dago (1.390 m2), eta bestea interes publiko eta sozialeko tokiko sistema gisa kalifikatuta (576,22 m2). Sektoreko gainerakoaren aldean, egikaritzeke daude biak. Eremua hiri-lurzoru finkatu gisa dago sailkatuta.

    Eremu horretan indarrean dagoen hirigintza-araudia Laudioko ZV-37 Lateorrondo Bizitegi Plan Partziala da (ALHAO 1999-06-09), Laudioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 1. aldaketatik abiatuta egina (ALHAO: 1995-03-20).

    Planaren xedea indarrean dagoen plangintzaren parametroak egokitzea da, udalerrian osasun-zentro berri bat egin ahal izateko, dauden zerbitzuak hobetu eta zabaltzearren.

    Beraz, proposamenak bateratu egiten ditu bi lurzatiak, aldatu egiten du horien kalifikazioa, eta handitu egiten du ekipamendu-lurzatiaren eraikigarritasun fisikoa. Zehazki, lurzatia ekipamendu komunitariotzat kalifikatzen da, eta sestra gainean eraikitako azalera osoa 8.400 m2-ra arte areagotu daiteke. Atzeraemanguneak zehazten dira ekialdean dagoen bizitegi-partzelarekiko mugetan, baita Goikogane eta San Martin kaleekiko mugetan ere. Solairu guztiak beheko solairukoak eta lau solairukoak izango dira, sestra azpiko bi solairurekin batera. Etorkizunean erabilera desberdinak hartzeko edo balizko handitzeak aurreikusteko aukera dagoenez, bolumetria eta erabilera irekiko erregimena aukeratu dira.

    Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo esku-hartzerik eza eta garapen-alternatiba bat aztertu dira. 1. alternatiba lehen deskribatutako irtenbidea da. Baztertu egin da 0 alternatiba, lehendik dauden lurzatiei esleitutako gehieneko aprobetxamendua ez delako nahikoa aurreikusitako erabilera berrietarako. Planak, beraz, 1. alternatiba garatzen du.

    Plana dagozkion eraikuntza-proiektu baten eta urbanizazio-obra osagarrien bidez garatuko da.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren antolamendu-eremua bizitegi-erabilera globaleko hiri-lurzoru finkatu bat da, Laudioko Lateorro auzoan kokatua. Guztira 1.966,22 m2-ko azalera du. Lurzati horretan, hasiera batean, toki-sistemetarako bideratutako bi lurzati sartzen dira; ZV-37 sektorearen Plan Partzialean definituta daude eta egikaritzeke daude. Planak bi lurzatiak bateratzea, kalifikazioa aldatzea eta eraikigarritasun fisikoa handitzea aurreikusten du; a priori, osasun-zentro berri bat ezarri ahal izateko. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina paira lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremua hiri-lurzoru finkatuko 1.966,22 m2-ko lurzati bat da, gaur egun berdegune gisa erabiltzen dena, piknikgune batekin, eta gasaren erregulazio- eta neurketa-estazio txiki bat dago bertan. Iparraldean San Martin kalearekin egiten du muga, mendebaldean Goikogane kalearekin, hegoaldean hiri-parke handi batekin, eta ekialdean etxebizitza-bloke batekin. Alde horretatik, intereseko elementu naturalik ez duen ingurune urbanizatu batean txertatuta dago.

      Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, Nerbioi II ibaiaren ur-masaren arroan sartzen da, eremuaren mendebaldean, eremutik 200 m baino gehiagora. Ez da identifikatzen eremutik gertu dagoen beste ibilgurik.

      Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartutako elementurik.

      Eremuan dagoen landaredia hiriko parke eta lorategietako berezko belarra da batik bat. Era berean, hainbat platano eta ezki identifikatzen dira. Eremu horretako faunari dagokionez, hirietako eta hiri-periferietako espezie arruntak daude bertan.

      Ez dago interes geologikoko tokirik, ez dago naturagune babestuekin kointzidentziarik, Batasunaren intereseko habitatik, espezie mehatxaturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Hezegunerik ere ez dago.

      Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu, ez eta bestelako babes-erregimenik ere.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun nabarmenik, ez du uholde-arriskurik, eta ez dator bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiekin.

      Arrisku teknologikoen artean, SEVESO araudiak araututako produktu kimiko kopuru handiak dituzten bi kokaleku daude udalerrian; hots, Tubacex tubos inoxidables SAU eta Guardian Laudio Uno SL enpresak. Jarduketa-eremuaren mendebaldeko zatia Tubacexen esku-hartze eremuaren barruan geratzen da, eta Guardianeko esku-hartze eremutik oso gertu.

      Salgai arriskutsuak garraiatzeko arriskuari dagokionez, arrisku hori handia da Castejón-Bilbo trenbidean, eremutik gertu, eta oso txikia ekialdean doan A-625 errepidean. Planaren eremua trenbidearen 200 m-ko afekzio-bandan eta errepidearen 600 m-ko bandan sartzen da.

      Egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustiko bat aurkezten da, Laudioko Zarataren Maparen emaitzak jasotzen dituena aztergai den eremurako. Aipatutako azterlanaren arabera, bizitegi-erabilera nagusi den eremu akustiko batean dago eremua (A mota). Eremu akustiko mota horri eta lehendik dauden eremu urbanizatuei aplika dakizkiekeen KAHei erreparatuta, azterlan akustikoak adierazten du lurzatiaren iparraldean eta ipar-ekialdean gauez neurri txiki batean ez direla betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan definitutako KAHak. Era berean, adierazten du, zuzkiduraren azken xedea ezaguna ez izatean, ezinezkoa dela une honetan barneko espazioan bete beharreko helburuak finkatzea. Eraikingintza Proiektuan definitu beharko da hori, eraikuntza-proiektuan isolamendu-azterlan espezifiko baten bidez, beharrezko isolamendua zehaztu dezan.

      Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen eraginak eraikin berria eraikitzearekin eta urbanizazio-obra osagarriak egikaritzearekin daude lotuta. Jarduketa horien ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, hondakinak sortuko dira, lur-mugimenduak egongo dira eta soberakinak sortuko, makineriaren joan-etorriak egongo dira, lurzoruak kaltetu egingo dira ustekabeko isurketengatik, emisio atmosferiko eta akustikoengatiko eragozpenak sortuko dira, etab. Era berean, 1.966 m2 lurzoru okupatuko dira etengabe.

      Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, eremu horretarako definitutako KAHetan ez-betetzeak gertatzen dira. Ildo horretan, Zaratari buruzko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio; zehazki, 36., 37., 41., 43. eta 45. artikuluei dagokienez.

      Ustiapen-fasean, garapen-proposamena oso mardula ez denez, ez da uste eragin nabarmenik izango denik eremuan jarduera areagotzearen ondorioz.

      Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura- eta kultura-ondareari, paisaiari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Laudioko Goikogane eta San Martin kaleetako ekipamendu-lurzatien (ZV-37 Plan Partziala) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

      Ustiategiko zaratari buruzko neurriak:

      Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean. Plana onartzeko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

      Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

      Laudioko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, makineriarik ez da ipiniko iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari. Hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak ezarriko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

      Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu egingo dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa sustatzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Laudioko Goikogane eta San Martin kaleetako (ZV-37 Plan Partziala) ekipamendu-lurzatietako Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Laudioko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Laudioko Goikogane eta San Martin kaleetako (ZV-37 Plan Partziala) ekipamendu-lurzatietako Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen gehienez lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 24a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik