- Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak konpromisoa aldarrikatu du indarraren erabileraren gero eta banalizazio handiagoa, desberdinaren deshumanizazioa eta Legearen izena galtzea berekin dakarren testuinguru sozial eta politiko batean
Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék gaur defendatu duenez, bizikidetza ez da soilik indarkeriarik eza, “egunero eraikitzen da desberdintasunak errespetatuz, askatasunak defendatuz, biktimak aitortuz eta inor ere bere eskubideetatik kanpo geratzen ez dela bermatuz”. Indarraren erabilera banalizatzea, desberdina deshumanizatzea eta Legearen izena galtzea berekin dakarren testuinguru batean, gizarte osoaren konpromisoa eskatu du.
San Josék Jueces y Juezas para la Democracia 40. Kongresuaren inaugurazioan parte hartu du gaur Donostian. ‘Basakeria edo Zuzenbidea: Bidegurutzea gizateriarentzat’ goiburuarekin, Félix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak, Esther Erice Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak eta Goizane Álvarez Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak parte hartu dute. Alfonso Gómez Justiziako sailburuordea eta Inés Soria Departamentu Politikako aholkularia ere bertan izan dira.
Bere hitzaldian, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua Zuzenbideak eta erakunde demokratikoek bete behar duten eginkizunaz aritu da, “giza eskubideen babesak gero eta erronka konplexuagoei aurre egin behar dien mundu honetan” eta “indarraren erabileraren gero eta banalizazio handiagoa, desberdinaren deshumanizazioa eta Legearen izena galtzea ikusten ari garen” testuinguru batean.
Ildo horretan, gogorarazi duenez, “zoritxarrez, Euskadik giza eskubideen urraketa larriz, oinarrizko askatasunekiko, giza duintasunarekiko eta Zuzenbide Estatuarekiko errespetu faltaz betetako iragana du”. Oso ondo dakigu, azpimarratu duenez, “zer den basakeria. Gure historiak erakutsi digu zuzenbideak eta erakundeek duten balioa pertsona guztien askatasunak eta duintasuna bermatzeko”. Horregatik, esperientzia hori baliatzen dugu “gure oraingo erantzukizunean, baina baita gizarte bidezkoagoa, pluralagoa eta giza eskubideekiko errespetutsuagoa lortzen laguntzeko dugun borondatean ere”.
Erakunde demokratikoak indartzea
Ildo horretan, azpimarratu du bizikidetza ez dela soilik indarkeriarik eza, “egunero eraikitzen da desberdintasunak errespetatuz, askatasunak defendatuz eta inor ere bere eskubideetatik kanpo geratuko ez dela bermatuz”.
San Josék defendatu duenez, “Zuzenbidea ez da soilik arau multzo bat. Boterearen mugak aitortzearen bermea da, zigorgabetasunaren eta basakeriaren aurkako defentsa-horma”, eta hor “funtsezkoa da administrazioen eta epaileen lana, bai eta gizarte osoarena ere”.
Horregatik, amaitzeko, esan du “gure erantzukizuna argia da: erakunde demokratikoak indartzea, independentzia judiziala errespetatzea eta giza eskubideak babestea, konkistatutako aurrerapenetan milimetro bat ere amore eman gabe, ez baitago erabateko demokraziarik justiziarik eta giza eskubiderik gabe, eta ez baitago giza eskubiderik erabat bermatuta konpromiso demokratiko irmorik eta horiek defendatzeko esparru juridiko sendorik gabe”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)