Igor Antón: "Grand Départ Pays Basque zaleentzako omenaldia da"
Igor Anton (Galdakao, 1983) txirrindulari profesionala izan zen 2005etik 2018ra. Euskaltel Euskadi, Movistar eta Dimension Data taldeetan ibili zen eta palmares bikaina lortu zuen, 14 garaipen guztira: Espainiako Itzulian lau etapa, bi Suitzako Tourrean, bat Italiako Giroan eta beste bat Romandiako Tourrean, hauek guztiak World Tour mailako lasterketatan, nazioarteko txirrindularitzaren maila gorenean. Gainera, Montjuiceko Igoeran, Urkiolako Igoeran, Gaztela eta Leongo Itzulian eta Asturiasko Itzulian garaipenak lortu zituen ere.
- Lau urte igaro dira bizikleta profesionalki utzi zenuenetik... Zertan aritu zara orduz geroztik?
Zentzu askotan pertsona pribilegiatua sentitzen naiz. Hamalau urtez txirrindulari profesional gisa egin dudan bideak aukera eman dit nolabaiteko askatasuna lortzeko interesatzen zaizkidan bizitzako alderdiei denbora eskaintzeko, neure burua lan horietan ezagutzeko, jarduera desberdinetan nola moldatzen naizen jakiteko...
Urduria naiz eta orain, lehen egin ezin nituen gauzak egiten nabil. Adibidez, Galdakaoko txirrindularitza eskola berreskuratzeko lanean buru-belarri sartuta nago. Eskola horretan hasteko zortea izan nuen, eta orain suspertzen ari gara. Pixkanaka–pixkanaka indarra hartzen doa. Herrian gero eta gehiago ezagutzen gaituzte eta oso pozik gaude izan dugun harrerarekin. Txirrindularitzan jarraitzen dut, baina harrobian.
Komunikabideren batekin ere harremana dut, eta horrek azken albisteen gainean egotera behartzen nau, baina txirrindularitza gustoko dudanez, ez da arazoa. Igande honetan Marino Lejarreta klasikora noa, gero Menorcara noa beste batetan parte hartzera, Samuel Sanchez, Iban Mayo eta Joseba Belokirekin batera. Txirrindularitza beti egongo da presente nire bizitzan.
Azken urte honetan gutxiago ibili naiz bizikletan familiarekin bidaiatzen ibili naizelako. Bidaiatzea gustoko dut, bikotearekin, alabarekin, aitarekin... Adibidez, Tourraren irteeran egon nintzen Danimarkan, beste leku askoren artean. Nik neuk furgoneta bat egokitu dut eta mugitzen joaten gara… Hori da lehen aipatzen nuena. Interesa sortzen didaten eta neure burua ezagutzen laguntzen didaten gauzak egitea. Pasioak mugitzen nau.

- Hamalau urte profesionaletan... Zein da geratu zaizun oroitzapenik onena?
Jendeak pentsa dezake garaipenak direla, baina beste oroitzapen berezi batzuk ere baditut. Lekuak, pertsonak eta proiektuak ezagutzea. 2005eko Italiako Giroan estreinatu nintzenetik, Dimension Data taldeko azken urtera arte, paisaien eta esperientzien segida ikaragarria izan da. Bilbon eta Zoncolan Mendian eskuratutako garaipenak une ahaztezinak dira, etxeko taldearekin gainera, baina Dimension Datan azken urtean bizitakoa ere oso berezia izan zen. Proiektu ederra zen, eta ekintza asko abiarazi genituen Afrikako haurrei laguntzeko. Ekimen solidario asko bizikleten bidez bideratzen ziren eta oso aktiboak ginen, oso aberasgarria izan zen niretzat, pertsonalki. Nazionalitate askoko taldea zen, eta buru-belarri ibili ginen lan horiek sustatzen. Esperientzia handia eta polita.

- Une txarrak ere izango ziren, hala nola erorikoak, sakrifizioak... merezi du?
Bai, dudarik gabe. Erabat. Jakina, egon dira gabezia-uneak, familiarekin eta lagunekin ezin egotekoak, ospakizunetara ez joatekoak...Kirolari profesionalei gertatzen zaie hori, bai. Disziplina gogorra ezartzen diozu zure egunerokoari, nekea pairatu behar duzu, batzutan burugogorra ere izan behar zara… Jarrera horrek urrunago iristeko aukera ematen dizu, eta bizitzarako ikasgaiak dira ere. Jarrera baikorrarekin bideratu behar da prozesua. Asko gustatu zitzaidan Rigoberto Uranek aurtengo Vueltan nola hitz egiten zuen entzutea. Garaipen bikaina eskuratzeaz gain, jarrera positiboa izatearen garrantzia azpimarratzen zuen beti, bideaz gozatzearena eta arrakasta ez bazen lortzen, hurrengo egunean berriro ere umore onez jaiki eta berriro saiatzearena. Bizitzarako balio duen filosofia da.
- Haurtzaroko Frantziako Tourraren lehen oroitzapena?
Oroitzapen multzo oso ona dut. Tourrera joan nintzen lehen aldia zoragarria izan zen. Juniorra nintzen. 2001. urtea, marea laranjaren lehena. Luz Ardidenen nengoen, eta Laisekaren garaipena bertatik bertara bizi izan nuen, zuzenean. Ondoren Robertoren taldekidea izan naiz. Momentu hori itzela izan zen, oroitzapen ezabaezina.
Tourraz jabetzen hasteari Ramontxu González Arrieta herriko txirrindulariari zor diot. Ramontxu Miguel Indurainen taldekidea izan zen 1994ko eta 1995eko Frantziako Tourretan. Herrira etortzen zenean harrera egiten zitzaion eta oso hunkigarria zen. Garai horretan ez nuen txirrindularitza telebistan asko jarraitzen. 1996an hasi nintzen, Miguelek seigarrena irabazi ezin izan zuenean. Gogoan dut urte hartan Arratera joan nintzela Indurain ikustera, irabazi zuen Euskal Bizikletara. Hortik aurrera txirrindularitza gehiago jarraitzen hasi nintzen. Joane Somarribak Tourrean lortutako garaipenak ere oso ondo gogoratzen ditut, 2001eko Tourra Bilbon...

- Zeintzuk ziren zure errefenteak? Zergatik?
Hiru txirrindularik liluratu naute. Alde batetik, Pantani. Txirrindularitzan eta lasterketetan hasi nintzenean Pantani izar handia zen. Sekulako erasoak, zelako abiadura igotzen, garaipenak eskuratzeko modua… Ikuskizun hutsa zen. Beste erreferenteetako bat Ramontxu izan da, herriko txirrindularia, nire eredua gazte nintzela. Eta azkenik, Roberto Laiseka. Estilo berezi hori, gorputza estutzeko modu hori, Luz Ardidenen lortutako garaipena… eta gero taldea partekatu ahal izatea. Arrastoa utzi didaten hiru txirrindulari izan dira.
- Zer izan daiteke Grand Départa Euskadirentzat?
Zaleei egindako omenaldia dela iruditzen zait. Azken urteetako nahigabeen ondoren, Tourra Euskadira iristea momento handia izango da, bai ekonomia bai kirol mailan. Alde batetik, Euskadi kalitatezko turismoaren lurraldea da, eta inpaktu ekonomiko handia izango du. Garai hauetan oso kaltetuak izan diren sektoreek, hala nola ostalaritzarena, Tourraren etorrera topera ustiatzen jakin behar dute. Kanpoko jende asko etorriko da … Irteera handia ekartzeko ahalegina egin da, baina saria zoragarria izango da.
Oso ekitaldi onuragarria izango da Euskadirentzat, eta ziur harrobira ere iritsiko dela zerbait. Ea txirrindularitza eskoletan ere eragiten digun. Txikiak dira kirol honen zumeak, etorkizuna hain zuzen ere, eta harrobia zaindu eta ureztatu egin behar dugu, Euskadin txirrindularitzarekiko pasio hori hazi eta haziarazi daigun. Munduko bizikleta ekitaldirik handiena izango dugu gure kaleetan.

- Zaleentzako mezurik?
Errepidera atera daitezela Grand Départaren esperientzia bizitzera, oso, oso handia baita. Alferkeriarik ez izatea eta etapa guztietara hurbiltzea, merezi duen ekitaldia baita. Errespetatu ditzatela txirrindulariak, nahiz eta zorionez Euskadin oso kontzientziatuta gauden horren inguruan. Azken finean, udako egun batzuk dira, oporretako giroa izango da, eta etxean hain ikuskizun handia izateaz goza dezatela.