Osalanek indartu egin du lan arriskuen prebentzioa autonomoen artean

Argitalpen-data: 

Osalanek autonomoen artean ere zabaltzen du prebentzioaren kultura, nahiz eta indarrean dagoen araudiak ez dituen langile horiek berariaz jasotzen. Langile autonomoen laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko berariazko prestakuntza, aholkularitza eta partehartzea bultzatzen ditu

Osalanek indartu egin du lan arriskuen prebentzioa autonomoen artean

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, Osalanen bitartez, berretsi egin du autonomoen kolektiboaren laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeko konpromisoa, euren beharretara egokitutako sentsibilizazio, prestakuntza eta laguntza ekimen espezifikoak bultzatuz. Lan ildo hori gaur Bilbon egin den jardunaldi batean nabarmendu dute. “Laneko arriskuen prebentzioan aurrera” izenburupean, kolektibo horri eskaini zaion jardunaldia izan da, eta arlo horretako erronka eta aukera nagusiei heldu zaie.

Irekiera instituzionalean, langile autonomoek Euskadiko ehun ekonomiko eta sozialean duten funtsezko zeregina nabarmendu du Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok, eta, azpimarratu du zorrotza den testuinguru batean haien babesa indartzeko beharra. “Gaur egun, inoiz baino gehiago, autonomoa izateak kostu gero eta handiagoei aurre egitea dakar, ziurgabetasun ekonomikoa eta jardueraren beraren mende egotearen ondoriozko presio handia. Horregatik, zuen lan baldintzak indartzea ez da aukera bat: Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da”, adierazi du.

Ildo horretan, Pérez Barredok azaldu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila areagotzen ari dela jarduera espezifikoak Osalanen bitartez; hala nola, prestakuntza egokitua, sektoreka prebentzio materialak egitea, aholkularitza pertsonalizatua eta arrisku handiagoko eremuetara zuzendutako kanpainak. Era berean, balioan jarri du lan merkatu bidezkoago eta orekatuago baterantz aurrera egitearen garrantzia, baita lan autonomoaren aniztasunera egokitutako politika publikoak garatzeko beharra ere.

Osasuna bermatzeko prestakuntza espezifikoa

Bestalde, Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Lourdes Íscarrek azpimarratu du oso garrantzitsua dela prebentzioaren kultura autonomoen artean ere zabaltzea, nahiz eta indarrean dagoen araudiak ez dituen berariaz jasotzen langile horiek. “Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak autonomoen kolektiboa aintzat hartzen ez duen arren, Osalanen funtsezkotzat jo dugu pertsona horiek ere sentsibilizatzea, prestatzea eta informatzea, arriskuak eta beharrezko prebentzio neurriak ezagutzea funtsezkoa baita haien osasunaren babes egokia bermatzeko”, azaldu du.

Íscarrek zehaztu duenez, Osalanek sektoreka egituratutako prestakuntza ikastaro espezifikoak egin ditu, baita bere webgunean doan eskuragarri dauden prebentzio materialak eta kolektiboari zuzendutako informazio hitzaldiak ere. “Sei hilean behin topagune bat ere bultzatzen dugu, hobetzeko arloak partekatzeko eta prebentzioarekin lotutako eragile ugarik parte hartzen duten prebentzio sareak sustatzeko”, gaineratu du.

Jardunaldiak lan horri jarraipena emateko balio izan du, eta, horrez gain, autonomoen kolektiboko ezbehar tasaren azterketa eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan euren esperientziak eta beharrak partekatu dituzten profesionalen partehartze zuzena izan ditu.

Topaketan hainbat eskuhartze tekniko egin dira, besteak beste, Javier Rivera Osalaneko estatistika teknikariarena, kolektibo horretako lan istripuen eta lanbide gaixotasunen bilakaera aztertu duena. Bestalde, Osalaneko laneko arriskuen prebentzioko teknikari Jose Luis Gonzálezek erakundearen ekimen estrategikoak aurkeztu ditu, eta nabarmendu du langile autonomoei zuzendutako laneko arriskuen prebentzioari buruzko ikastaroa, edizio bakoitzeko datuak eta emaitzak partekatuz. Gainera, ABAT – Euskadiko Autonomoen Elkarteak genero ikuspegia duten langile autonomoek aurkitutako zailtasunei buruz egindako azterlanaren ondorioak azaldu ditu Teresa Roca soziologo eta ikertzaileak.

Jardunaldiari amaiera emateko, Lourdes Íscarrek moderatutako mahainguru bat izan da, eta bertan parte hartu dute sektoreko ordezkariek: Kelly Muñoz, Odei González Fernándezek (ABAT – Euskadiko idazkari exekutiboa) eta Jose Andrés Martín Pérezek (ABAT – Euskadiko presidentea).

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi du autonomoen kolektiboaren prebentzioaren, gizarte babesaren eta etengabeko prestakuntzaren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa, lan ingurune seguruagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa finkatzeko helburuarekin.