Soldata-arrakala horri beste errealitate bat gehitzen zaio, hain agerikoa ez dena, baina era berean garrantzitsua: kontsumo-eremu jakin batzuetan, emakumeek gehiago ordain dezakete produktu eta zerbitzu baliokideengatik.
Eguneroko ekintzak, hala nola erosketak egitea, higiene pertsonaleko produktuak erostea edo zerbitzu jakin batzuetara jotzea, ez dira neutroak ikuspegi ekonomikotik. Generoaren arabera ondasun eta zerbitzu batzuen prezioetan aldeak daudenean, kontsumoak arreta merezi duen dimentsio soziala hartzen du.
Ordainsari txikiagoa duten sektoreetan emakume gehiago egoteak, nahi gabeko partzialtasunak eta erantzukizun handiko lanpostuetan ordezkaritza txikiagoa izateak eragina dute haien erosteko ahalmenean. Inguruabar horiek eragina dute aurrezteko aukeran, kreditua eskuratzean eta, epe luzera, pentsioen zenbatekoan.
Testuinguru horretan kokatzen da, halaber, "tasa arrosa" edo pink tax izenez ezagutzen den fenomenoa, berariaz emakumeei zuzendutako produktu eta zerbitzu batzuetan antzemandako gainkostuari erreferentzia egiten diona. Batzuetan, diferentzia diseinura, kolorera edo marketin-estrategiara mugatzen da, konposizioan edo kalitatean funtsezko aldaketarik egon gabe.
Fenomeno hori, nagusiki, honako hauetan behatu da:
- Norberaren zaintzarako produktuak: kosmetiko, krema, xanpua edo higiene-gai jakin batzuek prezio altuagoak dituzte emakumeei zuzendutako bertsioetan.
- Arropa eta osagarriak: emakumezkoen jantzi batzuek prezio altuagoa izan dezakete gizonentzako antzeko gaiekin alderatuta.
- Zerbitzu pertsonalak: establezimendu jakin batzuetan, ilea mozteko zerbitzuetan edo beste tratamendu batzuetan, tarifa desberdinak izan ditzakete.
2015ean New York City Department of Consumer Affairs erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera, produktu-lagin zabal batean, emakumeei zuzendutako artikuluek, batez beste, gizonezkoen baliokideek baino prezio handiagoa zuten.
Bestalde, hilekoaren osasunari lotutako gastu espezifikoak daude — hala nola higiene-produktuak eta minarentzako sendagaiak —, bizitza emankorrean kostu gehigarri iraunkorra dakartenak.
Kontsumo-ohiturak ez dira modu isolatuan sortzen; gizarte-rolek eta -itxaropenek eragina duten sozializazio-prozesu baten parte dira. Publizitateak eta merkatu-joerek erosketa-eredu jakin batzuk indartu ditzakete, bereziki irudi pertsonala edo moda bezalako eremuetan.
Era berean, hainbat analisik adierazten dute emakumeek funtsezko zeregina dutela etxeetan kontsumo-erabakiak hartzeko orduan. Posizio horrek merkatuan eragiteko gaitasun handia ematen du.
Kontsumitzaileen babesaren ikuspegitik, informazioa eta konparazioa funtsezko tresnak dira justifikatu gabeko gainkostuak saihesteko. Produktu guztiek ez dute prezio-desberdintasunik, eta horiek ez dituzte beti kalitate-irizpide objektiboak betetzen.
Erosketa bat egin aurretik, hau gomendatzen da:
- Unitateko prezioa konparatu (€/ kg, €/ l, €/ ml).
- Produktuaren osaera eta benetako ezaugarriak berrikusi.
- Diseinuak edo marketinak prezio-aldea justifikatzen duten baloratzea.
- Hainbat publikotarako merkaturatutako bertsioak kontrastatzea.
Kontsumo arduratsu, kritiko eta informatuak ekonomia pertsonala eta familiarra hobeto kudeatzen ez ezik, merkatu-praktika gardenagoak eta bidezkoagoak sustatzen ere laguntzen du.