- Formatu digitaleko osasun-txartel indibidualak, 2022an abian jarri zenetik, prestazio gehiago ditu; adingabeen kargura dagoen OTI Digitala gaitu da, eta, orain, beste heldu baten OTI Digitala gehitu zaio. Gainera, adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonentzako lehentasunezko OTI digitala atera berri da
- Urrats bat gehiago da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak eredu digitalago, konektatuago eta pertsonalizatuagoaren alde, Euskadiko Osasun Itunaren helburu estrategikoekin bat etorrita
- OTI digitala Euskadiko farmazia eta osasun-zentro guztietan dago martxan, eta dagoeneko 381.000 deskarga inguru ditu; horietatik 37.300 adingabeenak dira
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak handitu egin ditu osasun-txartel indibidualaren formatu digitaleko prestazioak (OTI Digitala), eta, gaurtik aurrera, titularra ez den beste heldu baten osasun-txartel indibidualaren deskarga gaitu du. Adibidez, adineko pertsonen kargura dauden senideek adineko horien osasun-txartel digitalak deskargatu ahal izango dituzte beren telefono mugikorretan.
Nola lortu beste heldu baten OTI DIGITALA?
Beste heldu baten OTI digitala eduki ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona horren baimena izatea. Baimena online aktiba daiteke, ziurtagiri digitalaren bidez (B@Kq edo antzekoa), euskadi.eus webgunean, edo aurrez aurre, osasun-zentroan, formulario baten bidez.
Baimena izapidetu ondoren, APP NIK Patrika digitalaren bertsio eguneratua duen baimendunak mezu bat jasoko du bere aplikazioan, eta pertsona horren OTI digitala deskargatzeko aukera emango dio.
OTI Digitala: prestazio gehiago eskuragarri
Formatu digitaleko osasun-txartel indibiduala (OTI digitala) herritarrentzako zerbitzua da, eredu modernoagoa eta teknologia berrietara egokituta izateko, eta Euskadiko farmazia eta osasun-zentro guztietan dago erabilgarri.
2022an abian jarri zenetik, prestazioak handitzen joan dira. 2024an, Osasun Sailak aukera eman zuen Euskadiko legezko gurasoek eta tutoreek beren telefono mugikorretan izan zitzaten beren ardurapean eta beren osasun-karpetaren baimenarekin dauden 18 urtetik beherakoen osasun-txartel digitalak. OTI digital horrek harrera ona izan du: martxan jarri zenetik, 37.300 deskarga inguru egin dira.
Bestalde, Osasun Sailak, Osakidetzaren eskutik, lehentasunezko OTI bat jarri du abian adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pazienteentzat. Txartel hori dagoeneko eska dezakete, beren borondatez, osasun-sistemaren barruan talde horietako paziente gisa identifika ditzaten. Pazientea OTI digitalean identifikatzeak osasun-sistema publikorako irisgarritasunarekin eta laguntzarekin lotutako abantailekin lotuta egongo da; adibidez, itxarongeletako denborak murriztea, kontsulten denbora paziente horien beharretara egokitzea edo zaintzaileei etengabeko laguntza ematea.
OTI Digitalaren 381.000 deskarga
OTI Digitala duenak osasun-sistemarekin elkarreraginean jardun ahal izango du, bai Osakidetzan, baita farmazietan ere, medikazioa erraz lortzeko: telefono mugikorra erakutsita. Orain arte, OTI Digitalak 380.996 deskarga izan ditu, eta milaka pertsonak dute hori beren telefono mugikorretan. Edonola ere, formatu digital horrek ez du ohiko txartela ordezten; herritarrek osasun-sistemarekin duten interakzioa hobetzeko zerbitzu gehigarria da.
Eredu digitala, konektatua eta pertsonak erdigunean dituena
Osasun Sailak eta Osakidetzak eredu digitalago, konektatuago eta pertsonalizatuagoaren alde egindako apustuaren barruan sartzen da OTI digitalaren prestazioak handitzea, Euskadiko Osasun Itunaren helburu estrategikoekin bat etorrita. Baliabide horien helburua da osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzea, hala osasunean, eraginkortasunean eta, azken finean, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren hobekuntzan eragin zuzena izateko.
OTI Digitalari buruzko informazio gehiago, esteka honetan: osasun txartel indibiduala formatu digitalean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)