Mugikortasun Jasangarriaren Saila Ermuko eta Unibertsitateko geltokien arteko trenbide-saihesbide bat aztertzen ari da Eibarren

Argitalpen-data: 

  • ETSk, sareko 2 kilometro bikoiztea barne hartzen duen trenbidearen trazaduraren ingurabideari buruzko informazio-azterlana lizitatu du
  • Geltoki berri batek Errotabarri eta San Lorentzoko geralekuak ordezkatuko ditu, eta trenbide-pasagune bi kenduko dira

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak lizitaziora atera du Bilbo-Donostia lineako Ermuko geltokiaren eta Unibertsitateko geltokiaren arteko trenbidearen trazadura-saihesbidearen informazio-azterlanaren idazketa, 700.000 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko egikaritze-epearekin. Lan horiek, sareko 2 kilometroren bikoizketa, Errotabarriko eta San Lorentzoko geralekuen ordez beste terminal bat egitea eta bi trenbide-pasagune kentzea barne hartzen dute.

Ermuko Udalaren eskaerari erantzunez eta sarea etengabe hobetzea helburu izanik, euskal trenbide-administratzaileak uste du “beharrezkoa” dela egungo trenbide-azpiegituraren tarte jakin batzuen ahalmena eta funtzionaltasuna optimizatzea, ustiapena malguagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Aipatutako segmentuen artean, Ermuko geltokiaren (44+830 KP) eta Unibertsitatekoaren (46+700 KP) artekoa sartzen da. Bertan, trenbide bakarraren mugak, trenbide-pasagune bi egoteak eta handik gertu bi geraleku izateak ustiapenerako aukerak, segurtasuna eta hiri-integrazioa baldintzatzen dituzte.

Korridoreak, gainera, baldintzatzaile geometriko eta geotekniko garrantzitsuak ditu, Ermuko udalerriaren orografia konplexua eta hiri-ezarpen handia direla eta. Hori dela eta, sakon aztertu behar dira trenbidea bikoizteko eta trenbide-trazadura arlo tekniko, operatibo eta ingurumeneko baldintza egokietan hobetzeko aukerak.

Era berean, aztergai dugun tartean bi trenbide-pasagune daude: San Lorentzoko automatizatua (45+788 KP), ibilgailuen zirkulaziorako, eta Errotabarriko oinezkoentzako pasabidea (45+330), izen bereko geralekuaren inguruan. Horiek kentzea lehentasunezko helburua da ETSrentzat, bai segurtasun operatiboko irizpideengatik, bai hiri-iragazkortasuna hobetzeko.

Testuinguru horretan, lizitatutako informazio-azterlanari esker trazadura-alternatibak zehaztu eta alderatu ahal izango dira, egungo korridorearen saihesbide baten bidez trenbidea bikoizteko, dauden bihurguneak zuzendu eta hobetzeko eta, horrela, linearen ahalmena eta ustiapen-baldintzak handitzeko. Alternatibek hiri-integrazio egokiagoa bultzatu beharko dute. Modu berean, dokumentuan geltoki berri baten eraikuntzaren azterlana jasoko da, haren egokitasun funtzionala, operatiboa eta hirikoa ebaluatuz, bai eta etorkizuneko trenbide-ustiapenaren analisi funtzionala eta eragina jasango duten zerbitzuen identifikazioa eta birjartze-proposamena ere.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)