Osakidetzako III. Euskara Planaren betetze-maila % 53tik % 72ra bitartekoa da

Argitalpen-data: 

Osasun_Batzordea-_Osakidetza_III_Euskara_Plana_12_.jpg
  • Planaren Tarteko Ebaluazioaren arabera, indarguneak dira, batik bat, profesional askok egiaztatutako profilen bat dutela – % 60k baino gehiagok –, komunikazio korporatiboa eta pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa
  • Osakidetzak dagoeneko erregistratu du Euskadiko ia biztanle guztien lehentasunezko hizkuntza, % 90ena, gutxi gorabehera
  • Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideen alde egindako aurrerapenak Osasunaren Euskal Itunean hartutako konpromisoen esparruan kokatzen dira

Osakidetzak bere III. Euskara Planaren tarteko ebaluazioaren emaitzak aurkeztu ditu. Prozesu hori 2025eko uztailetik 2026ko martxora bitartean egin zen, 21 zerbitzu-erakundetan. Ebaluazioak azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak konbinatzen ditu, eta betetze-maila orokorra garapen ertaineko tartean kokatzen du, % 53tik % 72ra arte tartean, zehazki. Indargune gisa nabarmentzen dira komunikazio korporatiboa, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten profesional ugari ( % 60tik gora) eta pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa. Izan ere, ia biztanle guztiek ( % 90 inguruk) erregistratu dute euren lehentasunezko hizkuntza.

Gaur, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eman dute ebaluazioaren berri Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok, Osakidetzako Pertsona eta Talentuen zuzendari Josune Retegik eta Hizkuntza Garapen, Ezagutza eta Plangintzako zuzendariorde Saioa Ortizek. Ebaluazio horren helburua izan da Planean nahiz euskararen normalizazio-prozesuan ezarritako helburu eta ekintzen betetze-maila zenbatekoa izan den argitzea.

Aipatu plana 2022-2028 aldirako da, eta horixe da, osasun-sisteman, euskararen erabilera sustatzeko esparru estrategiko nagusia. Bertako ekintzak guztiz bat datoz Osasunaren Euskal Itunaren esparruan hartutako konpromisoarekin, pertsonei erosoen dauden hizkuntza ofizialean komunikatzeko aukera bermatzeko, eta profesionalen eta pazienteen arteko harremanean komunikazio hurbila eta segurua izateko, izan ere, hori funtsezkoa baita osasun-prozesu orori arrakastaz ekiteko. 

Betetzearen erradiografia: Kudeaketa, Zerbitzua eta Lana

Txostenak hizkuntza-normalizazioaren aurrerapena aztertzen du, hiru ardatz nagusitatik helduta, eta aurrerapen desberdina erakutsi du: 

  • Kudeaketa-sistema (maila ertain-altua): Ardatz garatuena da, eta euskarak estrategian duen integrazioa, hizkuntza-eskakizunen kudeaketa eta langileen sentsibilizazioa daude bertan. Gaur egun, Osakidetzako profesionalen % 60k baino gehiagok dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta, eta lanpostuen % 59k euskara dute eskakizun.
  • Zerbitzu-hizkuntza (erdiko maila): Gehien garatutako bigarren ardatza da, eta irudi korporatiboa (argitalpenak, ekitaldi publikoak, errotulazioa...) eta erabiltzaileekiko harremanak (aurrez aurreko, telefono bidezko eta idatzizko arreta) daude bertan. Ildo horretan, nabarmendu behar da Osakidetzak Euskadiko ia biztanle guztien lehentasunezko hizkuntza erregistratzea lortu duela, % 90 ingururena, hain zuzen.
  • Lan-hizkuntza (oinarrizko maila): Garapen-bidean dagoen ardatz bat da, izan ere, horrek erakutsi du euskararen erabilera hobetzeke dagoela barne-komunikazioetan, prestakuntzan eta lan-baliabideetan.

Hizkuntza-ingurunearen eragina eta lidergoa

Zerbitzu-erakundeen betetze-maila aztertuz gero, emaitzek ingurune soziolinguistikoaren eragina islatzen dute, baina ez da faktore erabakigarria kasu guztietan. Donostialdea, Barrualde-Galdakao, Debabarrena eta Bidasoako ESIak dira rankingaren buru, % 65etik gorako puntuazioa lortu baitute. 

Gainera, lan-arloen betetze-maila kontuan hartuta, Gerentzia, Komunikazio eta Giza Baliabideen arloek garapen-maila handia dute ( % 75 eta % 78 artean), eta zuzendaritza ekonomikoak eta asistentzialak, berriz, maila ertain-oinarrizkoan ( % 47 eta % 42, hurrenez hurren).   Horregatik, Osakidetzaren arabera, «lidergo partekatuaren» beharra dago, izan ere, arlo bakoitzari dagokio norbere normalizazioaren ardura hartzea.

Indarguneak eta etorkizuneko erronkak

Datozen urteei begira, Osakidetzak aurrera egiten jarraitzeko oinarriak identifikatu ditu:

  • Indarguneak: Irudi korporatiboa, hizkuntza-eskakizunen sistema, profesional akreditatuen kopuru handia eta pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa.
  • Hobetu beharreko arloak: Unitateko arduradunen bitartez, lehentasuna emango zaio planaren zeharkako hedapenari, hizkuntza-irizpideen aplikazio sistematikoari, asistentzia-eskaintza aktiboari eta euskara lan- eta prestakuntza-hizkuntza gisa sustatzeari.

Aurrera-pauso nabarmenak

Ebaluazio horrekin, Osakidetzak berretsi egiten du normalizazio-prozesuarekiko konpromisoa, herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko eta profesionalek eguneroko jardunean hizkuntza hori erabili ahal izateko. Horretarako, Euskal Osasun Itunaren esparruan hartutako konpromisoetan aurrera egiteko urratsak ematen jarraitzen du, eta, zehazki, 24. ildo estrategikoarekin bat («Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak»). Azken urtean – 2025eko uztailetik 2026ko martxora –, Euskara Plana betetzeaz gain, hauek izan dira aurrera-pauso esanguratsuenak:

  • Gero eta elebidunagoa den plantilla eta zerbitzuen kontsolidazioa
  • Lehen Mailako Atentzioan euskarazko laguntza-kupoak sortzeko pilotaje bat
  • Itzulbide itzultzaile automatiko neuronalaren garapena, testu klinikoetan espezializatua
  • Historia klinikoan euskara erabiltzea merezimendu profesionaltzat hartzea
  • Euskarazko prestakuntza sanitarioa sendotzea Horrez gain, beste neurri batzuen artean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskatuta, EHUk euskarazko prestakuntza-eskaintza sendotu du, 32 plaza berrirekin (200 guztira) Osasun Zientzietako ikasketetan. 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)