Arautegia

Inprimatu

72/2022 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea energia sortzeko proiektu jakin batzuk ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduretatik salbuesteko erabakia, presako neurria baita Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 167
  • Hurrenkera-zk.: 3787
  • Xedapen-zk.: 72
  • Xedapen-data: 2022/08/03
  • Argitaratze-data: 2022/08/31

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2022ko uztailaren 26ko bilkuran, energia sortzeko proiektu jakin batzuk ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduretatik salbuesteko erabakia onartu du, presako neurria delako Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan. Horrenbestez, erabaki horri eman behar zaion publizitatea emateko, honako hau

2022ko martxoaren 30ean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretua, zeinaz Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen baitira. Diputatuen Kongresuaren 2022ko apirilaren 28ko Ebazpenaren bidez, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretua baliozkotzeko erabakia argitaratzeko agindua eman zen. Ebazpen hori 2022ko maiatzaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Ondoren, ekainaren 25eko 11/2022 Errege Lege Dekretuak aldatu du arau hori. Errege lege-dekretu horrek hainbat neurri hartzen eta luzatzen ditu, gerrak Ukrainan dituen ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko eta La Palma uharteko suspertze ekonomiko eta sozialerako (2022ko ekainaren 26ko BOE, 152. zk.). Zehazki, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluaren 1. apartatuko c) letra eta 3. apartatuko e) letra aldatu dira.

Errege lege-dekretu horren azalpen-zatian jasotakoaren arabera, Errusiak Ukraina inbaditu izanak ondorio garrantzitsuak eragin ditu arlo guztietan, bai ikuspuntu humanitariotik, bai ikuspegi ekonomiko eta sozialetik; izan ere, errefuxiatuen desplazamenduarekin batera, areagotu egin da Europako ekonomia 2021eko udaz geroztik jasaten ari den eskaintza-talka, gas naturalaren prezioaren igoeraren ondorioz, eta, gainera, ziurgabetasun handia dago haren iraupenari eta intentsitateari dagokienez.

Esparru horretan, gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, Gobernuak bultzatzen duen trantsizio energetikoaren arloko epe ertain eta luzeko ekintza azkartuko duten neurriekin eta epe motzeko neurri eraginkorrekin, bereziki Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatuz, Gobernuak plan nazional bat bultzatzea erabaki du, neurri arauemaileak eta ez-arauemaileak barne hartzen dituena.

Energia berriztagarrien proiektuak arintzeko neurriak jasotzen ditu arauak, deskarbonizazioa bizkortzeko eta mendekotasun energetikoa murrizteko. Hala, ingurumen-eragina zehazteko aldi baterako prozedura bat ezartzen du energia berriztagarrien proiektuetarako, Estatuaren eskumen-eremuan aplikatzekoa, eta autonomia-erkidegoek ere aplikatu ahal izango dute, beren eskumen-eremuan.

Erreferentziako Errege Lege Dekretuan aurreikusitako prozedurari men egiteko, proiektuek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte, hala nola 75 MW-ko edo gutxiagoko potentzia instalatua duten proiektu eolikoak eta 150 MW-ko edo gutxiagoko potentzia instalatua duten eguzki-energia fotovoltaikoko proiektuak izan behar dute, ez dute egon behar itsas ingurunean edo Natura 2000 Sarea osatzen duten azaleretan kokatuta eta sentsibilitate baxuko eremuetan kokatuta egon behar dute osoki, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako «Energia berriztagarriak ezartzeko ingurumen-zonakatzea» delakoaren arabera. Era berean, ebakuazioko aire-lineak ez dira barne hartu behar Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren g) ataleko 3. taldean. Baimen-eskaera organo substantiboan aurkeztuko da 2024ko abenduaren 31 baino lehen.

Martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6.6 artikuluak adierazten duenez, «artikulu honetan araututako prozedura ez da oinarrizkoa, eta, beraz, Estatuko Administrazio Orokorrari eta haren organismo publikoei baino ez zaie aplikatuko. Hala ere, autonomia-erkidegoek, beren eskumen-eremuan, artikulu honetan xedatutakoa 1. apartatuan aipatutako proiektuetarako soilik aplikatu ahal izango dute».

Euskadi aitzindaria da garapen jasangarriarekiko konpromisoan, ingurumenarekiko errespetuan eta klima-aldaketaren aurkako estrategian. Erakunde publikoek bultzatutako ekimenek izaera globaleko helburu horrekin kontzientziatuta eta konprometituta dagoen euskal gizartearen babesa eta laguntza izan dute beti.

Eusko Jaurlaritzak, 2015. urtean, Euskadiko klima-aldaketaren estrategia «Klima 2050» onartu zuen, bai eta 2030erako Energia Estrategia ere, 2016ko uztailean, eta isuriak murrizteko nazioarteko politikak eta trantsizio energetikoari buruzkoak arautzen dituen erantzukizun partekatuaren printzipioa bereganatu zuen.

2030erako Euskadiko Energia Estrategiak (3E2030) zehazten ditu Eusko Jaurlaritzak 2030erako energia-politikaren arloan dituen helburuak eta oinarrizko jarduera-ildoak, eta aurreikusten du instalatutako egungo potentzia eolikoa 153 MW-tik 783 MW-ra eta eguzki-potentzia fotovoltaikoa 60,4 MW-tik 293 MW-ra handitzea.

Eusko Jaurlaritzak, 2019ko uztailaren 30ean, bat egin du mundu osoko erakunde politiko, sozial eta akademikoekin, eta klima- eta ingurumen-larrialdiaren adierazpen formala egin du, lurraldea neutroa izateko karbonoari dagokionez, trantsizio justu batek ahalbidetzen duen bezain laster, eta, edonola ere, 2050. urtea baino lehen, bai eta klima-larrialdiaren aurrean erresilienteagoa izango den lurralde eta gizarte bat lortzeko ere.

Trantsizio global horretan murgilduta gaude, eta, aldi berean, politika industrial, fiskal, energetiko eta ikerketa- eta berrikuntza-politika bat eskatzen dugu, lagungarri eta pizgarri izango dena. Badakigu garraio-sistemak erabat egokitu behar direla, hiri- eta lurralde-konfigurazioko dinamikak, baliabideen kudeaketa, industria- edo nekazaritza-ekoizpeneko ereduak edo ekonomia zirkularraren aldeko apustua.

Hala jasotzen da Euskadin izapidetzen ari den klima-aldaketari buruzko lege-aurreproiektuan, zeinak, 1. artikuluaren arabera, «2050. urterako karbono-ekonomia erresiliente eta neutroan aurrera egitea» baitu helburu.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko araudiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan ezarritako eskumena erabiliz, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea onartu zen.

Arauaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumena babestu, zaindu eta hobetzeko arau-esparrua ezartzea, pertsona fisiko eta juridikoen eskubideak eta betebeharrak zehaztuz, besteak beste, honako helburu hauek lortzeko:

  1. Ingurumen-presio eta -arriskuen aurrean herritarrak babestea.

  2. Ingurumena babestea, narriadurari aurrea hartzea eta kaltetutako lekuan lehengoratzea.

  3. Baliabideak eraginkortasunez kudeatzea, ekonomia jasangarria, zirkularra eta hipokarbonikoa sustatuz.

  4. Anbizio handiko berotegi-efektuko gasak murrizteko neurriak ezartzea, Parisko Akordioa eta klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzko beste xedapen batzuk betetzeko.

  5. Erantzukidetasun publiko-pribatua bultzatzea ingurumena babestean.

  6. Ingurumen-administrazioaren funtzionamendua bizkortzea, administrazio-prozedurak sinplifikatuz eta bateratuz, eta ingurumenean eragina duten jardueretan esku hartzeko teknikak arautzea, bertan ezarritako baldintzak eta eskakizunak integratuz.

    Arau horrek berak, V. tituluan, ingurumen-ebaluazioari buruzkoan, legearen II. eranskinean jasotako plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioaren araubidea eguneratzen du, ingurumen-alderdiak horiek egitean, onartzean edo baimentzean integratzeko, ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak hautatuz eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko mota guztietako neurriak ezarriz.

    Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluan jasotakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaie II.D eranskineko proiektu publiko edo pribatuei, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua, aldiz, II.E eranskineko proiektu publiko edo pribatuei.

    Bestalde, xedapen beraren 67. artikuluak honako hau ezartzen du:

    1. Salbuespenezko kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak salbuetsi egin ahal izango du, akordio arrazoitu bidez, lege honetan araututako ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura aplikatzeko II. eranskinean jasotako proiekturen bat. Kasu horietan, salbuetsitako proiektua lege honen printzipio eta helburuak betetzen dituen beste modu bateko ebaluazio baten mende jartzearen komenigarritasuna aztertuko da. Erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Europako Batzordeari jakinaraziko zaio.

    2. Horrez gain, jendaurrean jarriko da baztertzeko erabakiari buruzko informazioa eta hori justifikatzen duten arrazoiak, bai eta baztertutako proiektua ebaluatzeko beste modu batzuei buruzko azterketa ere.

    3. Artikulu honetan araututako baztertzeko aukerek ez dituzte proiektuak salbuetsiko haiek Natura 2000 Sareko guneen gainean izan ditzaketen eraginen ebaluaziotik, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluan eskatu bezala.

    Horrenbestez, autonomia-erkidegoko araudiak aukera ematen du proiektu jakin batzuk abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura aplikatzetik salbuesteko.

    Hala ere, salbuespen horrek ez du esan nahi proiektu horien gaineko erabateko kontrolik ez dagoenik, arauak mekanismo alternatibo bat ezartzea komeni den aztertzea aurreikusten baitu.

    Aztertzen ari garen kasuan, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluko aurreikuspenak aplikatu beharko lirateke autonomia-erkidegoaren eremuan (6/2022 Errege Lege Dekretua, zeinaz Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen baitira); horrela, artikulu horretan jasotako baldintzak betetzen dituzten proiektuei baino ez zaie aplikatuko, eta, betiere, bertan ezarritako prozedura bete beharko dute.

    Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, nahitaezko txostenak bildu eta eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

    ERABAKIA

    Lehenengoa. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean araututako ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arruntetik salbuestea, presako neurri gisa, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan eta erabaki honen hirugarren apartatuan jasotako baldintzekin, honako proiektu hauek, baldin eta proiektu horiek baimentzea eta ingurumen-ebaluazioa egitea Euskal Autonomia Erkidegoari badagokio:

    3.j. 5 haize sorgailu edo gehiago, guztira 10 MW-ko potentzia edo handiagoa dutenak, dauzkaten parke eolikoak. Beste parke eoliko batetik 2 km baino gutxiagora dauden parke eolikoak, baldin eta dituzten baterako magnitudeak aurreko atalaseetara iristen badira edo atalase horiek gainditzen badituzte. Arau honen ondorioetarako, parke eolikotzat hartuko dira energia eolikotik elektrizitatea sortzera bideratutako instalazioak, sare propioen bidez elektrikoki konektatutako hainbat aerosorgailu baliatuz, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatuta, energia propioa neurtuta eta sare orokorrera konektatuta.

    3.k. Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 15 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenean. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek guztira 15 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute.

    Kanpo gelditzen dira jada finkatutako lur urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan kokatutako energia fotovoltaikoaren instalazioak.

    Bigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean araututako ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura sinplifikatutik salbuestea, presako neurri gisa, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan eta erabaki honen hirugarren apartatuan jasotako baldintzekin, honako proiektu hauek, baldin eta proiektu horiek baimentzea eta ingurumen-ebaluazioa egitea Euskal Autonomia Erkidegoari badagokio:

    4.g. Parke eolikoak. Arau honen ondorioetarako, parke eolikotzat hartuko dira energia eolikotik elektrizitatea sortzera bideratutako instalazioak, sare propioen bidez elektrikoki konektatutako hainbat aerosorgailu baliatuz, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatuta, energia propioa neurtuta eta sare orokorrera konektatuta.

    4.h. Energia fotovoltaikoaren instalazioak, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen dutenak. Barne hartuko dira, azalera txikiagoa hartuta ere, beste instalazio fotovoltaiko baten mugan dauden titular beraren edo beste batzuen instalazioak, baldin eta instalazio horiek, guztira, 5 hektareako azalera edo handiagoa hartzen badute.

    Kanpo gelditzen dira jada finkatutako lur urbanizatuetan edo lehendik dauden eraikinetan kokatutako energia fotovoltaikoaren instalazioak.

    Hirugarrena. Aurreko apartatuetan aipatutako proiektuak dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduratik salbuetsita geratuko dira soilik martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen direnean (6/2022 Errege Lege Dekretua, zeinaz Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen baitira) edo hura ordezten duen araudian ezarritako baldintzak betetzen direnean, erabaki honen laugarren apartatuan aipatzen den ingurumen-eraginari buruzko txostenak hala zehazten duen neurrian.

    Errege Lege Dekretu horren 6. artikuluaren 1.c) apartatuari dagokionez, proiektuak kokatzeko baldintzei buruzkoa baita, ingurumen-eraginak zehazteko prozedura baten mende jarri ahal izango dira proiektuak, baldin eta, itsas ingurunean edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondareko gune babestuen sareko azaleretan kokatuta ez badaude eta, sustatzaileak baimen-eskaera aurkezten duen egunean, osorik kokatuta badaude sentsibilitate baxuko eremuetan, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako «Energia berriztagarriak ezartzeko ingurumen- zonakatzea» delakoaren arabera.

    Laugarrena. Erabaki honen xede diren proiektuek martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako prozedura bete beharko dute (6/2022 Errege Lege Dekretua, zeinaz Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen baitira) edo horren ordezko arauetan ezarritakoa bete beharko dute, honako berezitasun hauekin:

    1. artikuluko 3.a) eta 3.b) apartatuei dagokienez, sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzkoak baitira:

      a) apartatuko gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharreko ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia, ingurumen-ebaluazioari buruzko araudian ezarritakora ez ezik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian parke eolikoen eta eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioen proiektuei buruz argitaratutako gidetan adierazitakora ere egokituko da.

      https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2022/energia-eolika-y-fotovoltaika-y-su-konpatibilizazioa-con-la-conservacion-del-patrimonio-natural-en-la-capv/web01-a2ingdib/eu/

      Babesgune baten gaineko zuzeneko edo zeharkako edozein eragin baztertze aldera, sustatzaileak babestutako gunearen kudeaketan eskumena duen organoaren txostena eskatu ahal izango du, eta 6. artikuluko 3.b) apartatuan araututako laburpen exekutiboan sartu.

    1. artikuluko 3.c) apartatuari dagokionez, ingurumen-eragina zehazteko txosten-proposamenari buruzkoa baita, eta, autonomia-erkidegoan aplikatzeko, ingurumen-eragina zehazteko txosten-proposamena egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak proiektuak eragindako lurralde historikoetako ingurumen-arloko foru-organo eskudunari bidaliko dio, eta hark hamar eguneko epea izango du oharrak egiteko. Epe hori igarotakoan, erantzunik ematen ez bada, txosten-proposamenaren edukia onartu dela ulertuko da, jarduketekin jarraitzeko.

    1. artikuluko 3.d) apartatuari dagokionez, ingurumen-eragina zehazteko txostena emateari buruzkoa baita:

      Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak bi hilabete izango ditu, espedientea osatzen denetik, ingurumen-eragina zehazteko txostena egiteko.

      Ingurumen-eragina zehazteko txostenak ondorioztatzen badu ondorio kaltegarri nabarmenak dituela ingurumenean, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-izapide arrunta bete beharko du (Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen V. tituluan arautua). Kasu horietan, ingurumen-organoaren txostenak adieraziko du ea beharrezkoa den ingurumen-inpaktuaren azterketa osatzea proiektuaren ingurumen-ebaluaziorako garrantzitsua edo erabakigarria den informazio gehigarriarekin, eta zerrenda bat emango du abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan araututako izapidean kontsulta egin behar zaien administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin.

    1. artikuluko 3.e) apartatuari dagokionez, ingurumen-inpaktua zehazteko txostena argitaratzeari buruzkoa baita:

      Ingurumen-eragina zehazteko txostena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitaratuko da. Era berean, sustatzaileari eta organo substantiboari jakinaraziko zaie, gehienez ere hamar eguneko epean.

      Bosgarrena. Erabaki hau onartzen den egunean organo substantibo eskudunaren aurrean izapidetzen ari diren eta hirugarren apartatuan jasotako baldintzak betetzen dituzten proiektuei erabaki honetan jasotako aurreikuspenak aplikatzea, honela:

      Hirugarren apartatuan jasotako baldintzak betetzen dituzten proiektuak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek erabaki honen laugarren apartatuan jasotako prozedurari atxikitzea eskatu ahal izango dute. Horretarako, organo substantibo eskudunaren aurrean hasitako baimen- prozeduran ingurumenaren gaineko inpaktuak kuantifikatzen dituen laburpen exekutiboa aurkeztu beharko dute, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 6.3.b) artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

      Proiektuaren baimena izapidetzen duen organo substantibo eskudunak ingurumen-organoari bidaliko dizkio proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterlana eta laburpen exekutiboa, orain arte egindako izapideen emaitzarekin batera, laburpen exekutiboa jasotzen duenetik 10 eguneko epean, eta betiere dokumentuak osoak badira, eta ingurumen-organoak erabaki honen laugarren apartatuan aurreikusitako izapidetzearekin jarraituko du.

      Parke eolikoko edo eguzki-energia fotovoltaikoko proiektu batek erabaki honen hirugarren apartatuko baldintzak betetzea ezertan eragotzi gabe, proiektuaren sustatzaileak eskatu ahal izango du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura aplikatzea, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eta II.E eranskinak aplikatuz. Era berean, sustatzaileak organo substantiboari eskatu ahal izango dio ingurumen-organoak ingurumen- inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua eman dezala, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 68. artikuluaren arabera.

      Seigarrena. Erabaki honetan xedatutakoa gauzatzeko ardura duten pertsonei agintzea lehentasuna eman diezaiotela iturri berriztagarrietatik elektrizitatea sortzeko proiektuak bideratzeari (erabaki honen xede direnak). Horretarako, Batzordearen 2022ko maiatzaren 18ko (EB) 2022/822 Gomendioan aurreikusitako baldintzetan beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko dira (gomendio hori energia berriztagarrien proiektuetarako eta elektrizitatea erosteko baimenak emateko prozedurak azkartzeari buruzkoa da).

      Zazpigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan jarriko da herritarren eskura erabaki hau hartzeari buruzko informazio guztia.

      Zortzigarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

      Bederatzigarrena. Erabaki honen edukia Europako Batzordeari jakinaraztea.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik