Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 1ekoa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio eta jendaurrean jartzen baita urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzeko espedientea. Hain zuzen ere, dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia kultura-ondasun deklaratzen da, monumentu-multzo kategoriarekin.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 114
  • Hurrenkera-zk.: 3359
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/06/01
  • Argitaratze-data: 2021/06/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Lege hori garatzeko, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, gaur egun ia erabat indargabetuta dagoena, salbu eta III. Tituluaren VI. Kapitulua, dokumentu-ondareari buruzkoa, eta IV. Tituluaren I. Kapitulua, artxibo-zerbitzuei buruzkoa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen bidez.

Urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia kultura-ondasun deklaratu zen, monumentu-multzo kategoriarekin. Dekretu horretan, grafikoki mugatu zen trazadura, eta, horrela, gehiago sustatu zen Donejakue Bideko mugarrien arteko lotura, trazadura bera baino, bide fisiko gisa. Horrek definizio falta ekarri zuen, eta ondorengo azterlanek konpondu egin zuten egoera hori.

Hori horrela, aipatutako dekretua berariaz indargabetu zen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez. Dekretu berri horren helburua zen ibilbide erreal eta fisiko bat finkatzea, ibiltzeko modukoa, erromesentzat jarraitua eta segurua izango zena, bide historiko eta publikoetatik igaroko zena, eta ez zena soilik izango mugarrien edo lekuen segida, baizik eta horiek fisikoki elkartzeko modu bat, gehienbat bide historiko edo galtzada publikoen bidez eta, ahal zen neurrian, errepideak eta bide arriskutsuak saihestuz.

Igarotako denboraren ondorioz eta dekretuaren araudiaren aplikazio praktikoan sortutako gorabehera eta arazoen ondorioz (bidearen euskarri den bide-trazadurari eta horri eragiten dion obra zibilari dagokionez), babes-araubidearen atal horiek berrikusi behar izan dira.

Hori dela eta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko Zerbitzu Teknikoek txostena egin dute, eta, bertan, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzeko aukera dagoela eta hori egitea komeni dela egiaztatzen da, babes-araubideko III. eranskineko II. Kapitulua (Donejakue Bidearen euskarri den bide-trazadurari buruzkoa) eta III. Kapitulua (Donejakue Bideari eragiten dion obra zibilari buruzkoa) berridazteko.

Zerbitzu teknikoek egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

Lehenengoa. Hasiera ematea urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzeko espedienteari, babes-araubideko III. eranskineko II. eta III. kapituluak berridazteko. Hain zuzen ere, aipatutako dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia kultura-ondasun deklaratzen da, monumentu-multzo kategoriarekin.

Bigarrena. Urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aldatzeko hasitako espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko aldi bat irekitzea, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den babes-araubidearen III. eranskineko II. eta III. kapituluen idazketa berrian oinarrituta.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Espedientearen izapideekin jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

Laugarrena. Espedientea irekitzeko ebazpen honen berri ematea honako hauei: Donejakue Bideak zeharkatzen dituen udalerrietako udalei; Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Hirigintza Departamentuari; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Departamentuari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapen Departamentuari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuari; eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Aldizkari Ofizialean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak honen berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 1a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

  1. Babes-araubide honen ondorioetarako, trazatutzat ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia, edozein ibilbidetan (Kostaldeko Bidea edo San Adriango tunelaren Bidea) eta edozein bide-mota dela ere: bide historikoak, harrizko galtzadak, errepideak, hiri-bideak, baso-bideak, mendiko pistak eta abar.

  2. Donejakue Bidearen trazadura bat dator III. eranskinean jasotako planoetan grafiatutakoarekin.

  3. Donejakue Bidearen trazadura aldaezina izango da bide historiko gisa identifikatutako bide-zatietatik igarotzen denean (1. zerrenda), harrizko galtzadetatik igarotzen denean (2.1 zerrenda) edo zubietatik igarotzen denean (2.2 eta 2.3 zerrendak). Trazaduraren gainerako zatia aldatu egin ahal izango da, hori egitea justifikatzen duten arrazoiak daudenean. Edonola ere, trazadura aldatzen bada, Donejakue Bidea kultura-ondasun deklaratzeko Dekretua ere aldatuko da.

