Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Oiartzungo ELI-1A Elizalde eremuko Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3063
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/09
  • Argitaratze-data: 2020/07/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko otsailaren 11n, Oiartzungo Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion ELI-1A Elizalde eremuko Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Oiartzungo ELI-1A Elizalde eremuko Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Oiartzungo ELI-1A Elizalde eremuko Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    ELI-1A Eremua Eraberritzeko Plan Berezia (aurrerantzean, EPB), indarrean dena, 1998ko apirilaren 7an onetsi zen. Indarrean den Oiartzungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO), 2015ean onetsi zen behin betiko, eta nabarmen aldatu zuen ELI-1A eremuaren mugaketa.

    ELI-1A Elizalde eremuko Birgaitze Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) aldatzearen helburua eremu horren mugaketa indarrean dagoen HAPOan ezarritakora egokitzea da. Aldaketa horren ondorioz, 1998ko EPBaren lurzati batzuk atera ziren eremutik, eta gainera, eremu handi bat Arraskuelarre kaleari eta hark Aialde kalean duen jarraipenari dagokiona sartu zen hego-ekialdeko muturrean. Gainera, 2015eko HAPOaren ELI-1A azpieremuan bildu gabeko 313 m2-ko lurzati bat gehitu da EPBra, Mendiburu kaleko 14. zenbakian dagoen eraikinari dagokiona (egungo Gazte Izanak erretiratuen elkartea). Bertan, ekipamendu publiko balioaniztun bat eraikitzea aurreikusten da, Udalaren 2019ko uztailaren 16ko Osoko Bilkurak onartutako eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2019ko uztailaren 19an argitaratutako lurzati horren Xehetasun Azterketan aurreikusitakoari jarraikiz.

    Laburbilduz, Planaren ondoriozko azalerak 1998ko EPBaren 29.338 m2-ak hartzen ditu; azalera horri 4.047 m2 kendu behar zaizkio, ELI-1A eremutik kanpo baitaude, indarreko HAPOaren arabera, eta halaber, beste 6.723 m2 gehitu behar zaizkio, ELI-1A eremuak horiek ere barne hartzen baititu, HAPO horren arabera, baita Mendiburu kaleko 14. zenbakiko lurzatiaren 313 m2-ak ere. Horrek esan nahi du 32.064 m2-ko azalera duela guztira EPB berriak.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak 1998ko EPBaren eremuaren mugak aldatzen ditu, hori baino ez, indarrean dagoen hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak biltze aldera. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planak indarreko hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak garatzen ditu, eremuaren mugei eta antolamendu xehatuari dagokienez hartutako zehaztapenak txertatuz, bai 2015eko HAPOan, bai Mendiburu kaleko 14.eko lurzatiaren 2019ko Xehetasun Azterketan. Planak ez du eraginik beste plan batzuetan, ziur aski eraikuntza- eta birgaitze-proiektuen bidez garatuko baita.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Planak Mendiburu kaleko 14. zenbakiko eraikina birgaitzeko eta ordezteko jarduketak aurreikusten ditu, erabilera anitzeko ekipamendu komunitario bat eraiki nahi baita bertan, lurzati horren 2019ko Xehetasun Azterketan aurreikusita dagoen bezala. Ildo horretan, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, batez ere erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez, eta horrek energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoa eragingo du, baita kanpoko zarataren aurkako isolamendu hobea izatea eta eraikinak Oiartzungo Alde Zaharrean estetikoki integratzea ere.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren ingurumen-ondorio aipagarrienak hauekin lotuta daude: Mendiguren kaleko 14. zenbakiko eraikina tokiko arkitektura-interesa duena eraisteko obrak, lurzatia urbanizatzea eta erabilera anitzeko ekipamendua izango duen eraikina eraikitzea. Aurrekoa gorabehera, Planaren ingurumen-ondorioen balorazioa indarreko plangintzan aurreikusitako egoerari dagokionez egin behar da, eta deskribatutako ekintzak aurreikusita daude ELI-1A Elizalde eremuaren eta Mendiguren kaleko 14. zenbakiko lurzatiaren antolamendu orokor eta xehatuan, hurrenez hurren.

      5. Plana egokia ote den ingurumenaren arloko Batasuneko edo Espainiako estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo Espainiako estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari berotegi-efektuko gasak eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitateari dagokienez.

    2. Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      ELI-1A Elizalde eremua Oiartzungo Alde Zaharrean dago; Oiartzungo Alde Zaharra Osoan Oneratzeko Eremu gisa dagon aitortua, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1999ko abenduaren 27ko Aginduaren bidez. Eremu horretan, balio handiko ondare- eta kultura-elementuak eta balio horiek areagotzen dituzten lorategi-eremuak dira nabarmentzekoak, eta estetika- eta ornamentazio-interes handiko multzo bat osatzen dute horiek guztiek.

      Gainerakoan, hiriguneak ez du bestelako ingurumen-ezaugarri garrantzitsurik, lorategi-gainazaletatik eta hiri-zuhaitz apaingarrien lerrokaduretatik harago. Eremua ez dago ezein naturagune babestutan, eta ez du ezaugarri garrantzitsurik natura-ondarearen, geologiaren eta hidrologiaren ikuspegitik. Eta ez da antzeman ingurumen-arrisku edo -arazo nabarmengarririk inguru horretan.

      Planaren xedeko eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo izaten jarraitzen duten lurzoruen inbentarioan bildutako bi lurzati daude. Eremuaren mugak berriz zehazteagatik lurzati horiek ez dute eraginik izango, ezta Mendiburu kaleko 14. zenbakian aurreikusitako jarduketarengatik edo Aialde kaleko birgaitze-jarduketarengatik ere.

      Planaren ondoriozko jarduketek ez dute eraginik inbentarioan bildutako eta haren ondare-balioagatik babestutako ezein elementutan. Mendiburu etxea 14 (Gazte Izanak erretiratuen elkartea) eta Ibargain eraikina, Aialde kaleko 8. zenbakian, udalerrian babestu beharreko ondasun gisa proposatutakoen artean daude. 2019an dagokion xehetasun-azterketa onartuta, Udalaren Osoko Bilkurak erabaki zuen Mendiburu kaleko 14. zenbakiko eraikinaren ordez kultura-ekipamendu balioaniztun bat instalatzea. Aialde kaleko 8. zenbakiko eraikinari dagokionez, indarrean dagoen plangintzak jada aurreikusten du eraikina birgaitzea.

      Inpaktu akustikoari buruzko azterlanean lortutako emaitzen arabera, egungo mailek betetzen dituzte araudian a) motako eremu akustikoetarako edo nagusiki bizitegi-erabilerarako diren lurraldeko sektoreetarako ezarritako kalitate-helburuak.

      Honenbestez, Planean proposatutako jarduketek ez dute handituko izan litezkeen ondorioen larritasuna; hau da, indarreko hirigintza-antolamenduan aurreikusitakoarekin bat datoz. Ondorio horiek Planaren xede diren eremu berrietan eraikinak birgaitzeko obrei eta planteatzen den ekipamendu publikoko eraikinerako obrei (Mendiburu kalea, 14. zenbakia) lotutakoak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, nahiz eta aldi baterako eta obra-faseak dirauen bitartean baino ez den izango.

      Ondorioz, Planak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ELI-1A Elizalde eremuko Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Ildo horretan, Plana gauzatzeko proiektuek honako neurri hauek hartuko dituzte:

      1. Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      2. Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      3. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      4. Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, ere.

      5. Oiartzungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      6. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

        Eguneko lan-ordutegian egin beharko dira obrak.

      7. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

      8. Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

      9. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea. Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea. Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea. Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak aurrekoen aurkakoak ez direnak hartzen badira, ez da aurreikusten Oiartzungo ELI-1A Elizalde eremuari Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Oiartzungo Udalari.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Oiartzungo ELI-1A Elizalde eremuari Birgaitze Plan Bereziaren Aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 9a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik