Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2019-2021 aldirako diru-laguntzak

[kultura_ondarea_garrantzia_azpimarratu_hedatu]

Deskribapena


Xedea

Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatu, eta, diru-laguntza horiek emateko araubidea.

Agindu honen helburutik kanpo geratzen dira Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeko 3.3 a) artikuluan jasotako jarduketa oro; izan ere, lurralde historikoetako foru aldundien eskumenekoak dira.

2019tik 2021era bitartean burutu beharko dira diruz laguntzen diren proiektuak.

 

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honen babesean laguntzen diren jarduerek bat etorri behar dute, nahitaez, babes-araudiarekin eta araudi hori garatzen duen hirigintza-plangintzarekin. Hona zein kategoriatan sailkatzen diren jarduerok:

a) Diruz lagunduko dira babes bereziko edo ertaineko kultura-ondareak, aitortuak edo aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, taldeko kategoriarekin; batik bat, jarduera hauek:

-  Babestutako multzoa balioan jartzeko oztopo diren elementuak eta zatiak, baita eraikuntzak eta eraikin osoak ere, deuseztatzea, eraistea edo kentzea.

-  Alde zaharretan dauden jabetzen lotekako banaketari eustea, oro har partzela gotiko esaten zaienetan egiturazko ordezkatze-jarduketa bati ekiten zaionean, babes-araubideko irizpideei jarraituta.

- Erakinak berrerabiltzea. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera bereizgarria aldatzea, edota, landa izaera duten multzoei dagokienez, gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea. Kontzeptu horren ondorioz, honako hauek lagundu daitezke diruz: erakina berrerabiltzeko beharrezko diren instalazio orokorrak, obra-zuzendaritzak eta proiektu teknikoak.

-  Aztarnategi arkeologikoetan garrantzizkoak diren egiturak sendotzea; betiere, balio emateko proiektuak agindu honen aldian hastekoak izan behar dira, bestela deialditik kanpo geratuko dira.

-  Orubearen edo egituren aurretiko azterlanak (arkeologikoak, dokumentalak, eta abar); betiere, horien helburua balioa ematea, birgaitzea, eta abar bada. Ondasunean esku hartzeko proiektuaren parte gisa geldituko dira azterlanak.

 

b) Diruz lagunduko dira babes bereziko edo ertaineko kultura-ondasunak, landa- edo industria-izaerakoak, aitortuak edo aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, banako kategoriarekin; batik bat, aipatu ondareari balioa eman eta hura berrerabiltzeko helburua dutenak, betiere kontzeptu hauen barruan: proiektu teknikoak eta obra–zuzendaritza; erabilera berrira egokitzeko barneko esku-hartzeak eta beharrezkoak diren instalazioak. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera bereizgarria aldatzea, edota gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea.

 

c) Babes bereziko edo ertaineko kultura-ondasunen garrantzia nabarmentzea, izan aitortuak zein aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, edozein kategoriatakoak: bereziki aintzat hartuko dira halako ondasunen garrantzia nabarmentzeko eta eginkizun hori exekutatzeko premiari buruzko azterketa global batetik abiatzen diren ekimenak, eta, haien artean, aipatu kultura-ondasunak babesteko premiaz gizartea sentsibilizatzea helburutzat duten proiektuak (bisita gidatuak egiteko programak,….).

Halaber, diruz lagundu ahalko dira apartatu horretan, balioan jartzea xede duten proiektuak, kasuan kasuko ondasuna balioan jartzearekin bateragarriak ez diren eraikuntzen eta  eraikinen elementu edo zati batzuk kentzea barne hartzen badute, edota are eraikuntzak eta eraikinak beraiek osorik kentzea ere, hala nola behar diren aurretiazko azterlanak eta egitura arkeologikoen kontsolidazioa.

Helburu nagusitzat honako hauetariko baten bat duten proiektuak kanpo geratzen dira: babestutako lurrak eta ondasunak erostea; kurtsoak eta biltzarrak; lehiaketak; programa informatikoak; eta web-orriak sortu eta mantentzea, eta argitalpenak (liburuak, monografiak...); azken kasu horretan, salbuespen izango dira diruz lagundutako jarduera ulertzeko beharrezkoak direnak.

 

d) Babes berezi edo ertaineko kultura-ondasun higiezinak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa. Kategoria honetan, tokiko administrazioak aipatu diren ondasunak eta haien ingurunea eskuratzea bakarrik lagun daiteke diruz. Toki Administrazio dira: udalak, mankomunitateak, koadrilak, kontzejuak eta hura osatzen duten gainontzeko entitateak. Desjabetzearen helburua izango da deklarazioan sartzen den ondasun kulturalari edo haren parte garrantzizko bati balioa ematea.

d.1) Ondare arkeologikoa: Kontzeptu horregatik diruz lagunduko da soilik honako hauek desjabetzea: labar-artedun haitzuloen ingurunea, hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak eta monumentu megalitikoak, baita bi azken horietako inguruneak ere.

d.2) Ondare eraikia: Babes bereziko kultura-ondasun higiezinen eta beren inguruaren desjabetzea bakarrik lagundu ahalko da diruz kontzeptu horrengatik, baldin eta monumentu-deklarazioa badute edo multzo bateko parte badira.

 

e) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartutako ondasunak edo babestuak izateko espedientea irekia dutenak zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko beste edozein jarduera; betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako helburuekin bat badator, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren beste agindu espezifiko batzuetan jasota ez badago.


 

Aurrekontuko zuzkidura

2.100.000 euros

Prestazio ekonomikoa

Lehenengo artikuluan aurreikusitako helbururako baliabide ekonomikoak bi milioi eta ehun mila euro (2.100.00) izango dira; horietatik 700.000 euro 2019. urteko ordainketa-kredituei dagozkie, 700.000 euro 2020. urteko konpromiso-kredituei eta, azkenik, 700.000 euro 2021. urteko konpromiso-kredituei.

Agindu honetan xedatutakoaren arabera emango diren dirulaguntzen gehieneko muga hauxe izango da: diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren (BEZa barne dela) ehuneko ehun (% 100). Alde zaharretan diren jabetzen lotekako banaketa-erregimenari eusteko dirulaguntzen kasuan, berriz, diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren ehuneko hamabost (% 15) izango da gehieneko muga (BEZa barne dela). Inoiz ere ez da onartuko gainfinantzaketarik. Agindu honen babespean ematen den dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da inoiz izango 200.000 eurotik gorakoa.

Hori guztia, betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruaren barruan.

 

 

 

 

Ordainketa-modua:

Agindu honen babesean eman beharreko dirulaguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, emandako dirulaguntzaren herena ordainduko da, behin 19.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako kopuruari dagokionez, laguntza emateko ebazpenean adierazitako moduan ordainduko da, aurrez gastua justifikatu ondoren. Zatika ere ordaindu ahal izango da, finantzatutako jardueraren gauzatze-mailaren arabera; bi ordainketa egin ahal izango dira, bat urtealdi bakoitzean.

Nori dago zuzenduta


Pertsona fisikoak edo juridikoak

Ondasunen jabe diren pertsona fisikoek edo irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko publiko zein pribatuek.

Betekizunak

  • Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.
  • Pertsona fisiko nahiz juridikoek beteta izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak

  • Amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

  • Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dago diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duten lege-debekuen eraginpean, beren-beregi sexu-diskriminazioagatiko lege-debekuen eraginpean.

  • Pertsona edo erakunde eskatzailearen betekizunak egiaztatzeko, izan pertsona fisiko edo juridiko, organo emaileak ofizioz bildu eta kontsultatu ahalko ditu administrazio publikoen esku dagoen dokumentu eta datu oro, zerga-betekizunak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzearen egiaztagiriak barne Hala ere, pertsona fisikoen kasuan, horiek kontsultatzea berariaz aurkaratu daiteke. Horretarako, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.
  • Administrazio publikoek egiaztatu egin beharko dute jarduera egiteko kreditu nahikoa dagoela haien aurrekontuetan; halakorik ezean, organo eskudunak erabaki bat hartu beharko du jarduera hori burutzeko aurrekontu-partida bat gaitzeko.
  • Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan bildutako onuradun izateko debeku oro aplikatzekoak izango dira.

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Kultura eta Hizkuntza Politika / Kultura Sailburuordetza > Kultura Ondarearen Zuzendaritza

Ebazten duen erakundea

  • Kultura eta Hizkuntza Politika / Kultura Sailburuordetza > Kultura Ondarearen Zuzendaritza

Kontaktu-informazioa


Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Tramitazio elektronikoan arazorik baduzu, erabiltzaileentzako arreta zentroaren telefonoa erabili dezakezu: 945 01 68 38

Kodea

0034805

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Eskabidea kanal presentzialatik aurkeztu nahi baduzu, eskabide-orria betetzeko bi aukera dituzu:

1. Eskabide-orria ordenadorean bete eta datuak Administrazioaren sistema informatikoan "gorde".

  • Geroago eskabide-orria inprimatu, eskuz bete eta sinatu, eta aipatutako lekuetan aurkeztu beharko duzu, eskabideak aurkezteko deialdiak ezarritako epean.
  • Aukera hau erabiliz, zure eskabide-orria Administraziora heltzen denean dagoenekoz zure datuak tramitazio-bulegoaren eskutan egongo dira, horrela espedientearen tramitazioa erraztuz.
  • Administrazioak eskabide-orriaren datuak hilabete batean gordeko ditu eta Administrazioak datu hoiek bakarrik erabiliko ditu baldin eta zuk paperezko eskabidea goian aipatutako lekuetan epe barruan aurkezten duzun.

2. Eskabide-orria bete gabe inprimatu, eskuz bete eta sinatu eta aipatutako lekuetan aurkeztu, eskabideak aurkezteko deialdiak ezarritako epean.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

Sei hilabeteko epea, Agindua EHAAn argitaratzen den eta hurrengo egunetik hasita.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketa

Isilbidearen ondorioak

Gaitzetsiak

Justifikazioa


Ezarritako baldintzak betetzen dituzula eta aurreikusitako helburuak lortzen dituzula justifikatzeko.

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Ziurtagiri elektroniko bat izan behar duzu.
  4. Sartu zaitez Nire karpeta aplikaziora.

 

 

  1. Bete eta inprimatu itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa.
  3. Aurkeztu dokumentazio guztia adierazitako lekuren batean.

Beste tramite batzuk