Arautegia

Inprimatu

8/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Deustuko Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal enplegu zerbitzu publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena aldatzeko eta luzatzeko Adenda, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 20
  • Hurrenkera-zk.: 483
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2023/01/20
  • Argitaratze-data: 2023/01/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Instituzional; Informazio etak komunikazioak; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du aipatutako gehigarri hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 13a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, José María Guibert Ucín S.J. jauna, Deustuko Unibertsitateko errektorea, 2013ko maiatzaren 27an izendatua, haren izenean eta hura ordezkatuz. Erakundearen helbidea: Unibertsitate etorbidea 24, 48007 Bilbao; IFK: R4868004E.

Eta bestetik, Idoia Mendia Cueva, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea eta legezko ordezkaria, erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bi aldeek, dagokien ordezkaritza baliatuz, obligazioak hartzeko eta hitzarmenak egiteko ahalmena aitortzen diote elkarri, eta

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. 2018ko abenduaren 19an, aldeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko dena (2019ko apirilaren 25eko EHAA).

Hitzarmen horren xedea da informazio-sistema bat ezartzea, inkestak oinarri hartuta horretarako, Deustuko Unibertsitateko egresatuak lan-munduan txertatzeak eta lan-merkatura igarotzeak dituen ezaugarriak identifikatu ahal izateko eta haien kualifikaziorako eta enplegagarritasunerako hezkuntza- zein enplegu-politikak garatu ahal izateko.

Bigarrena. Hitzarmenaren 8. klausularen arabera, hitzarmenaren indarraldia 2022ko abenduaren 19ra arte luzatuko da, eta urtero luzatu ahal izango da, indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek hala adosten badute, gehienez ere beste 4 urtez.

Bi erakundeek hala adostuta, hitzarmenaren edukiaren zati bat aldatzea eta indarraldia beste 4 urtez luzatzea erabaki da.

Hori horrela, bi aldeek

ADOSTEN DUTE:

Lehenengoa. Hitzarmenaren edukia aldatzea:

  1. Aldatu egin da bigarren klausularen bigarren paragrafoa Garatu beharreko jarduera, eta unibertsitateko graduondoko tituludunei inkesta bat gehitu zaio. Honela geratuko da idatzita:

    Lankidetza-hitzarmen honen esparruan, honako jarduera hauek garatuko dira:

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak urtero egingo die laneratzeari buruzko inkesta bat Deustuko Unibertsitatean gradu eta graduondoko titulua eskuratu dutenei; lehenbiziko inkesta ikasketak 2015ean amaitu dituztenei egingo die.

    Era berean, Deustuko Unibertsitatean graduondoko tilulua (master ofizialak) atera dutenei lan-munduratzeari buruzko inkesta bat egingo die urtero, ikasketak 2019an amaitu zituztenekin hasita.

  2. Aldatu egin da bigarren klausulako «Faseak eta epeak» izeneko ataleko 5. puntua, garatu beharreko jarduerari buruzkoa, eta honela geratuko da idatzita:

    1. Hedapena. Ezinbestekoa da egindako lanari merezi duen balioa ematea eta azterketaren emaitzak gizarteari helaraztea. Horretarako, hona hemen jarduerak:

      Alderdiek konpromisoa hartzen dute emaitzak jaso eta hurrengo hamabost egunetan ez argitaratzeko.

      Lanbidek, datuak lortu ondoren, emaitza nagusiak zabaltzeko eta argitaratzeko modua ezarriko du, Deustuko Unibertsitatearekin kontsultatu ondoren.

      Txostenak jaso ondorengo epea igarota, inplikatutako alderdiek emaitzak argitaratu ahal izango dituzte, egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak azterlanaren datu garrantzitsuenak aurkeztuko dizkio Deustuko Unibertsitateari, hark eskatuz gero.

  3. Aldatu egin da hitzarmenaren iraupenari buruzko klausula, zortzigarrena, eta ezabatu egin da «urtebetez» hitza. Honela geratuko da idatzita:

    Hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du hasieran, sinatzen den egunetik hasita.

    Indarraldia amaitu aurreko edozein unetan, aldeek aho batez adostu ahalko dute hura gehienez beste lau urtez luzatzea, edo hitzarmena azkentzea.

    Hitzarmenaren gainerako klausulak ez dira aldatu.

    Bigarrena. Deustuko Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren iraupena 4 urtez luzatzea, unibertsitateko egresatuak lan-merkatuan sartzeak dituen ezaugarriei buruzko informazio-sistema bat garatzeko eta haiei begirako hezkuntza- eta enplegu-politikak garatzeko dena.

    Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak luzapen honek.

    Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, bertaratuek Adenda honen bi ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

    Deustuko Unibertsitatearen izenean,

    Deustuko Unibertsitateko errektorea,

    JOSÉ MARÍA GUIBERT UCÍN.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik,

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko lehendakaria,

    IDOIA MENDIA CUEVA.