  4. Hirigintza-antolamenduaren beharrak direla-eta, Donejakue Bideak zeharkatzen dituen lurzoruen sailkapena aldatu behar bada, sailkapen berria berehala egokituko da araubidera; hain zuzen ere, babes-araubide honen 13., 14., 15. eta 16. artikuluetan definitutakoetatik aplikatu beharreko araubidera. Plangintza-dokumentuek eta lurzoru horien antolamendua definitzen duten dokumentuek, hiri-lurzoruarenak barne, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen organoaren nahitaezko txosten loteslea beharko dute, Donejakue Bidearen trazaduran duten eraginari dagokionez.

  5. Trazaduraren euskarri diren bide-moten arabera, administrazio eskudunak arduratuko dira bide-zatiak egoera onean eta zainduta daudela egiaztatzeaz; horretarako, bide-zatiak ez hondatzeko edo ez suntsitzeko neurri egokiak hartuko dituzte, eta bide-zati horiek zaintzeko eta babesteko ekintza zehatzak egingo dituzte.

Donejakue Bidearen trazadurak hainbat arazo dakartza, zeharkatzen duen bide-motaren eta lurzoru-motaren arabera. Hori dela eta, kasu bakoitzean dagokion araubidea ezartze aldera, trazaduraren sailkapen hau finkatzen da:

  1. Bide historikoak, harrizko galtzadak eta zubien gaineko zatiak, IV. eranskineko zerrendetan identifikatutakoak, denak ere hiri-lurzorutik kanpokoak.

  2. Errepideak, hiru lurralde historikoetako foru-arauetan ezarritako edozein kategoriatan.

  3. Edozein bide, hirigintza-plangintzaren arabera hala sailkatutako hiri-lurzorutik igarotzen denean.

  4. Aurreko ataletan sartzen ez diren bideak eta pistak.

1. 11. artikuluko a) eta d) apartatuetan definitutako trazadura-motetarako, babes-eremu hauek definitu dira:

  1. Zortasun-eremua: Donejakue Bidearen alde bakoitzeko lur-zerrenda paraleloa, 3 m-ko zabalerakoa, lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtuta.

  2. Eragin-eremua: Donejakue Bidearen alde bakoitzeko lur-zerrenda paraleloa, zortasun-eremuaren kanpoko mugak eta lur-berdinketaren kanpoko ertzarekiko lerro paralelo batek definitua, eremutik 30 m-ra.

    1. Zortasun-eremua operatiboa izango da, trazadura lurzoru urbanizaezinetatik edo lehendik dauden lurzoru urbanizagarrietatik igarotzen denean, edo sortu berri diren lurzoruetatik igarotzen denean.

    2. Eragin-eremua operatiboa izango da, trazadura lurzoru urbanizaezinetatik edo urbanizagarrietatik igarotzen denean, betiere sortu berriak badira. Araubide hau indarrean sartzean horrela sailkatutako lurzoru urbanizagarrietatik igarotzen diren tarteen kasuan, eragin-eremua sektorearen mugaraino murriztu ahal izango da, hura lur-berdinketaren ertzetik 30 metro baino gutxiagora dagoenean, edo, gehienez ere, zortasun-eremuaren mugaraino, eta arreta berezia jarriko da lurzoru horien ertzen tratamenduan.

  1. Zehaztapen orokorrak:

    1. eranskineko 1. eta 2. zerrendetan babestutako bide historikoetan, harrizko galtzadetan eta zubien gaineko trazadura-zatietan, oinezkoak, zikloturistak edo zaldizkoak baino ezin dira ibili, eta berariaz debekatuta dago motordun ibilgailuak edo bestelako makineria handik igarotzea, salbu eta, babes-araubide hau indarrean jartzen den unean, finketara edo baserrietara heltzeko bide bakarrak badira; kasu horretan, bidea bikoizteko eskatuko da.

