Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Bilbo-Donostia lineako Ermuko eta Eibarko Unibertsitateko geltokien arteko trenbide-saihesbidearen trazaduraren informazio-azterlanaren idazketa esleitu du. Proiektuak 2 kilometroko bikoizketa egitea, Errotabarriko eta San Lorentzoko geralekuak geltoki berri batekin ordeztea eta bi trenbide-pasagune kentzea aurreikusten du.
Trenbide-saihesbide berria definitzeko lanak Dair Ingenieros S.L. enpresak egingo ditu, eta 560.016,10 euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko egikaritze-epea izango ditu. Azterlanaren xede den tartea Bilbo eta Donostia lotzen dituen Linearen 4+830 eta 46+700 kilometro-puntuen artean dago. Tarte horretan, trenbide bakarraren mugak, bi trenbide-pasagune egoteak eta elkarren ondoko bi geraleku izateak ustiapenerako aukerak, segurtasuna eta hiri-integrazioa baldintzatzen dituzte.
Horrez gain, Ermuko udalerriaren orografia konplexua eta hiri-garapen handia direla eta, korridoreak baldintzatzaile geometriko eta geotekniko garrantzitsuak ditu. Horrek bikoizketa eta trenbidearen trazaduraren hobekuntza baldintza tekniko, operatibo eta ingurumeneko egokietan egitea ahalbidetuko duten alternatibak sakon aztertzera behartzen du.
Tarte horretan bi trenbide-pasagune ere badaude: ibilgailuen trafikorako San Lorentzoko pasagune automatizatua eta izen bereko geralekuaren inguruan dagoen Errotabarriko oinezkoen pasagunea.
Pasagune horiek kentzea lehentasunezko helburua da, eragiketa-segurtasunarekin zein hiriaren iragazkortasuna hobetzearekin lotutako irizpideengatik.
Azterlan honek, besteak beste, korridorearen karakterizazio geologikoa eta geoteknikoa, saihesbideen eta alternatiben definizioa, etorkizuneko trenbide-ustiapenaren analisi funtzionala eta eragindako zerbitzuen identifikazioa jaso beharko ditu, baita zerbitzu horiek berrezartzeko aurretiazko proposamena ere.