Ortuellan erroldatutako 36 urtetik beherako hiru gaztetik batek eskuratu ahal izango du 2027. urtearen amaieran entregatuko diren 94 BOEtako bat

Argitalpen-data: 

  • Sustapena Etxezuri kaleko 1. zenbakian kokatua dago, eta logela bateko, biko eta hiruko etxebizitzak ditu —horietako batzuk egokituak—, eta etxebizitza bakoitzeko garaje-plaza bat. Obraren aurrekontua 11,4 milioi eurokoa izan da
  • Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “proiektuak % 33ko industrializazio-maila du, eta horrek esan nahi du hobeto eta kalitate handiagoarekin eraiki dela, eta hori ezinbestekoa da etxebizitzaren egungo erronkari arin erantzuteko”
  • Bertako alkate Saulo Nebredak onartu duenez, “proiektu hauek udalerriaren hazkunde ordenatuari laguntzen diote, tokiko ekonomia dinamizatzen dute eta Ortuellako etorkizuna indartzen dute bizitzeko leku eroso, irisgarri eta erakargarri gisa”

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Ortuellako alkate Saulo Nebredak Visesa Ortuellako Peñota esparruan eraikitzen ari den alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko 94 etxebizitzen obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Sustapena Alokabidek kudeatuko du, eta 2027. urtearen amaieran entregatzea aurreikusten da. Ezkerraldean gaur egun garatzen ari diren bizitegi-jarduketa publiko nagusietako bat da, eta udalerrian gero eta handiagoa den etxebizitza babestuen eskaerari erantzuten dio.

Gaur egun, Bizkaiko herri horretan 510 bizikidetza-unitate daude Etxebiden izena emanda, eta horietatik 426k alokairuko etxebizitzak eskatzen dituzte, hau da, eskaera guztien % 83,5. Horien artean, bereziki aipagarriak dira 36 urtetik beherakoei dagozkien 164 eskaerak. Ildo horretan, Itxasok iragarri du sustapen honen bidez “Ortuellan erroldatutako 36 urtetik beherako hiru gaztetik batek 94 BOE horietako bat eskuratu ahal izango duela, esleipenen % 50 baldintza hori betetzen duten pertsonentzat erreserbatuta baitago”. Etxebizitza horietako bat eskuratzeko eskatutako diru-sarrerak 9.000 euro eta 46.463,29 euro bitartean kokatzen dira. Etxebiden egindako izen-emateen arabera, Ortuellan 312 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte diru-sarrera horien baldintzak; haietatik 163 erroldatuta daude, eta 149, berriz, erroldatu gabe.

Etxebizitzako zinegotzi Kepa Aldama ere bisitan egon da. Bertan, sailburuak azpimarratu du sustapen horrek ezin hobeto irudikatzen duela “Eusko Jaurlaritzatik sustatzen ari garen etxebizitza publikoaren eredua: eraikitzen azkarragoa, jasangarriagoa, efizienteagoa eta herritarren benetako beharrei erantzuteko pentsatua”. Itxasok nabarmendu duenez, "Legegintzaldi honetan eraikiko ditugun 7.000 etxebizitza horietatik, alokairuko etxebizitza babestu berri bakoitza aukera bat da pertsona gehiagok, batez ere gazteek eta familiek, beren bizi-proiektua udalerrian garatu ahal izan dezaten, eta hori egonkortasunez eta segurtasunez egin dezaten". Eta gaineratu duenez, maila teknikoan, "Ortuellak sustapen eredugarria izango du, bai kalitate arkitektonikoagatik, bai industrializazioaren eta jasangarritasunaren aldeko apustu sendoagatik, etxebizitza eskuragarrien eraikuntza bizkortzeko funtsezko bi zutabe baitira".

Bestalde, Nebredak proiektu honek udalerriarentzat duen garrantzia nabarmendu du, eta onartu duenez, “Ortuellan etxebizitza horiek eraikitzea oso albiste ona da gure udalerriarentzat, batez ere, gure bizilagunentzat, udalerriko etxebizitza-eskaintza handitzea eta hemen bizi nahi duten familia eta pertsona gazte askoren benetako beharrari erantzutea ahalbidetuko baitu”. Alkatearen hitzetan, “guztiontzako aukera gehiago eskainiko dituen Ortuella eraikitzeko lanean jarraitu nahi dugu, etxebizitza bat eskuratzeko aukera erraztuz eta gure udalerrian bizi nahi dutenei horretarako aukera emanez. Horregatik, Ortuellako etxebizitzen eskaintza handitzeko ekimenak bultzatzen jarraituko dugu”. Gainera, Nebredak azaldu duenez, “proiektu hauek udalerriaren hazkunde ordenatuari laguntzen diote, tokiko ekonomia dinamizatzen dute eta Ortuellako etorkizuna indartzen dute bizitzeko leku eroso, irisgarri eta erakargarri gisa”

Jarduketak 11,4 milioi euroko obra-aurrekontua du (Kontrata bidezko Gauzatze Aurrekontua - KGA), eraikuntza eta honi lotutako urbanizazioa barne hartuta; inbertsio osoa, berriz, 12,6 milioi eurokoa da, ordainsari teknikoak, ekipamendua eta lizentziak barne hartu ondoren. Zerga-arloari dagokionez, nabarmendu behar da Ortuellako Udalak bere udal-ordenantza aldatu zuela, etxebizitza babestuen sustapenei EIOZaren legezko gutxieneko tasa (% 3) aplikatzeko, baita % 90eko hobaria ere hirigintza-obren lizentzia-tasengatik. Era berean, bi administrazioen artean sinatutako hitzarmenak jasotzen duenez, urbanizazio-obrak ez dira Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergari lotuta egongo, behin betiko onartutako urbanizazio-proiektu baten arabera gauzatuko baitira.

% 33ko industrializazio-maila

DG Arquitectura Habitable SCPk idatzi eta Altuna y Uria SAk gauzatuko duen proiektuak 94 etxebizitza aurreikusten ditu, honela banatuz:

  • Logela bateko 23 etxebizitza
  • Bi logelako 64 etxebizitza, horietatik lau mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak egongo dira
  • Hiru logelako 7 etxebizitza

Sustapena bere industrializazio-maila altuagatik nabarmentzen da, % 33ko indizea lortuz, eta horrek Eusko Jaurlaritzaren Eraikuntza Industrializatuaren Zigiluaren II. Gradua eskuratzeko aukera emango dio. Jarduketa horretan, egitura, fatxada, komunak, eskailerak eta komunikazio-nukleoa industrializatuko dira. Horren haritik, sailburuak adierazi duenez, "eraikuntza industrializatzeak hobeto eta kalitate handiagoarekin eraikitzea esan nahi du", eta gaineratu du “etxebizitzaren erronkari arintasunez erantzuteko ezinbesteko tresna” dela.

Egitura Viguetas de Navarra enpresaren VNSystem sistemaren bidez gauzatzen da. Sistema hori hormigoi armatuzko horma bikoitz aurrefabrikatuetan, plaka albeolarretan, eskailera aurrefabrikatuetan eta igogailu-nukleo industrializatuetan oinarrituta dago. Sistema horrek aukera ematen du epeak optimizatzeko, hondakinak murrizteko, eraikuntza-doitasuna hobetzeko eta prestazio tekniko eta energetiko handiak bermatzeko. Gainera, fatxadaren % 30 inguruk hormigoizko soluzio aurrefabrikatuak ditu. Komunak Butech-ek, Porcelanosa Taldeko enpresak, industrializatu ditu, egikaritze-kalitatea hobetu eta muntatze-denborak murrizten dituzten sei tipologia estandarizatuetatik abiatuta, gaur bisitan egiaztatu ahal izan den bezala.  

Tokira egokitutako proposamen arkitektonikoa

Etxezuri kaleko 1. zenbakian kokatua dago, Ortuellako ekialdean, Granada errekaren ondoan eta Trapagarango mugatik hurbil. Kokapenak topografia markatua du, iparraldean trenbideekin egiten du muga, eta ibaiaren polizia-eremuak eta 500 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskuaren orbanak partzialki eragiten diote. Diseinuak inguruko biribilguneko zirkulazioak eragindako eskakizun akustikoei ere erantzuten die. Bestalde, aukeratutako soluzioak alderantzizko L formako eraikin bat eratzen du, lurraren malda naturala baliatzen duena iparraldera begira dagoen plaza publiko handi bat sortzeko, etxebizitzak eta ibilgailuen trafikoa bereiziz eta hiri-harremanetarako espazio berri bat sortuz.

Eraikinak zortzi solairu ditu: aparkaleku gisa (94 plaza) erabiltzeko sotoko bi solairu, beheko solairua (etxebizitzekin eta merkataritza-lokalarekin) eta bost goiko solairu, etxebizitza gisa erabiltzeko. Guztira, 94 etxebizitza izango ditu, komunikazio bertikaleko bi gunetan banatuta, eta igogailu banarekin. Sarrera nagusia plaza berrian egongo da, espazio ireki, iragazkor eta ibai-pasealekuarekin begiz konektatutako baten bidez. Gainera, Visesak proposatutako bizitegi-eraikin % 100 elektrikoaren ereduari erantzuten dio sustapenak. Etxebizitzek isolamendu-maila handia, beroa berreskuratzen duen fluxu bikoitzeko aireztapen mekanikoa eta inguratzaile oso estankoa izango dituzte.

Ur bero sanitarioa, berriz, termo elektrikoen bidez sortuko da; berokuntza, berriz, eraginkortasun handiko erradiadore elektrikoen bidez. Hori guztia osatzeko, estalkian instalazio fotovoltaiko bat jarriko da, energia berriztagarria emango duena ur bero sanitarioaren araudi-eskaerari erantzuteko. Planteamendu horrek zirkuitu hidrauliko konplexuak ezabatzen ditu, mantentze-lanak errazten ditu eta eraikinaren bizi-zikloaren kostua murrizten du. Halaber, proiektuak drainatze jasangarriko soluzio aurreratuak ditu, parterreen eta drain iragazleen bidez euri-urak lurzoruan infiltratuz eta saneamendu-sare orokorraren gaineko karga minimizatuz.

Azkenik, nabarmendu behar da sustapena garatzeko aldez aurretik Visesak 2021ean idatzitako Plan Partziala aldatu behar izan zela, partzela etxebizitza sozialeko programa batera egokitzeko. Aldaketa horri esker, etxebizitzen kopurua handitu zen, aparkalekuen zuzkidura etxebizitza bakoitzeko plaza batera murriztu zen, lerrokadurak malgutu ziren eta eraikigarritasuna transferitu zen esparruko beste partzela batzuetatik, eta, hala, proiektuaren hirigintza-aprobetxamendua eta hiri-integrazioa optimizatu ziren.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)