Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako (Gipuzkoa) Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 1
  • Hurrenkera-zk.: 5
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/25
  • Argitaratze-data: 2022/01/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko urtarrilaren 2ko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentua formulatu zuen, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 10. artikuluan (dekretu horrek planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura arautzen du) eta Ingurumen-ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa) 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, Donostiako Udalean 2021eko otsailaren 16an egindako Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman zion Planari. Halaber, Plana jendaurrean jarri zen, ingurumen-azterketa estrategikoarekin eta haren laburpen ez-teknikoarekin batera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2021eko martxoaren 9an, iragarki baten bidez, eta jendaurrean egon zen 45 egunez, eraginpean zeudenek egoki zeritzotena alegatu ahal izateko, haien interesen defentsan (GAO, 2021eko martxoaren 9koa, 45. zk.).

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa betetzeko, aurreko paragrafoan adierazitako egun berean, kontsulta egin zitzaien arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera aurretik kontsultatuak izan ziren ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta 45 eguneko epea eman zitzaien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

2021eko urriaren 19an, Donostiako Udalak, Planaren organo sustatzaileak, Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa emateko eskaera osatu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrean (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituzten: Plana behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Donostiako Udalak adierazi zuen alegazioak eta zenbait txosten jaso zituztela, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daudela jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharko zaie edozein administrazio publikok abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta horien aldaketei ere, baldin eta plan eta programa horiek egitea eta onartzea legezko edo erregelamenduzko xedapen batek eskatzen badu, artikulu honetan ezarritako eskakizunen bat betetzen badute, besteak beste, legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute, eta arlo hauei buruzkoak badira: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen antolamendua edo lurzoruaren erabilera.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Donostiako Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra) eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondoreetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Hiri Antolamenduko Plan Berezi honen helburua da «AÑ.03.1 Añorgako Geltokia» azpieremuaren antolamendu xehatua egitea. Indarrean dagoen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, «AÑ.03 Añorga Txiki» eremua mugatzen da, eta, haren barruan, «AÑ.03.1 Añorgako Geltokia» azpieremua, eta haren egiturazko hirigintza-antolamenduko araubidea zehazten da. «AÑ.03.1 Añorgako Geltokia» azpieremua hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago, 39.157 m2-ko azalerarekin, kalifikazio globalari dagokionez; lursail gehienak (32.265 m2) «A.30 Eraikuntza irekiko bizitegiko zona» tipologiako eremu global batean integratzen dira; gainerakoa (6.892 m2), berriz, «E.20 Trenbide-sistema orokorreko zona» tipologiako eremu batean.

    Planaren eremua Añorga auzoan dago, Donostia udalerrian, auzora sartzeko bidearen (Añorga hiribidea) eta Euskotrenen trenbideen artean (ekialdetik mugatzen du). Helburu nagusia Añorgako Geltokiaren hiri-berroneratzea da; gaur egun nagusiki ezarrita dauden industria-erabilerak ezabatzea eta horien ordez etxebizitza-erabilera ezartzea, eta, aldi berean, espazio libreak nahiz forma, neurri eta kokapen egokiko dotazioak sortzea. Hala, Añorga Txiki hirigunearen hiri-, ingurumen- eta paisaia-kalitatea hobetzea lortu nahi da. Hiri Antolamenduko Plan Bereziak finkatutako bizitegi-lurzatien muga doitzen du, eta haiek guztiak biltzeko, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotzen ez zen lurzati bateko 26 m2 jasotzen ditu. Ondorioz, esparruaren azalera 39.183 m2 izango da. Jarduketa-eremu horren azalera 27.048 m2-koa da; izan ere, ez ditu barne hartzen trenbide-sistema orokorraren lursailak, Añorga erreka dagoeneko gauzatuta dauden aire zabaleko tarteetan, ez eta, adierazitakoaren arabera, hiri-lurzoru finkatu gisa kategorizatzen diren gainerako lurzatiak ere (Añorga hiribidea, 1, 3 eta 5).

    Hauek dira egin nahi diren jarduketak:

    Ekipamendu berriak antolatzea edo daudenak handitzea, eta espazio libreak ezartzea.

    Zuzkidura publiko berriak antolatzea (plaza, espazio libreak, tokiko ekipamenduak...).

    Amasorrain ikastola sendotzea eta anplifikatzea.

    Añorgako tren-geltokia planteatutako garapen urbanistikoan integratzea, baita Añorga Txikiko herrigunean ere.

    Lehendik dauden eraikinak eraistea, Amasorrain ikastola eta Añorga hiribideko 1, 3 eta 5 zenbakietako lurzatietan dauden hirurak izan ezik.

    2010eko HAPOn aurreikusitako hirigintza-garapena eta, zehazki, aurreikusitako eraikigarritasuna antolatzea, baldintza hauetan: 250 etxebizitza inguru ezartzea guztira, 25.000 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin. Horietatik 4.181 m2(t) gizarte-babeseko etxebizitzen araubideari atxikitzen zaizkio (erregimen orokorreko BOE), eta beste 4.180 m2(t) babes tasatuko etxebizitzei; gainerakoa, 16.639 m2(t), sustapen libreko etxebizitzetara bideratuko da. Halaber, 2.500 m2(t)-ko eraikigarritasun tertziarioa proposatzen da.

    Gaur egun lurpean dagoen Añorgako errekaren zatia (195 m inguru) aire zabalera ateratzea, estali gabeko tarteen muturrak elkartuz eta Euskotrenen linearekiko nahikoa paraleloa den trazadura batekin.

    Garapen urbanistikoa Añorga hiribidearen eta Añorga errekaren artean dagoen hiri-lurzoru finkatugabean egingo da jarduketa integratuko eremua, 27.048 m2-ko azalera.

    Hauek dira Planaren eremuaren ezaugarri eta baldintzatzailerik adierazgarrienak:

    Gaur egun, Añorgako Geltokia azpiesparruan honako hauek daude: Amasorrain ikastola, erabilera partzialen bat duten bi industria-eraikin, etxebizitza kolektiboen eraikin txiki bat eta familia bakarreko bi etxez osatutako multzo bat, jarduera ekonomikoetarako (merkataritza, lantegia eta abar) instalazioekin osatuta.

    Añorga erreka zati batean lurperatuta dago (200 m2), azpieremutik igarotzen denean. Aipatutako ibilguaren zati irekia eremu horretan 2011-2012 urteetan Euskotrenen trenbidea hobetzeko eta birmoldatzeko egin ziren lanen testuinguruan gauzatu zen. Bertan daude, halaber, Euskotrenen trenbideko Añorgako geltokia, aipatu urteetan birmoldatu zena eta azpieremuari izena ematen diona.

    Bertan dagoen landaredia hau da: eremuaren hego-mendebaldeko muturrean dagoen hostozabal eta baratze masa bat eta eraikina duten lurzatietako lorategi-zonak. Azaleraren ia erdia eraikuntza eta eremu asfaltatuekin dago okupatuta.

    Eremuan kutsatuta egon litezkeen industria-erabilerako lurzorutzat jotzen diren bi kokaleku jasotzen dira; horietako bat bere garaian Miko eta Firestone enpresei loturik zeuden lurzatiei dagokie kodea: 20069-00265 (3.406 m2); eta, bestea, azpieremuaren iparraldeko muturrean zegoen tailer mekaniko bati kodea: 20069-00264 (175 m2).

    Donostiako Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, Añorgako Geltokia eremuaren inguruan eguneko zarata-maila osoa 75 eta 55 dB(A) artekoa izango litzateke. Mailarik altuenak bideen inguru hurbilenean daude, eta eraikin berriak kokatuko diren lurzatietan, berriz, 65 dB(A)-tik beherakoak dira. Gauean, eremuaren zatirik handienean 50-60 dB(A) bitartekoa da, eta 60-65 dB(A) bitartekoa, zona jakin batzuetan (bideetatik gertu). Halaber, hego-mendebaldeko Babes Akustiko Bereziko Eremuaren (BABE) barnean dago eremu hori.

    Eraikin berriak Euskotrenen trenbidetik 75 metro baino gutxiagora daude. Aurkeztutako bibrazioen azterlanaren arabera, Planean jasotako etorkizuneko etxebizitzek lursailaren kotan duten bibrazio-mailak ez ditu gainditzen eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen kalitate akustikoko helburuak.

