María Jesús San José: "Hilketa hura planifikatu, gauzatu eta txalotu zutenek, Yoyesi, duela berrogei urte, haietako asko orain igarotzen ari diren bide bera egiteko aukera ostu zioten "

Argitalpen-data: 

JCA_3176.jpeg
  • Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak Gogorak antolatutako ‘Yoyes’ erakusketaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean
  • Erakusketa Ordiziako Aita Barandiaren plazan egongo da ikusgai, urriaren 16a bitartean

 

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Yoyes’ erakusketa aurkeztu du gaur goizean Ordizian, Gogora Institutuak erailketaren 40. urteurrena bete berritan egindakoa. Berarekin izan dira Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendaria, eta Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea.

María Jesús San Josék bi ideia nagusi azpimarratuz hasi du bere hitzartzea: bata, beste gizaki bat hiltzeko zentzugabekeria, "ezerk ez du justifikatzen indarkeriaren erabilera” eta bestea, disidentziarako eskubidea, "kontzientzia librea da; horregatik, erakusketa honek egia esatea erabaki zuten pertsonez ari da, askatasunez bizi ahal izatea amestu zuten pertsonez, etorkizun berri bat eraikitzeaz, nahiz eta azkenean beren proiektu politikoa indarrez inposatzen saiatzen zirenen esku bizitza galdu".

Ildo horretan, Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak azpimarratu duenez, "gaur egun badakigu, hilketa hura planifikatu, gauzatu  eta txalotu zutenek, Yoyesi, duela berrogei urte, haietako asko orain igarotzen ari diren bide bera egiteko aukera ostu ziotela "

María Jesús San Josék Ordiziako herriak eta Goierriko zonaldeak Yoyesen hilketaren aurrean emandako erantzunaz hitz egin du, erakusketan leku nabarmena duena: "gizartearen zati baten adoreak eta indarkeriarekiko gogaitasunak beldurra gainditzea lortu zuen uneaz hitz egiten du" eta, aldi berean, isiltasunaren pisuaz "isiltasuna, traba handia izan zen eta da; oraindik orain, iraganari begiratzerakoan euskal gizarteari enbarazu egiten diona”.

Hitzartzeen ostean, Alberto Alonso, Gogorako zuzendariak, ekitaldira hurbildu direnak lagundu ditu, erakusketako bisitan.

‘Yoyes’

Dolores, ‘Yoyes’ González Katarain 1954ko maiatzaren 14an jaio zen Ordizian. Bere ‘Yoyes’ izena, etxekoek eta ingurukoek halaxe deitzen zioten, txikitan ‘Dolores’ izena ahoskatzeko egindako saiakeretatik eratorritakoa da.

ETAn izan zuen ibilbidea 70eko hamarkadaren lehenengo urteetan hasi zen eta, 1973ko amaieran, Iparraldera egin zuen ihes. 1974ko irailetik aurrera ardura karguak izan zituen ETA militarrean, baita eragin haundiagoa ere, eta, gauzak horrela,  Batzorde Exekutibora iritsi zen lehen emakumea izan zen. 1979an erakundea utzi zuen hausnarketa pertsonal konplexu baten ostean eta Mexikora joan zen eta bertan Soziologia ikasketak egin zituen.

1985eko azaroaren 4an itzuli zen Euskadira, justiziarekin kitatzeko auzirik gabe. Semearekin Ordiziako azoka ikusten ari zela hil zuen ETAk, 1986ko irailaren 10a zen. Bere hilketa mugarria izan zen Euskadiren iragan traumatikoan.

 

Erakusketa

X eran jarritako lau panel bikoitzek osatzen dute erakusketa, 1986ko irailaren 10ean hil zuten plazan, Yoyes gogoratzen duen lekua errespetatuz.

Erakusketa hau, nagusiki, hainbat hedabidetako kazetari-argazkilarien lanek,  hemerotekak eta presentzia eta garrantzi handiko hirugarren iturri batek osatzen dute: familiak eta hurbileko pertsonek ‘Yoyes, Desde su ventana’ (1987koa da  lehen edizioa) liburuan argitaratu zituzten Yoyesen egunerokoetatik hartutako zatiak.  

Paneletako batean Yoyesek jasan behar izan zuen instrumentalizazio bikoitza azaltzen du. Gobernu zentralak eta prentsak damutu eta birgizarteratutako ETA-kide gisa aurkeztu zuten, alabaina, berak ez zuen zorrik justiziarekin eta, beraz, ez zuen gizarteratze-neurririk hartu.

Ama-eta emakume-izaera ustiatu zituzten bere pentsamendu politikoa izkutatzen zuen kontakizun bat eraikitzeko; ETArengandik aldentzeko egindako bidea, amatasunetik eratorritako ibilbide sentikor soil gisa erakutsiz eta ez hausnarketa intelektual sakon eta heldu baten ondorio gisa.

Bere aldetik, ETAk traidoretzat eta kolaborazionistatzat jo zuen. Ordizian egote hutsa gizabanakoaren subiranotasun ekintza bat zen, baita ETAk zonaldean zuen indarra kolokan jartzen zuen desobedientzia-ekintza bat ere. ETAk isilarazi edo/eta izkutatu egin zuen Yoyesek ez zuela Gobernuarekin kolaboratu, aitzitik, bere itzulera manipulatu zuen, bere heriotza soziala inposatuz lehenik eta bere heriotza ondoren.

Erakusketan garai hartako informazioak ikus daitezke, baita ‘traidorea’ zela leporatuz egindako pintada batzuk eta baita ETAk prentsan atentatua erreibindikatzeko argitaratutako agiria ere, erail eta egun batzuetara. Bereziki deigarria da bere egunerokotik hartutako zatia, non argi eta garbi ikusten den zenbateraino zegoen jabetuta berari buruz esaten ziren gezurrez.

Arriskuaren jabe

Paneletako batean Yoyesek berak eskuz idatzitako gutuna irakur daiteke. “Nire heriotzaren erantzunkizuna ETAri" dagokiola adierazten du, eta honakoa dio:  "onartezina da bere burua iraultzailea dela dioen erakunde batek taktika faxistak edo stalinistak erabiltzea, gehien gustatzen zaion bezala, garai batean (nire kasuan, urrun) parte izan ziren kideekin. Isiltasuna konplizea da ". Gutun hori Parisen idatzi zuen, 1985eko urriaren 8an, hil baino hamar hilabete lehenago, Euskadira itzuli aurretik. Bertan, ETAk mehatxatu egin zuela adierazi zuen, familiarekin bizitzeko erbestetik itzultzeko asmoa zuela jakin zuenean.

Erakusketak Yoyesek bere uste sozial, politiko eta etikoetan izan zuen bilakaera islatzen du, bere egunerokoetatik ateratako aipuen bidez. Une hartan batzuen eta besteen parametroetara egokitzen ez ziren usteak.

Gizartearen eta erakundeen erantzuna

Ordizian eta Goierri eskualdean Yoyesen hilketak inpresio handia eragin zuen. Martxak eta protesta-elkarretaratzeak antolatu ziren eta, hurrengo egunean, greba orokorra deitu zen hilketa gaitzesteko, jarraipen zabala izan zuena, baina beldurra eta isiltasuna ere izan ziren.

Alderdi politikoek atentatua gaitzetsi zuten, Herri Batasunak izan ezik, eta gauza bera gertatu zen Udaleko osoko bilkuran, EAJk, PSOEk eta EEk atentatua gaitzesteko mozio bat adostu zutenean, HBk kontra bozkatu zuen.

Erakusketak atal honetan hilketaren kontra egin ziren kanpainak ere jasotzen ditu. ‘Askatasunaren alde Yoyesekin’ kanpaina 23 pertsonaren sinadurarekin hasi zen, izena eta bi abizenekin aurpegia emanez, eta 8.000 baino gehiagorekin itxi zen; horietatik 1.500 Ordiziako bizilagunenak ziren.

Agustin Ibarrolak sinatutako eskutitz bat, 1986ko urriaren 15ekoa, ere irakurri daiteke, honela hasten dena: ‘Euskadiren izenean bakea eskatzen dut. Libreki euskaldun izateko eskubidea eskatzen dut, inongo eredu ideologikotik eratorritako inposiziorik gabe’.  Era berean, Goierri inguruko ETAko kide ohiek sinatuta, prentsara bidalitako komunikatua jasotzen da, ‘birgizarteratutzat jotzen dugu gure burua, bere garaian uko egin geniolako ETA-kide izaten jarraitzeari, gure idealak bide baketsuen bidez defendatzeko’; prentsan argitaratutako testuak hilketa horren inguruan; hilabete batzuk geroago, 1987an, giza eskubideen aldeko hainbat kolektibok eta elkartek Yoyesen hilketarekin lotuta abian jarri zuten ‘Isiltasunaren aurka" kanpaina. Jorge Oteizak kanpaina honetan parte hartu zuen irudia diseinatuz.

Kontzertu soila baino gehiago

Herri plataforma batek kontzertua antolatu zuen 1986ko urriaren 18an Ordizian, Yoyesen omenezko omenaldi herrikoi eta musikal masiboa izan zen. Erailketaren aurreko gaitzespen sozialaren erakusgarri eta ausardia zibiko haundiko ekintza; ETAri babesa ematen ziotenen eta parte-hartzaileak mehatxatzen zituztenen aurrean:  Imanol Larzabal, Karlos Gimenez, Amaia Zubiria, Txomin Artola, Ganbara, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua.

Kontzertuan Gabriel Aresti, Felipe Juaristi, Agustin Ibarrola eta Xabier Leteren hainbat testu eta olerki irakurri ziren. Dena tentsio eta presio handiko giro batean igaro zen.

Zenbaitek garesti ordaindu zuen parte-hartu izana. Urteetan zehar, Imanolek, adibidez, pairatu behar izan zuen jazarpen-indarkeriaren hasiera izan zen. Gaur egun jakinekoa da ez zela bakar izan.

Egañak, Sarasuak eta Euzkitzek egun hartan kantatutakoak daude irakurtzeko moduan; oholtza gainean erakutsi zuten adorearen eta ausardiaren erakusgarri. Bi urte beranduago egindako bigarren kontzertua ere jasotzen da erakusketan, orduan ere, hantxe ziren Imanol eta Karlos Gimenez, denen buru.

Azken mezua

Azken panelean gogora ekarri nahi izan da memoria-politika publikoek gizarte demokratiko batean duten zentzua, giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortuz, egia, justizia eta erreparazioa oinarri hartuta.

Halaber, ausardia eskatzen du iragan mingarriari aurre egiteko, beste aldera begiratzea eta ahaztea saihestuz, gizarte justu eta duina eraikitze aldera, giza eskubideekin eta bizikidetzarekin konpromiso sendoa duen herritartasuna

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)