Arautegia

Inprimatu

4/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitza eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako gomendioa bosgarrenez aldatzeko baimena ematen duen Erabakia argitaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 15
  • Hurrenkera-zk.: 369
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2023/01/17
  • Argitaratze-data: 2023/01/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2022ko uztailaren 26an egindako bilkuran, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitza eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari egindako gomendioaren bosgarren aldaketa baimentzen duen Erabakia onartu zuen, eta behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku uzten ditu trenbideen gaineko egitekoak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.d) artikuluak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Bilboko Hiri Trenbideari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eskumenekoak diren proiektu, obra eta bestelako jarduerak egiteko ardura.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).

Gainera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera erakundearen xedean sartzen da, halaber, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, zein ere den kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.

2005eko uztailaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan trenbide-azpiegituren eskumena duen sailak Bilboko metropoli-trenbidearen 2. lineako Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko obra-kontratua esleitu zion Santurtzi ABEEari, zeina Construcciones y Promociones Balzola SA, Nortunel SA eta Urazca Construcciones SA enpresek osatzen baitute.

Obra horien barruan, 1.744,41 metroko tunela eraiki ziren, errail bikoitzeko linean eta 8,80 metroko zabaleran, eta bi geltoki hondeatu ziren, baita horiei dagozkien sarrera-kanoiak, larrialdietarako aireztapen-galeriak, nasa azpiko aireztapen-galeriak eta igogailua ere.

2005eko azaroaren 8an sinatu zen kontratua, eta zuinketa egiaztatzeko akta, berriz, 2005eko azaroaren 11n.

Zenbait kalte larri detektatu ziren Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako higiezinetan. Horren ondorioz, hainbat erreklamazio egin ziren Santurtziko Udalean eta zenbait aditu-txosten aurkeztu zituzten alderdiek (bizilagun-erkidegoek, Santurtziko Udalak, Euskal Trenbide Sareak eta Portugalete-Santurtzi tarteko obren esleipendun zen ABEEak).

2012ko abenduaren 28an, Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako jabe-erkidegoek ondare-erantzukizuneko erreklamazioa egin zioten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, higiezinetan eragindako kalteengatik. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2014ko urriaren 9an emandako Agindu bidez ezetsi zen erreklamazio hori, eta kalkulatu zen higiezinek 75.168,67 euroko, 237.508,74 euroko eta 246.219,36 euroko kalteak zituztela, hurrenez hurren.

2017ko otsailaren 10ean, EA-NV, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos, ES-SV legebiltzarreko taldeek legez besteko proposamen bat aurkeztu zioten Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Proposamen horretan, hau zegoen jasota: «Eusko Jaurlaritzak eskaria egiten die eskumenak dituzten administrazioei, Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, batez ere, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako higiezinetako etxebizitzen eta lokalen espedientearen azterketari ekin diezaioten, eragindako kalte guztiak konpontzeko hartu beharreko neurriak har ditzaten, lan horietatik sortzen diren kostu guztiak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako dauden partidetatik ordainduz».

Legez besteko proposamen hori honela justifikatu zen:

Iragan abenduaren 29an, Santurtziko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen mozio bat, Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitzen egoerari buruz.

Mozio horren zioen azalpenaren arabera, eraikinak egin zirenetik duela 50 urte baino gehiago, lur-mota eta eraikinen eraikuntza-mota ez dira arazo izan, erabiltzeko moduan baitzeuden metroa egiteko lanak iritsi ziren arte.

Udalbatzak hiru puntu onartu zituen. Horietako bat zen Eusko Legebiltzarrari erabakia jakinaraztea, mozioaren helburua betetzeko behar diren ekimenak bultza ditzan.

Santurtziko Udalak Ganbera honi egindako eskariaren muina da Eusko Legebiltzarrak politikoki bultzatu dezala egoera hori konpontzeko eskumena duten administrazioen esku-hartzea. Zehazki, eskatzea Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, batez ere, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako higiezinetako etxebizitzen eta lokalen espedientearen azterketari ekin diezaioten, eragindako kalte guztiak konpontzeko hartu beharreko neurriak har ditzaten.

2017ko apirilaren 25eko bileran, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeak 51/2017 zenbakidun legez besteko proposamena onartu zuen, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitzen eta lokalen egoerari buruzkoa (2017ko maiatzaren 12an argitaratu zen Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean, 28. zenbakian). Legez besteko proposamena Batzordean eztabaidatzeko aurkeztu zenaren baldintza beretan onartu zen.

Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitzetan eta lokaletan eragindako kalteetan erantzukizunik zegoen zehazteko, Tecnaliako Azpiegiturak sailak txosten hau eman zuen 2018ko otsailean: «Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako eraikinak: Mugimenduak eta kalteak. Egoera, kausak eta eraginak aztertzeko txostena». Bertan, honako hau adierazi zuen: «Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanetan, hiru haustura nabarmen zulatu zituzten arrokan, Antonio Alzaga kaleko eraikinen inguruetan. Haustura horietatik, ura drainatu da lurzorura, hein txikiagoan ala handiagoan. Drainatze horrek eraikinen azpiko lurzoruaren egoera eta propietateak aldatu ditu, eta haien zimenduen oreka ahula hautsi. Halaber, asentu bereizgarriak ere eragin ditu, eta horien ondorioz, larritasun-maila desberdinetako kalteak sortu zaizkie egiturari eta itxiturei». Txostenak honako ondorio hau eman zuen: «horrenbestez, irizten zaio Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanek badutela erantzukizuna Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako eraikinetan eragindako kalteetan».

Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako higiezinak konpontzeko lanen egikaritzapena, jarraipena eta kontrola gauzatzeko jarduketa materialei eta teknikoei eta zerbitzu-jarduketei dagokienez, arrazoi teknikoak eta materialak zirela medio, komenigarria zen jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendatzea. Izan ere, erakunde horrek zuzendu zituen Bilboko metropoli-trenbidearen Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko lanak, eta, hain zuzen ere, lan horiek eragin dute Santurtziko Antonio Alzaga kaleko higiezinetan izandako kalteen gaineko erreklamazioa. Gomendio hori 2018ko maiatzaren 15ean onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

2019ko maiatzaren 14an, Gobernu Kontseiluak gomendio hori aldatzea onartu zuen, hasieran aurreikusitako aurrekontua 1.915.000 eurora arte handitu behar zelako, eta egin beharreko lanen exekuziora egokitu behar zelako aurrekontuaren banaketa. Halaber, 2019ko azaroaren 19an, 2020ko ekainaren 30ean eta 2021eko maiatzaren 25ean, gomendioaren bigarren, hirugarren eta laugarren aldaketak egin ziren, esleitutako kredituak birbanatzeko eta indarreko aurrekontua egokitzeko.

Euskal Trenbide Sarea ente publikoak planteatutako jarraibideen arabera, beharrezkoa da berriro egokitzea bere garaian aurreikusitako lanen exekuziora egokitzeko aldatu zen aurrekontu-banaketa, eta berriro egokitzea egin beharreko lanen aurrekontu zenbatetsia.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, 2022ko uztailaren 26an egindako bilkuran, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau erabaki du:

ERABAKIA

Lehenengoa. Aldatzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eginiko gomendioaren 6. puntua (Lanen balorazioa eta ordainketa), zeina 2018ko maiatzaren 15ean onartu baitzen, eta, ondoren, lau aldiz aldatu (2019ko maiatzaren 14an eta azaroaren 19an, 2020ko ekainaren 30ean eta 2021eko maiatzaren 25ean), Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2., 4. eta 8. zenbakietako etxebizitza eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko.

Bigarrena. Gomendio hau burutzeko baldintza zehatzak aipatutako erabakiaren eranskinean daude jasota.

Hirugarrena. Gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

  1. Lanen balorazioa eta ordainketa.

    Gomendioan jasotako lanen zenbateko zenbatetsia milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamazazpi mila seiehun eta hamaika euro eta laurogeita sei zentimo (1.757.611,86 euro) da, BEZa barne, kontzeptu hauen arabera:

  1. Obra egikaritzea: zenbateko zenbatetsia 1.560.999,05 euro (BEZa barne).

  2. Obren zuzendaritza: zenbateko zenbatetsia 196.612,81 euro (BEZa barne).

    Guztira: 1.757.611,86 euro (BEZa barne).

    Urteko kuota hauetan banatuta:

    (Ikus .PDF)

    Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere.

    Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (5)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.