Arautegia

Inprimatu

6/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Irungo Udalarekin eta Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) enpresa-erakunde publikoarekin sinatutako hitzarmena, Irungo (Gipuzkoa) geltokian bidaiarien eraikinera sartzeko hiri-pasabide berriaren eraikuntza-proiektua idazteko, lanak egiteko, eta obrak zuzentzeko eta mantentzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 18
  • Hurrenkera-zk.: 429
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2023/01/18
  • Argitaratze-data: 2023/01/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta, behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

José Antonio Santano Clavero jauna, Irungo Udaleko alkatea (2019ko ekainaren 15ean izendatu zuten kargurako), Udal horren izenean eta haren ordezkari gisa jardungo duena, antolamenduaren, kudeaketaren, egikaritzearen, hirigintza-diziplinaren eta bide-azpiegituraren arloko eskumenak baliatuz (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.a) eta d) artikuluak).

Ignacio María Arriola López jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko (aurrerantzean, EAEAO) Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua. Lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren bidez izendatu zuten kargu horretarako.

María Luisa Domínguez González andrea, Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) enpresa-erakunde publikoaren (aurrerantzean, ADIF) presidentea, uztailaren 27ko 670/2021 Errege Dekretuaren arabera. ADIFen izenean eta ordezkari gisa jardungo du, abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen eta abenduaren 30eko Administrador de Infreaestructuras Ferroviarias enpresa-erakunde publikoaren estatutua onartzen duen estatutuaren 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.

Bildutakoek hitzarmen hau formalizatzeko beharrezko lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri,

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. Irungo Udalak, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluak udalerriei beren interesak kudeatzeko eta beren eskumenen esparruan esleitzen dizkien eskumenak erabiliz, jarduerak sustatu eta zerbitzu publikoak eman ditzake, auzo-erkidegoaren beharrak eta nahiak artikulu honetan aurreikusitako baldintzetan betetzen laguntzeko.

Bereziki, udalaren titulartasuneko azpiegituren eta beste ekipamendu batzuei buruzko 25. artikuluko 2.d) apartatuan.

Bestalde, 2.a) apartatuan zehazten denez, udalerriak eskumen propio gisa gauzatuko ditu, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeriaren arabera, honako gai hauek: hirigintza-arloko plangintza, kudeaketa, betearazpena eta diziplina.

Modu berean jasotzen da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen 17.1.9 artikuluan; artikulu horrek udalerriei esleitzen die hirigintza-arloko antolamenduaren, kudeaketaren eta betearazpenaren arloko eskumena.

Bigarrena. EAEAOk eskumen esklusiboak ditu erkidegoaren intereseko herri-lanen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik igarotzen diren trenbideetan eta lurreko garraioetan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko, gauzatzeko eta planifikatzeko gaietan eta lurraldearen antolamendurako eta hirigintzarako eskumenetan ere, abenduaren 18ko 3/1979 lege organikoak onartutako Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren 25., 31., 32. eta 33. apartatuetan adierazitakoaren arabera.

Hirugarrena. ADIF enpresa-erakunde publikoa Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioari atxikitako erakunde publikoa da, berezko nortasun juridikoa du, bai eta bere helburuak eta ondare propioa betetzen jarduteko gaitasun osoa ere, eta Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta hura garatzeko beste arau batzuetan ezarritakoaren arabera arautzen da.

ADIFek hitzarmen hau sinatzeko legitimazioa du, abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan ezarritakoaren babesean. Artikulu horrek berariaz ematen dio ahalmena enpresa-erakunde publiko honi Estatuko Administrazio Orokorrarekin, beste administrazio publiko batzuekin eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturekin hitzarmenak gauzatu ahal izateko.

Laugarrena. 2019ko otsailaren 15ean, BOEn argitaratu zen Administrador de Infraestructuras Ferroviarias enpresa-erakunde publikoaren 2019ko urtarrilaren 23ko ebazpena, 2019ko urtarrilaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Irungo Udalarekin eta Euskal trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca erakunde publikoarekin sinatutako «Hiria berroneratzeko eta Irungo egungo tren-geltoki ingurua garatzeko hitzarmena» sinatzeari buruzkoa.

Bosgarrena. Hitzarmen horren arabera, «ADIFek Irungo Nazioarteko Geltoki berriaren azterlan funtzional baten idazketa kontratatuko du, dokumentu hau sinatu eta lau hilabeteko epean. Azterlan hori hirigintza-antolamendu xehatua egiteko eta ADIFek tren-geltoki berriaren proiektuaren idazketa kontratatzeko oinarri izango litzateke». ADIFek azterlan funtzionala egin zuen «Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berriaren aurreproiektua» izenekoaren barruan, eta 2019ko maiatzaren 13an Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berria eraikitzeko proiektua kontratatu zuen. Kontratuan lan hauek sartu ziren:

Datuak hartzea, topografia eta geoteknia.

Zarataren eta bibrazioen azterlana.

Hirigintzaren integrazioa eta koordinazioa.

Oinarrizko Proiektu Orokorraren idazketa: bidaiarien eraikin berria eta oinezkoen hiri-pasabidea.

Egikaritze-proiektuaren idazketa: bidaiarien eraikin berria.

Egikaritze-proiektuaren idazketa: oinezkoen hiri-pasabidea, bidaiarien eraikin berrirako sarbidearekin.

BIM eredua gauzatzea, aurkezpenak eta panelak.

Koordinaziorako zenbait beharrizan daudenez, kontratuak proposatzen du jarduketak bi eraikuntza-proiektutan banatzea:

Bidaiarien eraikin berria, barne hartuta trenbideak eta nasak berrantolatzea, ADIFen ardura baino ez diren jarduketak barne.

Hiri-pasabidea, geltokiko plazaren eta Sebastian Errazu kalearen inguruaren arteko lotura barne.

2021eko martxoan, ondasunen eta eskubideen informazio publikoa izapidetu da oinarrizko proiektu gisa, bi eraikuntza-proiektuen irismena barne.

Seigarrena. Kontuan hartuta Irungo geltokiko bidaiarien eraikin berrian definitutako espazioak izaera hiritarra eta erabilera publikoa izango dituela, eta hiri-pasabide gisa eraikiko denez, beharrezkoa da aldeek horri buruz dituzten betebeharrak artikulatzea.

Testuinguru horretan, azaldutako guztiagatik, eta parte hartzen duten erakundeek borondate argia dutenez garraio publikoaren erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzeko koordinazioa ahalbidetzeko (hiriaren eta geltokiaren arteko hiri-loturak eta intermodalitatea hobetzeko neurrien eta jarduketen bidez eta oinezkoen joan-etorriak erraztuz), hitzarmen hau sinatzen da, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea Irungo Udalaren, EAEAOren eta ADIFen arteko lankidetza-araubidea ezartzea eta zehaztea da, Irungo geltokiko bidaiarien eraikin berrirako sarbidea izango duen hiri-pasabidea eraikitzeko, barne hartuta proiektua idaztea, lanak egitea, martxan jartzea, kontserbatzea eta egindako pasabidea mantentzea, bidaiarien eraikin berriaren zeharkako iragazkortasuna eta hiriarekiko lotura ziurtatzeko.

Jarduketaren irismena, epea eta aurrekontua zehazteko, Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berriaren oinarrizko proiektua hartuko da erreferentziatzat. ADIFek 2021eko martxoan aurkeztu zuen proiektua, eraginpeko ondasun eta eskubideak jendaurrean jartzeko, eta bi eraikuntza-proiektutan garatzen da.

Jarduketa horretan, mendebaldera Geltokiko plazarekin lotzen den hiri-pasabide bat egitea jasotzen da, bidaiarien eraikin berriari atxikitako trenbide zabalgunea iparraldetik zeharkatzen duena luzera osoan eta Irungo trenbidearen eremuan, eta Sebastian Errazu kalearen beste aldearekin (ekialdea) lotzen dena, hesi fisikoak gainditzeko adinako edukiera eta neurriak dituena, alboko auzoak modu irisgarrian lotuz.

Ibilbidearen zati handi batean pasabide hori bidaiarien eraikinari atxikita diseinatzeak ez du soilik bien arteko harremana ahalbidetzen; izan ere, aukera ematen du pasabidetik atarira zuzenean sartzeko, eta, gainera, hiriaren erdialdean dagoen Sebastian Errazu kalera heltzeko aukera ere ematen du.

Lotura horrek balio handiagoa emango dio geltokiari, sarrera bikoitza izango baitu eta horrek bidaiarien oinezko ibilbideak murriztuko baititu hiriko erdigunetik (gaur egun itzulinguru handia egin behar dute), eta bidaiarien eraikinaren merkataritza-eskaintza handituko baitu, pasabidea zeharkatzen duten herritarrak bezero potentzial gisa sartuko baitira.

Bigarrena. Jarduketak.

Hitzarmen honetan aldeek aurreikusitako jarduketak hauek dira:

  1. Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berria eta Irungo trenbide ingurua lotzeko hiri-pasabidea eraikitzeko proiektua idaztea eta onartzea.

  2. «Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berriaren eraikuntza-proiektua: hiri-pasabidea» izenekoan jasotako lanak egitea, horien zuzendaritza eta beharrezko laguntza teknikoak kontuan hartuta.

  3. Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berria: hiri-pasabidea, eraikuntza-proiektuan oinarrituta amaitutako obrak jasotzea, eta haren kontserbazioa, mantentze-lanak eta garbiketa bere gain hartzea.

    Hirugarrena. ADIFen konpromisoak.

    Hitzarmen honetan jasotako jarduketa guztiak gauzatzeko sinatu beharreko kontratuak lizitatzea, esleitzea eta normaltasunez betetzea. ADIF arduratuko da eraikuntza-proiektua idazteaz, lanak egiteaz (eta trenbide-azpiegituraren gainean behar bezala garatzeaz) eta lan horien kalitateaz.

    Proiektuaren gainbegiratzea koordinatzea, ADIFen berariazko proiektuen kudeatze eta gainbegiratze irizpideetan oinarrituta.

    Proiektua onartzea, ondoren obrak lizitatu ahal izateko moduan.

    Eraikuntza-proiektuak eta obrak zuzentzea, eta lanak behar bezala egingo direla bermatzea, aldeek ezarritako betekizunen arabera.

    Lanak egiteko behar diren lurzoruak hirugarrenekin kudeatzea, hala badagokio.

    Ziurtagiriak onartzea eta lanak esleipendunari ordaintzea, eta horiek ordaintzeko egindako ziurtagirien berri ematea aldeei.

    Egindako lanen ondoriozko dokumentazioa beste alderdiei ematea.

    Irungo Udalari «Irungo Geltokiaren bidaiarien eraikin berriaren ondoko hiri-pasabidea» azpiegitura ematea, azpiegitura horren titularra izan dadin, behin azpiegitura hori amaituta, entrega-akta sinatuta. Horrek ez du esan nahi pasabide horrek zeharkatzen dituen lurzoruak eskualdatuko direnik.

    Hitzarmen honen xede diren obrak Udalari eman ondoren, ADIFek ez du obra horien erabilera, erabilpen, kudeaketa edo mantentze-lanetatik eratorritako inolako erantzukizunik izango, ez hitzarmen honen gainerako zatiei dagokienez, ez azpiegitura horren erabiltzaile guztiei dagokienez.

    Hitzarmen honetan jasotako jarduketak azken kostuaren % 33,33an finantzatzea, seigarren klausularen finantzaketa-taulan agertzen den bezala.

    Hiri-pasabideak okupatzen duen trenbide-jabari publikoaren gaineko hegala (trenbide zabalgunea eta nasak) erabilera publikorako lagatzea, eta, horretarako, Irungo Udalari hegal horren gaineko doako administrazio-emakida ematea, 75 urteko gehieneko legezko epean eta Herri Administrazioen Ondareari buruzko Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    Laugarrena. Irungo Udalaren konpromisoak.

    ADIFek proiektua lizitatu aurretik, partaidetza estaltzeko dagokion kreditu-eskuragarritasunaren ziurtagiria aurkeztea, ezarritako ekarpenen urte anitzeko programazioaren arabera.

    Hitzarmen honetan jasotako jarduketen azken kostuaren % 44,45 finantzatzea, seigarren klausularen finantzaketa-taulan agertzen den bezala. Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketa guztiak gauzatzeko sinatu beharreko kontratuetatik eratorritako zenbatekoak ADIFi ordaintzea, hitzarmenean zehaztutako moduan, eta lanak egiaztatu ondoren.

    «Irungo geltokiaren bidaiarien eraikin berriaren ondoko hiri-pasabidea» azpiegitura jasotzea, amaitutakoan, eta bere gain hartzea, hitzarmen honen gainerako zatietatik salbuetsita, pasabide berriaren jarduketen ondoriozko azpiegituren eta instalazioen erabilera, funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentze-lanak.

    Bosgarrena. EAEAOren konpromisoak.

    Dagokion kreditu-eskuragarritasunaren ziurtagiria aurkeztea, partaidetza estaltzeko, ezarritako ekarpenen urte anitzeko programazioaren arabera, ADIFek egin beharreko jarduketak esleitu aurretik.

    Hitzarmen honetan jasotako jarduketen azken kostuaren % 22,22 finantzatzea, seigarren klausularen finantzaketa-taulan agertzen den bezala.

    Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketa guztiak gauzatzeko sinatu beharreko kontratuetatik eratorritako zenbatekoak ordaintzea ADIFi, hitzarmenean zehaztutako moduan, eta lanak egiaztatu ondoren.

    Seigarrena. Finantzaketa.

    Irungo (Gipuzkoa) geltokiko bidaiarien eraikin berriko hiri-konexiorako pasabidea eraikitzeko proiektuaren idazketarako eta zuzendaritzarako aurrekontua ehun eta bost mila eurokoa (105.000) dela kalkulatu da, BEZ gabe.

    Hiri-konexioko pasabidea (BEZ gabe) kontrata bidez egikaritzeko aurrekontua sei milioi berrehun mila eurokoa (6.200.000) dela kalkulatu da.

    Obren zuzendaritzari laguntza teknikoa emateko, segurtasuna eta osasuna koordinatzeko, obren ingurumen-laguntza emateko eta kalitatea kontrolatzeko, zaintzeko eta ikuskatzeko zerbitzuen aurrekontua, obraren kostuaren % 9 ingurukoa, bostehun eta berrogeita hemezortzi mila eurokoa (558.000) izango dela kalkulatu da (BEZ gabe).

    (Ikus .PDF)

    Jarduketen azken kostua aldatu egingo da, hala badagokio, esleipen-bajen, prezioen berrikuspenen, aldaketen eta, oro har, kontratuen garapenean gerta daitezkeen gorabeheren arabera. Gainkostua klausula honen beheko taulan sinatzaile bakoitzaren artean ezarritako proportzio berean banatuko da.

    Aipatutako gorabeheren ondorioz sei milioi zortziehun eta hirurogeita hiru mila euroko (6.863.000) guztizko kostua gainditzen bada, gai hori zortzigarren klausulan aipatzen den Jarraipen Batzordean aztertuko da, eta hitzarmen honen eranskin bat ezarriko da gainkostuak finantzatzeko. Eranskin horrek aldeen ahobatezko adostasuna beharko du. Nolanahi ere, gainkostua klausula honen beheko taulan sinatzaile bakoitzaren artean ezarritako proportzio berean banatuko da.

    Obra egikaritzeko beharrezkoak diren proiektu aldatuek proiektua idatzi duen administrazioaren adostasuna izan beharko dute.

    Finkatutako konpromisoetan oinarrituta, aldeek erabaki dute eraikuntza-proiektua finantzatzea, eta horretarako jarduera nagusiak hitzarmen honetan jasotzen dira, proportzio honetan: ADIFek % 33,33, EAEAOk % 22,22 eta Irungo Udalak % 44,45, honako egutegi eta gehieneko aurrekontu hauen arabera:

    (Ikus .PDF)

    ADIFek proiektuaren lizitazioa egin aurretik, administrazio sinatzaileek finantza-partaidetza bermatzen duten kontabilitate-agiriak aurkeztu beharko dituzte (administrazioen terminologian: RC kontabilitate-agiria Kreditu Atxikipenari buruzkoa, lizitazioaren aurretik, eta AD dokumentua, baimenarena eta erabilitakoarena, esleipena egin aurretik).

    Zazpigarrena. Finantzatutako jarduketak ordaintzeko modua.

    Hitzarmen honen xede diren zenbatekoak Irungo Udalari eta EAEAOri jasanaraziko dizkie ADIFek, eta horiek merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeen barruan ordaindu beharko dituzte, bai eta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen eta otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuaren (ekintzailetza sortzeko eta suspertzeko neurriei buruzkoa) ondorengo aldaketetan ezarritako epeen barruan ere.

    Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek honela ordainduko dituzte zenbatekoak:

    Proiektuaren idazketa-zuzendaritzari dagokionez (Oinarrizko eta Eraikuntzako Proiektuaren idazketa), ADIFek egindako lanak direnean, Irungo Udalak eta EAEAOk, lanak amaitzean, seigarren klausularen arabera dagozkion zenbatekoak ordainduko dizkiote erakunde horri, dagokion faktura aurkeztu eta hurrengo 30 eguneko epean.

    Hitzarmen honen xede diren lanak egiteko (Irungo hiri-pasabidea eraikitzeko obrak), ADIFek hirugarrenekin kontratu bat edo gehiago egiten baditu, ADIFek ordainduko dizkio obren esleipendunari, dagokion obra-ziurtagiriarekin batera, hilero aurkezten zaizkion fakturak aurkeztean, kontratuan ezarritako baldintzetan. Era berean, ADIFek, seigarren klausularekin bat etorriz, dagokien zati proportzionala fakturatuko die Irungo Udalari eta EAEko Administrazio Orokorrari. Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean eta lege horren ondorengo aldaketetan (15/2010 Legea, uztailaren 5ekoa, eta 4/2013 Errege Lege Dekretua, otsailaren 22koa, ekintzaileei laguntzeko eta hazkundea eta enplegu-sorrera sustatzeko neurriei buruzkoa) ezarritako epeen barruan ordaindu beharko dute zati hori, eta dagokion faktura, justifikazio-txostena eta, hala badagokio, ADIFen obren zuzendariak emandako ziurtagiria aurkezten diren egunetik aurrera hasiko dira epeok.

    Irungo Udala edo EAEAO berandutzen badira ordaintzeko betebeharrean, berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordainak ordaindu beharko dizkiote ADIFi, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legean aurreikusitakoaren arabera.

    Nolanahi ere, lizitatzeko eta esleitzeko oinarri izan diren berariazko klausula administratiboen pleguetan ezarritako estipulazio eta baldintzen araberakoak izango dira ADIFek gauzatu beharreko kontratuak.

    Zortzigarrena. Hitzarmenaren jarraipena eta kudeaketa.

    Esku hartzen duen alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak betetzen direla eta bertan jasotako jarduketak behar bezala gauzatzen direla zaintzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, alderdi bakoitzeko bi ordezkarik edo horiek izendatutako pertsonek osatua:

    Irungo Udalaren aldetik:

    Irungo alkatea

    Hirigintzako ordezkaria

    EAEAOren aldetik:

    Garraio Azpiegituren zuzendaria.

    Euskal Trenbide Sarearen zuzendari nagusia.

    ADIFen aldetik:

    Geltokietako Arkitekturako zuzendariordea.

    Iparraldeko geltokietako zuzendariordea.

    Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

    Hitzarmen honetan jasotako jardueren jarraipen teknikoa eta ekonomikoa egitea.

    Onartu aurretik, hitzarmenaren jarduketak gauzatzen dituzten azterlan eta proiektuen edukiari buruzko informazioa ematea.

    Azterlanak egiteko beharrezko koordinazioa sustatzea, hitzarmenaren helburuak lortzeko beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren ekintza guztiak gauzatuz.

    Ezartzen diren epeak betetzen direla zaintzea. Hitzarmen hau interpretatzean edo/eta betetzean sor daitezkeen arazoak ebaztea.

    Hitzarmena gauzatzean sor daitezkeen atzerapenen eta gorabeheren berri ematea aldeei, eta, hala badagokio, ekarpen ekonomikoak lanen gauzatze-erritmora egokitzeko beharrezko urterokoen egokitzapenak proposatzea. Horiek alderdien gobernu-organoek onartu beharko dituzte, eta, horretarako, dagokion eranskin aldatzailea izapidetu beharko da.

    Batzorde hori hitzarmen hau betetzeko egokitzat jotzen diren aldietan bilduko da, eta, nolanahi ere, gutxienez hiru hilean behin. Kideek aho batez hartuko dituzte erabakiak.

    Batzorde horren bileretan, aldeek hala adosten badute, esleitutako eginkizunak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren teknikariak aritu ahal izango dira.

    Jarraipen Batzordeak horretarako izendatutako Azpibatzorde Tekniko baten esku utzi ahal izango du dagozkion alderdi teknikoen azterketa; nolanahi ere, horiei buruzko azken erabakia beretzat gordeko du.

    Azpibatzorde Tekniko hori behar adina aldiz bilduko da, proiektuaren jarraipen zuzena egiteko, eta soluzioak eta eskakizun teknikoak emateko. Azpibatzorde Teknikoak aho batez baino ez ditu hartuko erabakiak.

    ADIFen ordezkaritza izango da Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeko buru.

    Batzorde horren bileren akten kopiak edo batzordeari esleitutako eginkizunak garatzean eta gauzatzean egiten diren txostenak aldeei bidaliko zaizkie. Batzordearen funtzionamendu-araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean edo aurrerantzean hura ordeztuko duen legerian xedatutakoari egokituko zaio.

    Bederatzigarrena. Indarraldia eta iraupena.

    Hitzarmen hau bere sinadurarekin hobetuko da, eta Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen den unetik izango ditu balioa eta eraginkortasuna. Era berean, formalizatu eta 10 egun balioduneko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, hargatik eragotzi gabe, aukeran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izatea. Hori guztia, Sektore Publikoaren urriaren 1eko 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Nolanahi ere, Hitzarmen honek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, 4 urteko indarraldia izango du gehienez ere; hala ere, hitzarmen honetan jasotzen diren jarduketak gauzatzeko denbora luzeagoa behar bada, aldeek luzapen hori izapidetzeko konpromisoa hartzen dute, lege horren 9.h) artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, baimena emateko erabilitako prozedura bera erabiliko da.

    Hitzarmen honen baldintzak aldatzeko edo/eta haren indarraldia luzatzeko, alderdiek aho batez adostu beharko dute, dagokion aldarazpen-eranskina sinatuz.

    Hamargarrena. Iraungitzeko-arrazoiak.

    Hitzarmen hau iraungi egingo da, ez soilik bertan jasotako jarduketa guztiak betetzeagatik edo amaitzeagatik, baizik eta suntsiarazteko arrazoi hauetakoren batengatik ere:

    Indarraldia, luzapenik erabaki ez bada.

    Bi aldeen adostasuna, horretarako prestatutako agirian behar bezala jasota geratuz.

    Sinatzaileetako edozeinek hitzarmen honetan ezarritako betebehar zehatzak, ez betetzeagatik, aldez aurretik idatzizko jakinarazpen fede-emailearen bidez eta kaltea jasotzen duen alderdiak gutxienez hilabete lehenago jakinarazita.

    Horretarako, balizko kalte-ordainak zehazteko irizpide gisa, balizko ez-betetzea gertatzen den unean alderdi kaltetuak izango lituzkeen kostuak ezarriko dira.

    Legerian, hitzarmen honen edukia urratzen duten aldaketak.

    Hitzarmenaren deuseztatzea adierazten duen erabaki judiziala.

    Xedea betetzea eragozten duen ezinbesteko kausa.

    Azkenduz gero, eta azkentze horren arrazoia ez bada Hitzarmenaren xede diren jarduketak amaitu izana, Jarraipen Batzordeak egokitzat jotzen dituen jarduketekin jarraitzeko eta amaitzeko baldintzak proposatuko ditu, eta jarduketa horiek amaitzeko epe luzaezina ezarriko du; epe hori igaro ondoren, jarduketa horien likidazioa egin beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    Edozein arrazoirengatik hitzarmena suntsiarazi ondoren, hitzarmena azkendu aurretik sortutako eskubide eta betebehar guztiak alderdi guztiek likidatu eta beteko dituzte, azkentze horretatik eratortzen diren eskubide eta betebeharrak alde batera utzi gabe, Legearekin edo hitzarmen honetan xedatutakoaren bat etorriz.

    Hamaikagarrena. Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

    Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta indarrean dagoen administrazio-araudiari lotuta egongo da. Hitzarmenean aurreikusi gabeko guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea edo aurrerantzean hura ordezten duen legeria aplikatuko da.

    Alderdiek adosten dute Jarraipen Batzordeak ebatziko dituela hitzarmen hau interpretatzean edo/eta betetzean sor daitezkeen gaiak.

    Hitzarmen hau interpretatzean edo betetzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jorratuko dira.

    Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, hitzarmen hau sinatzen da.

    Irungo Udalaren izenean,

    José Antonio Santano Clavero.

    EAEAOren izenean,

    Ignacio María Arriola López.

    ADIFen izenean,

    María Luisa Domínguez González.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik