Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3062
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/08
  • Argitaratze-data: 2020/07/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 22an, Aguraingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola plan bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Aguraingo Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, eduki honekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan Berezia Aguraingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako arau-esparruaren mende idatzi da.

    Plan Bereziaren jarduera-esparrua hiri-lurzoru finkatua da, eta Aguraingo hirigunearen ipar-mendebaldean dago kokatuta, San Jorge Auzoan, inguru urbanizatu eta antropizatuan. Eremuko lursailetan, okupazio-maila desberdineko eraikinak daude, bizitegi-erabilerakoak, eta nekazaritza-ustiapenak, baita espazio librea ere, baratzetarako, soroetarako, etab.

    Plan Bereziak San Jorge 5. HEE eremuaren antolamendu xehatua zehazten du. 20.735 m2-ko eremua da.

    Hiri-trazadura antolatu, eta egungo eraikinak ugarituko dira: aparkalekuak sortuko dira (gutxienez 21 plazatakoak), erabilera publikoko espazioak eratuko dira, etxebizitza berriak sortuko dira nekazaritza-erabilera zuten eraikin zaharretan (gehienez 25), zoladura hobetuko da, espaloiak zabalduko dira, etab.

  2. Proposatutako Plan Bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak.

      Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, Plan Bereziak San Jorge 5. HEE eremuaren antolamendu xehatu hau proposatzen du: hiri-trazadura antolatzea, urbanizazioa hobetzea, etxebizitza eta aparkaleku berriak, eta erabilera publikoko espazio berriak sortzea, etab.

      Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      Plan Bereziarekin ez da lurzoru artifizialdu gaberik okupatuko, eta ez da hauteman bateraezintasunik aipatu planaren eta hierarkian gorago duenaren artean.

    2. Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Lurzorua erabat urbanizatu eta antropizatuta duen Agurain udalerriko lurzati bat da.

      Eremuan ez dago natura-balio nabarmenik, ezta natura-intereseko elementurik ere. Ez da hauteman interes geologikoko punturik, ez ibilgurik, ezta ur-punturik ere. Lur-eremuak akuiferoaren kutsadurarekiko kalteberatasun-maila txikia/oso txikia du. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik, naturagune babesturik eta euskal autonomia-erkidegoko korridore ekologikoaren sareko elementurik. Uholde-arriskurik ere ez da hauteman, ezta lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak dauden edo egon diren lurzorurik ere.

      Kultur ikuspegitik, lurzatiaren ekialdeak Aguraingo Alde Zaharreko Eremu Arkeologikoarekin egiten du muga; gainera, planaren eremuan tokiko interesa duen arkitektura-elementu bat dago, hirigintza-antolamenduaren arabera, babestu beharrekoa dena: Aguraingo probalekua (Arriaga auzoa), balio etnologikoagatik.

      Era berean, espedientean jasotako txostenen arabera, Plan Bereziaren esparrutik hurbil, galtzara erromatarraren balizko ibilbidea legoke.

      Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

      Eremuari eragiten dion zarata-iturria hiri barneko eta inguruetako errepideetako zirkulazioa da. Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, egiaztatu da egungo egoeran bete egiten direla kanpoalderako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak; etorkizunean, bete egingo dira, aurreikuspenen arabera, salbu eta egun nekazaritza-erabilera duen eta etorkizunean bizitegi-erabilera izango duen eraikinaren fatxadetako batean (arratsaldez, 1 dB-tan (A) gaindituko dira; gauez, 2 dB-tan (A)).

      Beraz, planaren esparruan, erabat hiritarra izanik, inpaktu nagusiak obra-fasetik eratorriko dira (zoladura hobetzea, eraikin berriaren egokitzapena, giza habitataren kalitatea okertzea, hondakinak sortzea, makinen joan-etorriak, emisio atmosferikoen eta akustikoen ondoriozko eragozpenak, etab.), eta kalitate akustikoaren helburuak ez betetzetik.

      Azkenik, ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta aldaketa puntualaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa, baita kultura-ondareari, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei eta zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      1. Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburua osatzea gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduta, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      2. Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      3. Aguraingo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      4. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

        Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      5. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

      6. Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      7. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntza jasangarriaren gida» argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea. Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea. Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea. Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      8. Kultura-ondarearen babesa: Euskal Kultura Ondarearen Legean (maiatzaren 9ko 6/2019) ezarritakoa eta arloan eskumena duen organoak erabaki dezakeena gorabehera:

        Aguraingo probalekuari hirigintza-antolamenduan tokiko babes-maila ematea gomendatzen da, balio etnologikoagatik. Planaren esparrutik lihoake balizko galtzada erromatarra; eraginik nozitu lezakeela uste bada, zundaketa arkeologikoak egin beharko dira obren hasieran.

        Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Aguraingo Udalari.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Agurain udalerriko (Araba) San Jorge 5. HEEren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 8a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik