Arautegia

Inprimatu

266/2025 EBAZPENA, urriaren 31koa, Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita bertan behera uztea Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabeari egindako kontu-hartzea eta gobernu-batzordearen ordezkapena, eta erabakia Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregistroan inskribatzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 4904
  • Xedapen-zk.: 266
  • Xedapen-data: 2025/10/31
  • Argitaratze-data: 2025/11/18

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ikusirik Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabearen gobernu-batzordeari egindako kontu-hartzea eta gobernu-batzordeko kideak ordezteko espedientea.

Lehenengoa. Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariaren 2025eko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabeari kontuak hartzea, BGAEaren kontu-ikuskari izendatzea bertan zehaztutako funtzionarioak, adostutako kontu-hartzea Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregistroan inskribatzea, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta entitateari jakinaraztea.

Bigarrena. Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariaren 2025eko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez, erabaki zen Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabearen gobernu-batzordea ordeztea; entitatearen kontu-hartzaileak gobernu-batzordeko behin-behineko kide izendatzea eta, horrenbestez, behin-behineko administratzaile; entitatearen gobernu-organoek edo haren ahaldunek emandako ahalmen edo eskuordetze guztiak errebokatzea; adostutako ordeztea Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregistroan inskribatzea; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea; eta entitateari jakinaraztea.

Hirugarrena. 2025eko urriaren 22an, ezohiko batzar orokorra egin zuen Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabeak.

Batzar orokor horretan, gobernu-batzordeko behin-behineko kideek, entitatearen behin-behineko administratzaile-eginkizunak betez, aurkeztu zuten 2025eko uztailaren 15ean aurreko ezohiko batzar orokorra egin zenetik entitateak izandako bilakaera, eta, halaber, jakinarazi zuten zein jarduketa egin zituen behin-behineko gobernu-batzordeak, zeina izendatu baitzen Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariaren 2025eko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez, entitatearen gobernu-batzordea ordeztea erabaki zuena, alegia. Batzar orokorrak aho batez berretsi zituen jarduketa horiek.

Era berean, batzar orokorrak aho batez aukeratu zituen gobernu-batzordeko kide horretarako aurkeztu zen hautagaitza bakarra osatzen zuten pertsonak.

Jabier Pereda Valcarcel.

Pedro Miguel Esteban Mielgo.

Josune Lezaola Pajares.

Marga González Lezcano.

Kristela Jiménez Madrazo.

Fátima Peral Puertollano.

Rosa María Hurtado Pérez.

Irache Sanz Chaves.

Laugarrena. 2025eko urriaren 23an, Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabeko gobernu-batzordeko kide izendatutako pertsona guztiak bildu, eta karguak honela banatzea adostu zuten:

Batzordeburua: Jabier Pereda Valcarcel.

Batzordeburuordea: Pedro Miguel Esteban Mielgo.

Idazkaria: Josune Lezaola Pajares.

Diruzaina: Marga González Lezcano.

  1. batzordekidea: Kristela Jiménez Madrazo.

  2. batzordekidea: Fátima Peral Puertollano.

  3. batzordekidea: Rosa María Hurtado Pérez.

  4. batzordekidea: Irache Sanz Chaves.

Lehenengoa. Ebazpen hau emateko eskumena Ogasun eta Finantza Sailak dauka esleituta, honako hauen bidez: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen otsailaren 23ko 5/2012 Legea, lege horren erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretua, eta BGAEen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretua, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriarekin lotuta. Zehazki, Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak du eskumen hori, aipaturiko 313/2024 Dekretuaren 15. artikuluari jarraikiz.

Bigarrena. Espediente honi ofizioz eman zaio hasiera, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 65. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio. Bereziki bete dira arau hauetan jasotako eskakizunak: BGAEen otsailaren 23ko 5/2012 Legea, lege horren erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretua, eta BGAEen jarduera jakin batzuk arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretua.

Hirugarrena. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 65. artikuluan xedatutakoa bete da, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateari kontuak hartzea aurreikusten duena, bai eta lege horren erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 84. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa ere.

Berariaz bete da aipatutako 203/2015 Dekretuaren 86.2 artikuluan xedatutakoa, zeinak ezartzen baitu kontu-hartzea bertan behera geratuko dela hura eragin zuten arrazoiak desagertzen direnean edo likidazioa burutzen denean.

Honako hauek hartu dira kontuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; BGAEen 5/2012 Legea, otsailaren 23koa; lege horren erregelamendua onartzen duen 203/2015 Dekretua, urriaren 27koa; BGAEen jarduera jakin batzuk arautzen dituen 92/2007 Dekretua, maiatzaren 29koa; eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Lehenengoa. Bertan behera uztea Gallartako aseguru-jarduerarik gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabeari egindako kontu-hartzea, desagertu egin baitira hura eragin zuten arrazoiak; eta, beraz, gobernu-batzordeko behin-behineko kide izendatutako pertsonak behin-behineko administratzaile gisa jarduten ari zirenak kargugabetzea.

Bigarrena. Euskadiko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateen Erregistroan inskribatzea entitateari egindako kontu-hartzearen amaiera, gobernu-batzordeko behin-behineko kide izendatutako pertsonen kargugabetzea, eta gobernu-batzordearen osaera berria, zeina aurrerantzean hau izango baita:

Batzordeburua: Jabier Pereda Valcarcel.

Batzordeburuordea: Pedro Miguel Esteban Mielgo.

Idazkaria: Josune Lezaola Pajares.

Diruzaina: María Gutiérrez Jiménez andrea. Marga González Lezcano.

  1. mahaikidea: Kristela Jiménez Madrazo.

  2. mahaikidea: Fátima Peral Puertollano.

  3. mahaikidea: Rosa María Hurtado Pérez.

  4. mahaikidea: Irache Sanz Chaves.

    Hirugarrena. Entitateko gobernu-batzordeari eskatzea 2026ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu dezala berroreka-plan bat, aktuarioak sinatua, zeinak abalatuko duen bete egingo dela Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2019ko abenduaren 26ko Aginduaren 8.2.a artikuluan xedatutakoa, «Hornidurak jartzea» xedapen iragankorrarekin lotuta Agindua, aseguru-jarduerarik egiten ez duten araubide bereziko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitate bereizigabeak arautzekoa; borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuan daude araututa erakunde horiek.

    Laugarrena. Entitatearen gobernu-batzordeari helaraztea gobernu-batzordeko behin-behineko kide izendatutako pertsonek behin-behineko administratzaile gisa jarduten ari direnek duten informazio guztia.

    Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

    Seigarrena. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, ebazpen hau jakinaraztea, behar bezala jakin dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan.

    Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluetan. Bestalde, interesdunek egoki ikusten duten beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango dute.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 31.

    Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendaria,

    ARANTZA LARRAURI ARANGUREN.