      1. 12. artikuluan zehaztutako zortasun-eremuan, zehaztapen hauek aplikatuko dira:

      1. Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:

        Debekatuta daude jarduera hauek: meatze-ustiapena, harrizko materialen erauzketa, harrobiak, eta lehergailuen erabilera eskatzen duen beste edozein jarduera.

        Debekatuta dago lurrak mugitzea, salbu eta bidea bikoizteko (13.1. paragrafoan aurreikusitako baldintzetan) edo harrizko galtzadak garbitzeko.

        Debekatuta dago seinaleak jartzea.

        Harrizko galtzadetan, debekatuta dago landaketak, mozketak eta matarrasak egitea; hala ere, mozketa baimendu liteke, motzondoak eta sustraiak atera gabe, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada sustraiek kalteak eragiten dituztela galtzadan.

      2. Eraikuntza-jarduerak:

        Debekatuta dago eraikin berriak edo azpiegiturak egitea.

        Baimena eman ahal izango zaie lehendik dauden eraikinak zaharberritzeko, sendotzeko eta eraberritzeko jarduerei, bai eta interes kulturalik ez duten higiezinak eta/edo elementuak eraisteko edo desmuntatzeko jarduerei ere, baldin eta trazaduraren ondare-balioetan eragin negatiboa badute edo haren gaineko kutsadura bisuala eragiten badute.

        2. 12. artikuluan zehaztutako eragin-eremuan, zehaztapen hauek aplikatuko dira:

      1. Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:

        Debekatuta daude jarduera hauek: meatze-ustiapena, harrizko materialen erauzketa, harrobiak, eta lehergailuen erabilera eskatzen duen beste edozein jarduera.

        Harrizko galtzaden kasuan, aurreko debekua 50 m-ko distantziaraino hedatzen da, eta debekatuta dago harrobi berriak irekitzea 250 metro baino gutxiagora.

        Baimena eman ahal izango zaie zenbait jarduerari (lurrak mugitzea, luberritzea, egurra eta zura aprobetxatzea, seinaleak jartzea eta abar), baldin eta dagokion foru-aldundiko kultura departamentuaren berariazko baimena badute; salbuespen izango dira harrizko galtzadak, horietan debekatuta baitago landaketak, mozketak eta matarrasak egitea 10 metro baino gutxiagora.

      2. Eraikuntza-jarduerak:

        Baimena eman ahal izango zaie Donejakue Bidea eta bere ingurua kontserbatu, konpondu eta erabiltzeko azpiegiturak, zerbitzuak eta instalazioak egiteko jarduerei. Horretarako, berariazko baimena eskatuko zaio dagokion foru-aldundiko kultura departamentuari, eragindako inpaktuari eta Donejakue Bidea behar bezala leheneratzeko hartu beharreko neurriei buruzko proiektu osoarekin batera.

        Debekatuta dago oin berriko edozein jarduketa egitea, baita lehendik dagoen higiezin bat ordeztea edo berreraikitzea ere.

        Baimena eman ahal izango zaie lehendik dauden eraikinak zaharberritu, finkatu eta eraberritzeko jarduerei, baina ezin izango dira handitu.

        Baimena eman ahal izango zaie interes kulturalik ez duten higiezinak eta/edo elementuak eraisteko edo desmuntatzeko jarduerei, baldin eta trazaduraren ondare-balioetan eragin negatiboa badute edo haren gaineko kutsadura bisuala eragiten badute.

  2. Bide historikoetan, akabera-zoru biguna finkatu eta hobetu ahal izango da, zabalera mantenduz, soilik oinezkoen bidea izaten segi dezan.

  3. Harrizko galtzaden zoladuran (hiri-lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian edo lurzoru urbanizaezinean egonda ere), eraikuntzari dagozkion alderdiak kontserbatzeko eta lehengoratzeko jarduerak baino ez dira baimenduko, bai eta aldatutako zatien jatorrizko egoera lehengoratzeko jarduerak ere; zehazki, honako hauek:

    Harrizko taularen planoa lehengoratzea.

    Eraitsitako zatien berreraikitze filologikoa, material eta teknika berdinekin.

    Finkatze-jarduerak, berreskuratu ezin diren zatiak ordeztuz, eta elementuen materiala, posizioa edo kota aldatu gabe,

    Harrizko taula estaltzeko zoladura jartzea, bertatik errazago igarotzeko; betiere, galtzadaren egitura behar bezala babesteko beharrezkotzat jotzen bada eta erabat itzulgarria bada.

  1. Donejakue Bidearen trazadurari errepide publiko batek eusten badio, errepide hori hiru lurralde historikoetako foru-arauek ezarritako edozein mailatakoa izanda ere, aipatutako arauek ezarritakoa bete beharko da, babes-eremuei, baimendutako eta debekatutako erabilera eta jarduerei, eraikuntza-lerroei eta abarri dagokienez. Azpiegitura horien erreforma garrantzitsuetan, mantentze-lanez gain, oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurriak hartuko dira. Horretarako, bideekiko paraleloak izango diren bideak jarriko dira (oinezkoen bideak eta/edo bidegorriak), eta, beharrezkoa den lekuetan, pasabidea edo bidegurutzea konponduko da, betiere Donejakue Bidearen jarraitutasuna bermatuz.

  2. Kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoak eraberritze-proiektu horiei buruzko nahitaezko txosten loteslea egin beharko du.

Donejakue Bidearen trazadura hiri-lurzoruko edozein motatako bideren batetik igarotzen bada, ulertuko da bide hori bidearen zabalera osotik igarotzen dela. Dagokion udal-plangintzak ezartzen duena bete beharko da, eta bide hori ezin izango da kendu bide-aldaketa batengatik.

  1. Zehaztapen orokorrak:

    Donejakue Bideak hartzen duen espazioan, eta, hain zuzen ere, Donejakue Bidea 11. artikuluko d) apartatuko bide edo pistetatik doanean, oinezkoek, zikloturistek edo zaldizkoek izango dute lehentasuna, eta debekatuta egongo da motordun edozein ibilgailuren trafikoa, salbu eta, babes-araubide hau indarrean sartzen denean, bide-zati hori denean finka edo baserriren batera heltzeko bide bakarra, edo nekazaritzako eta basogintzako makinak direnean hara sartu beharrekoak. Azken kasu horretan, toki-administrazioek bermeak ezartzeko eskatu beharko dute, baimenak eman aurretik. Modu horretan, jardueraren eraginez zorua kaltetzen bada, konpondu egingo dela bermatuko dute.

    1. 12. artikuluan zehaztutako zortasun-eremurako, zehaztapen hauek aplikatuko dira:

    1. Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:

      Debekatuta daude jarduera hauek: meatze-ustiapena, harrizko materialen erauzketa eta harrobiak.

      Debekatuta dago lurra mugitzea, salbu eta hurrengo epigrafean baimendutako azpiegituren ondoriozkoak edo hirigintza-plangintzak baimendutako landaketen edo laboreen ondoriozkoak badira.

    2. Eraikuntza-jarduerak:

      Baimena eman ahal izango zaie azpiegiturak jartzeari eta zerbitzuak bideratzeari, eta, horretarako, baimena eskatu beharko zaio dagokion aldundiko kultura departamentuari, 13.1.2 b) artikuluan ezarritako baldintza berberetan.

      2. 12. artikuluan zehaztutako eragin-eremurako, zehaztapen hauek aplikatuko dira:

    1. Eraikuntzakoak ez diren jarduerak:

      Baimena eman ahal izango zaie zenbait jarduerari (lurrak mugitzea, luberritzea, egurra eta zura aprobetxatzea, seinaleak jartzea eta abar), baldin eta dagokion foru-aldundiko kultura departamentuaren berariazko baimena badute.

      Debekatuta dago meatze-ustiategi eta harrobi berriak irekitzea.

    2. Eraikuntza-jarduerak:

      Baimena eman ahal izango zaie Donejakue Bidea eta bere ingurua kontserbatu, konpondu eta erabiltzeko azpiegiturak, zerbitzuak eta instalazioak egiteko jarduerei. Horretarako, berariazko baimena eskatuko zaio dagokion foru-aldundiko kultura departamentuari, 13.1.2 b) artikuluan ezarritako baldintza berberetan.

      Debekatuta daude oin berriko jarduketak, ondoren adierazitakoak izan ezik, baldin eta kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoak baimentzen baditu:

      Lehendik dauden eraikinak handitzea edo horiei atxikitako eranskin berriak eraikitzea, betiere monumentu-multzoaren ondare-balioetan eragin negatiborik ez badute.

      Interes kulturalik gabeko higiezin bat ordeztea, betiere eraikin berria Donejakue Bidetik aparteago planteatzen bada.

      Baimena eman ahal izango zaie lehendik dauden eraikinak zaharberritu, finkatu eta eraberritzeko jarduerei.

      Baimena eman ahal izango zaie interes kulturalik ez duten higiezinak eta/edo elementuak eraisteko edo desmuntatzeko jarduerei, baldin eta trazaduraren ondare-balioetan eragin negatiboa badute edo haren gaineko kutsadura bisuala eragiten badute.

  2. Bidea edo pista mantentzeko eta zorua hobetzeko jarduketak onartuko dira.

Kapitulu honetan, Donejakue Bideari eragiten dion obra zibilaren gaineko eraikuntza-lanak arautzen dira, halakotzat hartuta IV. eranskineko 2.2 eta 2.3 zerrendetan babestutako zubien multzoa.

  1. Donejakue Bideko zubien balio arkitektoniko eta historiko-artistikoaren arabera, bi babes-maila bereizten dira: babes berezia eta oinarrizko babesa.

  2. Babes berezia.

    Termino horren barruan soilik sartzen dira itxura arkitektonikoa lehengoratzeko jarduerak eta aldatutako zatiak lehengoratzeko jarduerak, honako hauen bitartez:

    Zubiaren fabrika lehengoratzea.

    Eraitsitako edo botatako zatien berreraikitze filologikoa.

    Finkatze-jarduerak, berreskuratu ezin diren zatiak ordeztuz, eta ondorengo elementu hauen posizioa edo kota aldatu gabe:

    Profila.

    Arkuak.

    Zubi-brankak eta zutabeak.

    Taulak.

    Eranskin degradatzaileak eta azkenaldian egindako edozein obra kentzea, baldin eta interesik ez badute edo kontraste negatiboa egiten badute zubiaren ezaugarri arkitektonikoekin edo haren inguruarekin.

  3. Oinarrizko babesa.

    Kontzeptu honen barruan sartzen da, aurreko apartatuan deskribatutako jarduerez gain, honako hauek ahalbidetzen dituen babesa:

    Zubiaren fabrika lehengoratzea; horretarako, zubiaren zati batzuk aldatu ahal izango dira, betiere konposizioaren batasuna hautsi gabe eta balio estilistiko bereziko elementuak errespetatuta.

    Zubi-taulan jardutea, bidearen trafikoa optimizatzeko eta egokitzeko, horretarako hegalkin bat zabalduz.

Babes-araubide honen IV. eranskineko 2.2 zerrendan jasotakoak sartzen dira babes bereziko mailan.

Babes-araubide honen IV. eranskineko 2.3 zerrendan jasotakoak sartzen dira oinarrizko babes-mailan.