Arautegia

Inprimatu

29/2021 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Trenbide Sareari eginiko kudeaketa-gomendio hau aldatzea baimentzen duen erabakia: Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoaren informazio-azterlana, trenbide-eremuak mugatzeko eta erabiltzeko proiektua eta trenbide-zerbitzuaren gunea antolatzeko plan berezia definitzeko azterlanak egitea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3762
  • Xedapen-zk.: 29
  • Xedapen-data: 2021/06/07
  • Argitaratze-data: 2021/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko bileran, Euskal Trenbide Sareari eginiko kudeaketa-gomendio hau aldatzea baimentzen duen erabakia onartu du: Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoaren informazio-azterlana, trenbide-eremuak mugatzeko eta erabiltzeko proiektua eta trenbide-zerbitzuaren gunea antolatzeko plan berezia definitzeko azterlanak egitea. Horri eman behar zaion publikotasuna emateko, hau

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak lankidetza-protokolo bat sinatu zuten 2020ko urtarrilaren 22an, Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoa garatzeko behar den lankidetza bideratzeko, terminal intermodal eta logistikoa garatzeko behar diren informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak egiteko. Terminal hori jasota dago Estatuko eta autonomia-erkidegoko plangintzan, bai eta Europar Batasunaren 1315/2013 (EB) Erregelamenduan ere. Protokolo horren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, betiere Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioarekin koordinatuta, aipatutako terminal intermodal eta logistiko horren informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak definitzeko behar diren proiektuak eta azterlanak garatuko ditu, zeinek Interes Orokorreko Trenbide Sarera konektatzea ere ahalbidetuko baitute.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari esleitzen dizkio trenbideen gaineko egitekoak.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.a) eta e) artikuluek Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari esleitzen dizkiote honako hauek: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenekoak diren garraio-azpiegiturak garatu eta mantentzeko inbertsioak planifikatu eta programatzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta gainerako lurralde-administrazioen arteko lankidetzarako eta koordinazio ekonomiko, tekniko eta administratiborako tresnak proposatu eta prestatzea garraio-azpiegituren arloan.

Maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Salari atxikita dago. Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta kudeaketa-gomendioan ematen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).

Gainera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, Jaurlaritzak agintzen dion eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.

Aurretik ezarritakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak, 2020ko otsailaren 18an eginiko bileran, kudeaketa-gomendio hau eman zion Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari: Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoaren informazio-azterlana, trenbide-eremuak mugatzeko eta erabiltzeko proiektua eta azken hori garatzen duen dokumentua, eta trenbide-zerbitzuaren gunea antolatzeko plan berezia definitzeko azterlanak egitea.

2020ko otsailaren 18an onartutako kudeaketa-gomendioaren laugarren apartatuan azaldutako lanen aurrekontua zazpiehun eta hogeita sei mila euroan (726.000 euro) zenbatetsi zen, BEZa barne, urteko ordainketa hauekin:

2020: 242.000 euro.

2021: 363.000 euro.

2022: 121.000 euro.

Lanen exekuzio-mailari dagokionez Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak planteatu dituen jarraibideen arabera, moldatu egin behar da hasieran aurreikusitako aurrekontu-banaketa, eta hasieran zenbatetsitako aurrekontua doitu behar da.

Horrenbestez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta eta 2021eko maiatzaren 25ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak honako hau erabaki du:

ERABAKIA

«Lehena. Aldatzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eginiko eta 2020ko otsailaren 18an onartutako kudeaketa-gomendioaren 6. puntua (Lanen balorazioa eta ordainketa). Kudeaketa-gomendio horren xedea honako hau da: Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodal eta logistikoaren informazio-azterlana, trenbide-eremuak mugatzeko eta erabiltzeko proiektua eta azken hori garatzen duen dokumentua eta trenbide-zerbitzuaren gunea antolatzeko plan berezia definitzeko beharrezkoak diren azterlanak egitea.

Bigarrena. Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean daude jasota.

Hirugarrena. Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».

ERABAKIAREN ERANSKINA

  1. Lanen balorazioa eta ordainketa.

    Kudeaketa-gomendioan jasotako lanen balorazioa: seiehun eta laurogeita bederatzi mila hirurehun eta hogeita bat euro (689.321 euro), BEZa barne, urteko ordainketa hauetan oinarrituta:

    2020: 24.321 euro.

    2021: 444.000 euro.

    2022: 221.000 euro.

    Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.