    Proposameneko inpaktu nagusiak obrak gauzatzearen ondoriozkoak dira; horien artean nabarmentze dira Añorga erreka eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak. Ez dira inpaktu potentzialak aintzat hartzen, hala nola naturagune babestuen edo arkeologia- eta arkitektura-ondarearen gaineko eragina, ez delako elementu horietako bat bera ere hauteman azpieremuan. Halaber, eremuak ez du uholde-arriskurik edo akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasunik. Higadura-arriskua ez da aintzat hartu, RUSLE ereduaren bitartez muturreko higadura-prozesuak dituen eremutzat kartografiatutako eremuari (gaur egun ez dago higadura-ebidentziarik, begi hutsez) ez zaiolako eragingo Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagozkion jarduketetan.

    Ustiapen-fasean, inpaktu nagusia etxebizitzen kopurua handitzeak eragiten du, eta erabilera dotazional eta tertziario berriek erabiltzaile eta egoiliarren joan-etorria ekarriko dute; beraz, zarata-mailak eta atmosferara egiten diren partikulen emisioak gaur egungoak baino handiagoak izango dira inguru horretan. Kanpoko zarataren etorkizuneko egoera akustikoa ez da ona aztertutako hiru aldietarako (eguna, arratsaldea eta gaua), eta gainditzeak gertatuko dira Añorga hiribideak daukan trafikoaren ondorioz. Ekialdetik, eta trenbideari loturik, gainditzen dira mailak, halaber, baina etorkizuneko eraikinak ukitu gabe. Etorkizuneko egoerako fatxadako zaratari dagokionez, lortutako emaitzek adierazten duten egoera akustikoa ontzat jo daiteke eguneko eta arratsaldeko tarteetan. Hala ere, gauean, gainditze txikiak gertatzen dira Añorga hiribidearekin mugakide den fatxadako beheko solairuetan.

    Bibrazioei dagokienez, aurkeztutako bibrazio-azterlanaren arabera, ondorioztatzen da etorkizuneko etxebizitzek lursailaren kotan duten bibrazio-mailak ez dituela gainditzen eraikinen barruan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak.

  2. Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2021eko urtarrilaren 2ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

    Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, irizten zaio behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapideetan adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

    Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, Planetik eratorritako jarduketak gauzatzean proposamen zehatzak aztertu beharko dira, eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak jorratu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan zehaztutako neurriak ezarriko dira, eta horiei honako hauek gehitu beharko zaizkie:

    1. Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

    Planeko jarduketek lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan behar dute. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Hala ere, kokagune horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrik egonez gero, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitate-adierazpenik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori, edo, horrelako programarik ezean, kokalekua barne hartzen duen kudeaketa-eremuko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

    2. Uholde-arriskuak murrizteko neurriak.

    Urbanizazio-proiektuak azterlan hidrauliko bat izan beharko du, proposatutako ubideratzearen nahikotasun hidraulikoa aztertu eta justifikatzen duena.

    Jabari publiko hidraulikoari edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta garbitasun-eremuak) eragin diezaiokeen edozein jarduketak arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko du. Organismo horretan aztertuko dira bereziki lanen ezaugarriak eta eraginak eta, hala badagokio, dagozkion aginduak eta betekizunak ezarriko dira.

    3. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

    Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).

    4. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Bat etorriz Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako gainerako xedapenekin, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

    5. Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Bibrazioei dagokienez, eraikinen zimendatzea bibrazioaren sorburura hurbilduko direnez, beste azterketa bat egin beharko da eraikinen zimendu-kotan, eraikinen barrualdeari aplika dakizkiokeen kalitate akustikoko helburuak gainditzen ez direla egiaztatzeko. Gainditzeak gertatuz gero, neurri zuzentzaile egokiak ezarri beharko dira.

    6. Lurraldeko paisaia leheneratzeko neurriak.

    Añorgako erreka ekologikoki leheneratzeko, bioingeniaritzako teknikak erabiltzea proposatuko da, estali gabeko erreka-zatiaren ertzak babesteko eta berriro landareztatzeko. Berriro landareztatzeko proiektu hori eremua urbanizatzeko proiektuaren barruan sartu beharko da.

    Era berean, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz berriro landareztatzeko lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

    Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo bestelakoak). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurraren kudeaketa bereizia proposatuko da.

    Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20 b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

    7. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan» (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

  5. Ingurumen-jarraipeneko plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparruko proiektuen obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzen da, Donostiako Añ.03.1 Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 25a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik