- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak Mondragon Unibertsitateko 2026-2027 ikasturtearen hasiera-ekitaldia zuzendu du.
- Haren titulu dualen izaera “eredugarria” eta ingurune sozioekonomikoarekin duen harreman estua nabarmendu ditu.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias Mondragon Unibertsitateko 2026-2027 ikasturtearen hasiera-ekitaldiko buru izan da gaur, Donostiako Gastronomy Open Ecosystem (GOE) egoitzan egindakoan. Bere hitzaldian, Unibertsitateak prestakuntza-eskaintzaren eta ikerketaren alorretan izan duen bilakaera nabarmendu du, baita enpresa-sarearekin duen lotura estua ere.
Sailburuaren hitzetan, “ikasturte berri bati ekiteak aurrera begiratzea, konpromisoak berritzea eta erronka berriei aurre egitea esan nahi du”. Pérez Iglesiasek adierazi duenez, euskal unibertsitate-sistemak etapa berri bati ekingo dio ikasturte honetan; etapa hori etorkizuneko Unibertsitate Legeak, gaur egun izapidetze-bidean dagoenak, eta 2027-2030 Unibertsitate Planak markatuko dute.
Esparru berri horrek lehentasunen artean jasotzen ditu punta-puntako zientzia sustatzea, unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak sendotzea, nazioartekotzea, eraldaketa digitala eta, bereziki, unibertsitate-komunitatea zaintzea.
Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitatea “etengabe aurrera egiten ari den unibertsitatea” dela adierazi du, bai titulu-eskaintzari dagokionez, bai bertako langileek duten gaitasun zientifikoari dagokionez. Era berean, azpimarratu du titulu berriak abian jartzearekin batera ikasle-kopuruak ere etengabe egin duela gora: azken lau urteetan % 15 handitu da.
Pérez Iglesiasek bereziki nabarmendu du Mondragon Unibertsitateko prestakuntza dualaren eredua eta ingurune sozioekonomikoarekin duen harremana. Ildo horretan, “eredugarritzat” jo ditu bai unibertsitatearen titulu dualak, bai enpresekin duen harremana; izan ere, lotura horri esker, unibertsitateko prestakuntza ekoizpen-sarearen benetako beharretara hurbiltzen da.
Ikerketaren esparruan, sailburuak Mondragon Unibertsitateak egindako aurrerapauso «argiak» aitortu ditu, eta adierazi du, betiere azkarrago aurreratzea desiragarria litzatekeela pentsatzen badugu ere, “abiadura ez dela berez helburua. Helburua punta-puntako ikerketa egitea da”, eta bide horretan ari dela unibertsitatea.
Ildo horretan, zehaztu du Mondragon Unibertsitateko arduradunek “ikerkuntzan hobetzen jarraitzea proposatzen dutela, besteak beste, enpresa- eta kooperatiba-sareak punta-puntako ezagutza behar duelako bere erronkei aurre egiteko eta berrikuntzarako gaitasuna hobetzeko. Eta ezagutza aitzindari hori ikerketa aurreratuaren emaitza da”.
Bestalde, sailburuak gogorarazi du nazioarteko dimentsioa jasotzen dutela bai lege-aurreproiektuak, bai Unibertsitate Planak, eta azken urteotan abian jarritako proiektuak nabarmendu ditu. Haren iritziz, “unibertsitatea mundura irekitzeak aukera gehiago eskaintzea esan nahi du ikasleei eta profesionalei, ezagutza trukatzea erraztea eta esperientzia eta gaitasun berriak eskuratzea. Mugikortasunak eta nazioartean erreferente diren unibertsitate eta zentroetan egindako egonaldiak aukera ematen dute beste errealitate batzuk ezagutzeko, harreman berriak ezartzeko eta unibertsitateko esperientzia aberasteko”.
Sailburuak bere hitzaldian jorratu duen beste gaietako bat eraldaketa digitala izan da. Ildo horretan, azpimarratu du Adimen Artifizialak “aro-aldaketa” dakarrela eta unibertsitatean erabiltzeak irakaskuntza- eta ebaluazio-metodologiak berriz planteatzea ekarriko duela.
Bestalde, azpimarratu du esparru berriaren beste alderdi garrantzitsu bat unibertsitate-komunitateko kideen zaintzari ematen dion garrantzia dela. “Ezin dugu erakunde bikainak izateko asmorik izan, gure gazteek ikasten duten baldintzei, gure profesionalek lan egiten duten baldintzei eta jarduera akademiko eta ikertzailea garatzen den baldintzei erreparatu gabe”, zehaztu du.
Haren iritziz, “Mondragon Unibertsitatea unibertsitatea ulertzeko modu horren adibide ona da. Haren ibilbideak erakusten du posible dela haztea, berritzea eta aurrera egitea, pertsonekiko eta gizartearekiko gertutasuna galdu gabe. Konbinazio hori haren nortasunaren parte da, eta, era berean, haren indargune nagusietako bat”.
Amaitzeko, Bixente Atxari eskerrak eman dizkio Mondragon Unibertsitateko errektore gisa azken hamabi urteetan egindako lanagatik, baita erakutsitako konpromiso eta jarreragatik ere; izan ere, erakundearen buru izanik, hau izan du ikasturte-hasierako azken ekitaldia.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)