PACO CEPEDA, TOURREKO LEHEN HILDAKOA
egilea: Ander Izagirre,
Bost txirrindulari zihoazen La Romanche haitzartean behera. 1935eko Tourreko zazpigarren etapan Galibierreko igoeran sakabanatu ziren hainbeste taldetxoetako bat osatzen zuten, eta txandaka hegan egiten zuten Grenoblera ahalik eta atzerapen txikienarekin iristeko. Haien artean Francisco Cepeda zihoan, Sopuertakoa. Rioupéroux herria igaro bezain laster, Cepeda lurrera erori zen bihurgune batean eta Adriano Vignoli bota zuen. Italiarrak lepauztaia hautsi, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Euskalduna bizikletara igo eta berriro abiatu zen, baina metro batzuk aurrerago konortea galdu zuen. Espainiako selekzioko autoan Grenobleko ospitalera eraman zuten eta han garezurra hautsi zuela diagnostikatu zioten. Garezurra trepanatu zioten hematomaren presioa murrizteko. Baina hiru egun geroago hil zen, 29 urte zituela.

Cepeda irribarretsu agertzen da erretratuetan, ilea gominaz atzeraka orraztuta, bekoki zabala, sudur handikoa, masailezur nabarmena, konfiantzaz betea. Bake-epaile gisa lan egiten zuen. Udal gatazka txikiak konponduz ateratzen zuen bizimodua, baina benetan bizikletan bulegotik ihes egiten zuenean bakarrik gozatzen zuen. Hasieran, neskalaguna bisitatu eta itzultzeko: hirurogei kilometro, entrenamendu gisa. Gero lasterketetan izena eman eta horietako asko irabazteko, Getxoko Zirkuitua, Pazko Sari Nagusia, brontzezko domina Espainiako txapelketan, abentura handiarekin ausartu zen arte: 1930eko Tourra. Frantziako proba amaitu zuen lehen euskalduna izan zen, 27. postuan. Eta ez zuen berriz bukatzerik lortu: 1931n gaixorik erretiratu zen ia amaieran; 1933an kontroletik kanpo iritsi zen lehen etapan, Jean-Baptiste Intzegarai lapurtarra bezala; gero, txirrindularitzatik erretiratu zen, baina bulegoan ezin izan zion bizikletan aritzeko gogoari eutsi eta Orbea talde indartsuan sartu zen berriro. 1935ean historiako lehen Espainiako Vueltan parte hartu zuen eta 17. postua lortu zuen. Ez zuen nahikoa izan Tourrerako Espainiako selekzioan sartzeko, baina ez zuen zalantzarik izan: txirrindulari independente gisa izena eman zuen, bere aitak errieta egin zion arren, nahiago baitzuen bere semea bere epaile postuan ikustea, bulegoko erosotasunean, soldata ona bermatuta, lasterketa basati hartako miseriarik pasatu gabe. Edonola, Cepedak bulegoko eserlekua utzi, zelaren gainean jarri eta barrua jaten zion bizikleta grina askatu zuen. Gerora betiko irentsiko zuena.

Istripuaren inguruabarrak oso nahasiak izan ziren, eta era guztietako bertsioak zabaldu ziren, Tour hura gertakari gorabeheratsuz josita baitzegoen. Erakundeko auto batek Cepeda harrapatu zuela zabaldu zen. Egia esan, auto horrek beste txirrindulari batzuk harrapatu zituen etaparen hasieran: Gustaf Danneels, Belgikako txapelduna, eta bi Tour irabazi zituen Antonin Magne, zauriengatik erretiratu ziren. Grenobleko egun hartako irabazlea, Francesco Camusso, egun batzuk geroago erretiratu zen, taldeko auto batek harrapatuta.
Lekuko batzuek adierazi zuten Cepedak bizikletaren kontrola galdu zuela bat-batean. Auzi judiziala sei hilabete geroago artxibatu zuten, inolako azalpenik eman gabe, baina hipotesi bat nagusitu zen: Cepedari hagunaren tubularra askatu zitzaion.
Tourreko antolatzaileentzako hipotesi deserosoa zen. Edizio hartako bigarren etapan, ihesean zihoazen lau txirrindulariei bata bestearen atzetik zulatu zitzaizkien gurpilak. Archambaud faboritoak ere sei zulatze izan zituen eta ordu erdi galdu zuen. Aurreko Tourrean bigarren egin zuen Giuseppe Martanok horrenbeste zulatze izan zituen, etsita lasterketa utzi behar izan zuela. Ez zen ikusle batzuek errepideak iltzez betez zulatzeak eragiteko erabili ohi zuten trikimailua (ez guztientzat, bere herriko txirrindulariei, libratzeko, errepideko zein aldetatik pasatu behar ziren abisatzen baitzieten). Urte hartan antolakuntzak emandako gurpilek, lehen aldiz, duraluminiozko hagunak zeramatzaten, zurezko hagunen ordez. Egun beroetan, metala sutan, tubularrak lehertu egiten ziren. Edo askatu egiten ziren, kola urtu egiten baitzen. Egun beroetan edo jaitsiera luzeetan gertatzen zen, Galibierrekoan bezala, balaztatzeko zapaten igurtziak hagunak berotzen zituenean. Antolatzaileak oin puntetan pasatu nahi zuten gai honekin, zigor judizial bat jaso zezaketelako. Baina zulatzeak, tubular ateratzeak eta ondorengo erorikoak horrenbeste ugaritu ziren, istripua gertatu eta hiru egunera, Cepedaren heriotzaren berri izan zenean hain zuzen, zurezko hagun zaharrak lehengoratu zituztela.

Bizkaitarra izan zen Tourrean lehian hil zen lehen txirrindularia, nahiz eta beste txirrindulari bat hil zen atseden egun batean 1910eko edizioan. Adolphe Hélière isolé (isolatu, talde gabe) gisa lehiatu zen mutila akituta iritsi zen Nizako helmugara 345 kilometroko etapa baten ondoren, irabazlearengandik bederatzi ordu eta erdira. Hondartzan lo egin zuen, isolé askok egin zuten bezala, nahiago baitzuten dirua hoteletan aurreztu eta janarian, lasterketarako erregaian, gastatu. Biharamunean, Hélièrek tripakada ederra egin zuen, itsasoan murgil egin zuen eta kolpe termiko bat izan zuen. Hondarrera atera zuten, suspertzen saiatu ziren, han hil zen. 19 urte zituen eta, kideen arabera, ilusio handia egiten zion Rennesetik, bere jaioterritik igarotzeak, etapa batzuk aurrerago.
Cepedaz gain, beste bi txirrindulari hil dira lasterketan Tourrean zehar: Fabio Casartelli italiarra, 1995ean Portet d'Aspet mendatearen jaitsieran zementuzko horma baten kontra burua kolpatu zuena, eta Tom Simpson britainiarra, 1967an Mont Ventouxeko igoeran beroa, alkohola eta anfetamina nahasketa baten ondorioz lehertu zena. Simpsonen telebistako irudiek bizikleta gainean sigi-saga, erori baino segundo batzuk lehenago, txirrindularitzaren mundua hunkitu zuten eta bere arauak aldatu zituzten. Hurrengo urtean, Tourrak dopinaren aurkako kontrolak ezarri zituen lehen aldiz.
Ramon Mendiburu txirrindulari donostiarra Ventouxeko gertaera haren lekuko izan zen.
- Egun hartan, Marseillako irteeran, egundoko eguzkia zegoen. Ez dut inoiz ahaztuko Tom Simpson ubide batetik txanoarekin ura biltzen eta burutik behera botatzen. “Orain erreta bazaude, nola egongo zara berrehun kilometro barru…” pentsatu nuen. Gogoan dut, halaber, Jesus Aranzabalek lasterketa betean burua aska batean sartu zuela, lika guztia belarrietatik zintzilik zuela atera zela... eta norbaitek freskatzen utzitako bi xanpain botilekin. Ventoux taldetxo batean igo nuen Stablinskirekin. Tontorrerako kilometro pare bat falta zirenean, harritza hartan, jende multzo bat ikusi genuen bide bazterrean, lurrean botatako txirrindulari baten inguruan. Dumas doktorea ahoz ahokoa egiten ari zitzaion. Stablinskik galdetu zuen: “Qui est-ce?”. “C’est Tom, c’est Tom!”.
Txirrindularitza poztasunaren eta estutasunaren arteko jolasa da. Beste edozein kiroletan bezala, larrialdiko iragarpenak daude aurretik: sirena-uluak dituzten motorrak, bozina hotsak ematen dituzten autoak, helikopteroen burrunbak. Ikusleak irrikaz itxaroten du bide ertzean. Zerbait pasako da. Eta pasatzen da, multzo azkar bat igaroten da, kolore eztanda, piroteknia. Ikusleak ume zoriontsu bat balitz moduan txalotzen du, baina, era berean, gertu-gertutik ikusten ditu eszena gogorragoak: sufrimenduzko keinuak, izerdia darien sudurrak, begirada galduak, Cepedarena bezalako erorketa izugarriren bat. Bataila asmatua da, baina mina benetakoa da. Txirrindularitzak ez du liluratzen heriotzarekin jolasten duelako, baizik eta arriskua eta sufrimendua onartzeko giza gaitasun bitxi horrekin mugaraino jolasten duelako. Eta badakielako –mundu guztiak jakin beharko luke- zentimetro bat harago ez dagoela erremediorik.
