- Jarduketak, 2 milioi euroko inbertsioarekin, aukera emango du ibilgua berreskuratzeko, haren ahalmen hidraulikoa hobetzeko, zein herrigunean ibaiaren naturalizazioan aurrera egiteko
URA-Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia) eta Lezamako Udalak Asua ibaia hirigunetik igarotzean hidraulika eta ingurumena egokitzeko proiektu integral bat gauzatzea erabaki dute. Bi erakundeen arteko hitzarmenari esker, obra batzuk egingo dira ibaiaren egoera hobetzeko eta herriaren erdigunean uholde-arriskua murrizteko.
Jarduketaren xede den tarteak 250 metro inguruko luzera du; gaur egun, eremu antropizatuak edo estaliak daude, eta horien ahalmen hidraulikoa ez da nahikoa. Aurreikusitako esku-hartzearekin, lehendik dagoen lurpeko kanalizazioa kenduko da, eta aire zabaleko ibilgu berri bat egingo da, ibai-ekosistemaren funtzionamendua eta ibaiak herrigunean duen paisaia-integrazioa hobetuz.
Proiektuak, besteak beste, honako jarduera hauek biltzen ditu:
- Ubidearen estaldura kentzea.
- Asua ibaiaren ardatzaren trazadura berria, 59. eta 67. atarietarako sarbideen artean.
- Tartearen ingurumen-egokitzapena.
- Ingurua berrurbanizatzea, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat
- Uraren eta ingurumenaren hobekuntza ibaian gora, Garaioltza auzoraino.
- Ukitutako zerbitzuak berrezartzea.
Jarduera horri esker, "Lezamako herritarrek ibaiaren zati naturalizatuago bat berreskuratu ahal izango dute, ura husteko gaitasun handiagoarekin eta udalerriko hiri-bilbea hobeto integratuta", adierazi du Agentziako zuzendari nagusi Asier López Etxebarriak. Bestalde, Lezamako alkate Jon Ander Aurrekoetxeak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari eta URAri proiektuan parte hartzeagatik. "Denbora daramagu elkarrekin lanean obra hauek aurrera ateratzeko, eta laster hasiko gara horien fruituak ikusten".
Obrek 2.000.000 euroko aurrekontua dute (BEZa barne), eta 12 hilabeteko epea gutxi gorabehera. URAk bere gain hartuko ditu proiektuaren idazketa eta onarpena, obren kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapen teknikoa, eta jarduketaren finantzaketa osoa.
Lezamako Udalak, bere aldetik, proiektua idazten lagunduko du, beharrezkoak diren lursailak eskuragarri jarriko dizkio URAri eta jarduketak amaitutakoan horien kudeaketa eta mantenimendua bere gain hartuko du.