- Osakidetzako Larrialdietako anbulantziek 12 adingabe eraman dituzte larunbat honetan Gurutzetako eta Basurtuko unibertsitate-ospitaleetara, Bilboko aireportuan zeudela, Lanzarotera zihoan hegaldi batean sartzeko zain, urdail-hesteetako prozesu arin batekin bateragarriak diren sintomak agertu ostean
Osakidetzak 12 adingabe eraman ditu gaur arratsaldean Gurutzetako eta Basurtuko unibertsitate-ospitaleetara, Bilboko aireportuan zeudela Lanzarotera zihoan hegaldi batean ontziratzeko zain, urdail-hesteetako prozesu arin batekin bateragarriak diren sintomak izan ostean.
11 eta 12 urte bitarteko adingabeak antolatutako bidaia bat hastera zihoan talde bateko kideak dira. Ontziratu aurreko itxaronaldian, haietako batzuk okadak eta zorabio-sentsazioa izaten hasi dira, eta, ondorioz, azkar aktibatu dira Osakidetzako larrialdietako anbulantzietako zerbitzuak.
Hainbat anbulantzia aireportura bertara joan dira, eta osasun-taldeek bertan egin dute lehen balorazioa, eta asistentzia-operatiboa antolatu dute. Ondoren, prebentzioz, 12 adingabe eraman dituzte anbulantzietan Osakidetzako, Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara, ebaluazio osoagoa egiteko.
Eramandako adingabeen erdiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean artatu dituzte, eta beste erdiak berriz Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Bi zentroetan ebaluatutako lehen pazienteak sintomatologia arinarekin sailkatu dira, eta ez da, inola ere, larritasunik hauteman haien egoeran.
Pediatriako larrialdi-zerbitzuak dagozkien balorazioak egiten ari dira, eta, kasu kopuruaren arabera, ez da baztertzen koadroaren jatorri birikoa edo elikadurakoa izatea. Taldeari laguntzen dioten monitoreak sintomarik gabe daude.
Osakidetzak azpimarratu du egoera normaltasun osoz kudeatzen ari dela, eta ez dela aparteko dispositiborik aktibatu behar izan, euskal osasun-sistema publikoaren ohiko erantzun-gaitasunari esker.
Era berean, Osakidetzako anbulantzien eta larrialdietako taldeen esku-hartze azkarra eta eraginkorra nabarmendu nahi da; izan ere, horiek aireportuan bertan eta anbulantzietan eramaterakoan egin duten lana funtsezkoa izan da arreta azkarra eta segurua bermatzeko, bai eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetako larrialdi-zerbitzuen koordinazioa eta profesionaltasuna bermatzeko ere.
Osakidetzak pazienteen bilakaera monitorizatzen jarraituko du, haien egoera, ordu honetan, ez baita larria, eta datozen orduetan berritasunik gertatzen den jakinaraziko du.
** OSAKIDETZA AZKEN ORDUKOA: Artatutako adingabeek koadro arinak eta bilakaera positiboa dituzte. Basurtuko Unibertsitate Ospitalera eraman dituzten seiek alta jaso dute dagoeneko, eta zentroa utzi dute. Osakidetzako pediatria-zerbitzuak baieztatu duenez, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean artatutako beste seiak egoera berean daude, eta berehala alta ematea aurreikusten da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)