BURKE, PETER
Lenguas y comunidades en la Europa moderna

1040an asmatu zuen inprenta Bi Sheng-ek, Txinan. Europan, Gutenberg dugu asmatzailea, 1450ean. Liburu honetan, Peter Burkek Europan hitz egin eta idatzi diren hizkuntzen historia soziokulturala egin du, inprenta asmatu zenetik 1789 bitartean, Frantziako Iraultza arte, alegia. Europako hizkuntza askoren historiaz ari da Burke lan honetan, askotariko testuinguruak kontuan harturik.

Lenguas y comunidades en la Europa modernaLiburuaren egile Peter Burkek adierazten duenez, Europan eta Europako hizkuntzak hitz egiten ziren lekuetako hizkuntzen eta komunitateen arteko harreman aldakorrak erakustea da lan honen helburua. Horretarako, inprenta garaitik Frantziako Iraultza bitarteko aldia hartu du aztergai. Egileak historian zehar izan diren gertakari garrantzizko zenbaiten inguruan josi ditu liburuko atalak.

Egileak hiru arazo nagusi azpimarratu ditu gisa honetako historia egiterakoan. Batetik, denborak markatu behar izan ditu; bestetik, dokumentazioa baliatu; hirugarrenik, azalpenak eman. Denborari dagokionean, hizkuntza bakoitzak berezko kronologia du. Elizako eslavierak, adibidez, 1100 eta 1700 artean jo zuen gaina. Hizkuntza zeltek 1550 eta 1700 artean izan zuten "aro iluna". Norvegian, berriz, 1530 eta 1814 artean daniera izan zen hizkuntza hegemonikoa. "Finlandiera zaharra"-k, bestalde, 1540tik 1820ra bitarte iraun zuen… Burkek, esan dugunez, XVI. mendearen erdialdean -inprentaren asmakuntza garaian, alegia-, ezarri du hasiera, gertakari hark erabateko eragina izan zuelako hizkuntza idatzian eta are -luzaro, bederen-, baita mintzatuan ere. Liburuak hartzen duen amaierako garaiari denaz bezainbatean, XVIII. mendearen hondarra seinalatu du egileak, ordukoa baita nazio kontzientziaren eta hizkuntzen plangintzaren sorrera. «Frantzian, esaterako, Iraultza garaian, Henri Gregoire, apaiz eta Batzar Nazionaleko diputatua, frantsesaren erabilera Frantziako zoko guztietara zabaltzearen aldekoa zen "hiritarrak masa nazional batean urtzeko" asmotan».

Dokumentazioa izan du Burkek bigarren zailtasuna. Hizkuntza idatzia ez ezik, mintzatua ere aztergai izan du egileak eta, horretan, bai hizkuntza idatziari eta bai inprentari dagokion dokumentazioa ez da urria. Hizkuntza mintzatua dela-eta, hura berreraikitzen saiatzea da kontua. Erregistro judizialak, antzerki-lanak, hiztegiak eta beste, nahitaez jorratu beharrekoak dira. Hizkuntza-kontzientzia lantzekotan, adibidez, atzerriko bidaiarien lekukotasunetara jo behar da, haien belarri-zuloek hobeto igartzen zieten-eta tokian tokiko hizkeraren berezitasunei. Burkek kontatzen du Philip Skippon ingelesak Italiari itzulia egin ziola XVII. mendeko hirurogeiko hamarkadan. Bidaiariak idatzi zuenez, jendeak irri eta hitz egiten zuen mezatan edo, Venezian, baita udaletxeko bilkuretan ere. Zioenez, antzezpenaren garaian ikusleek zorua ostikoz jotzen zuten, txistu egiten, eta batak besteari hots egiten zioten; eta «agertokitik hurbil jartzen zirenek aktoreen lana etenarazi eta haiekin berriketan hasten ziren». Skipponek, gainera, birao erabilienak eta bateko eta besteko erregioetako azentuen arteko ezberdintasunak bildu zituen… Haren arabera, Milanen «jendeak ez ditu hitzen amaiera bokalak ahoskatzen» eta Bolognan, bestalde, «herri xeheak italiera biziatua darabil, azken bokalak etenez eta hitzak bilduz».

Hirugarren problema, azkenik, azalpena dugu. Alegia, bi eratara azal liteke hizkuntza-aldaketa, barrutik ala kanpotik. Kultur historia duenez helburu, Burkek kanpo eragileak aztertzera jo du liburu honetan. Alabaina, ez du baztertzen egiturak eta ekintzak duten garrantzi erlatiboa. Egituraz ari garela, XIX. mendeko hizkuntzalariek eboluzioan ari zen organismotzat zeukaten hizkuntza. Berrikiago, estrukturalistek eta postestrukturalistek -Jacques Derridak, kasu-, diote gizakiek hizkuntza kontrolatuko balute bezala jokatu arren, benetan hizkuntzak kontrolatzen dituela haiek. Ekintzari dagozkion azalpenek diotenez, aldiz, "hiztunek, eta ez hizkuntzak, eraberritzen dute" egunero-eguneroko hizketaren bidez. Norbanakoek, dena den, beren egitekoa dute hizkuntza aldaketan: Martin Luterok aldaketak eragin zituen alemanean; Shakespearek, ingelesean… Aro Modernoan, berriz, ekintza kolektibo kontzienterik ere bada. Hizkuntza-plangintzarik ez bada ere, kanpainak izan badira, eta garbizalekeria borrokak dira adibide. Eta ekintza kontzienteen nahigabeko ondorioak ere aintzat hartzeko modukoak dira, zalantzarik gabe: XVI. mende amaieran espainiar armadak Felipe II.aren kontrako altxamendua zapaldu zuenean Anberesen eta Ganten, hegoaldetik iparraldera migratu zuten bertakoek eta nabarmen eragin zuten iparraldeko hizkuntzan... Eztabaidak gorabehera, hala komunitateek nola norbanako hiztunek, biek ere rol aktiboa jokatu dute hizkuntzaren historian.

Burkeren liburuak, finean, historia bat kontatu nahi digu. Latinaren erabilera bera ez ezik, erabilera hura lagundu zuten komunitateen gaineko ikerketa eginez hasten da. Ondoren, hizkuntza bernakularren garatzea izango du aztergai. Hurrena, hizkuntza bernakularren normalizazioa. Hizkuntza bernakular "etsaien" arteko elkarreraginak, berriz, hizkuntzen "nahastea" ekarriko zuen. Nahaste prozesuek kontrako erreakzioak eragin zituzten, hots, garbizale mugimenduak. Hauek indartu zirenean, azkenik, hizkuntzen "nazionalizatzea" gertatu zen, hau da, XVIII. mendetik honako prozesua... Horraino heldu da Peter Burke lan honetan. Bitartean, Europako hizkuntza askoren historia kontatu du, askotariko testuinguruetan.

Aurkibidea:

  • Prólogo. Comunidades y ámbitos de habla
    • I. "Dime cómo hablas y te diré quién eres": el descubrimiento de las lenguas en la Europa moderna
    • II. El latín: una lengua en busca de comunidad
    • III. La competencia de las lenguas vernáculas
    • IV. La normalización de las lenguas
    • V. La mezcla de las lenguas
    • VI. La purificación de las lenguas
  • Epílogo. Lenguas y naciones
  • Apéndice I. Cronología 1450-1794
  • Apéndice II. Lenguas europeas 1450-1789

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Gaztelania
  • Argitaletxea: Akal ediciones
  • Urtea: 2006
  • Orrialdeak: 240
  • ISBN: 84-460-2301-6

* Liburu hau HABEren liburutegian eskura daiteke.