Lehiaren Euskal Agintaritzak etxebizitza turistikoen erregulazioak merkatuan ondorio kaltegarriak izan ditzaketen justifikaziorik gabeko murrizketak saihestea eta segurtasun juridiko handiagoa gehitzea gomendatzen du

Argitalpen-data: 

logo

PRENTSA OHARRA


Etxebizitza turistikoei buruzko azterlan berri honen helburua egungo egoera eta araudia aztertzea da, administrazio publikoei erabakiak hartzen laguntzeko, bereziki sentsiblea eta konplexua den eremuan


BILBO, 2026ko otsailaren 5ean / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC), lehia sustatzeko bere jardueraren esparruan, administrazio publikoei etxebizitza turistikoen esparruan erabakiak hartzen laguntzeko azterlan bat egin du. LEA/AVCk ezinbestekotzat jotzen du, aurretiazko diagnostiko batekin, etxebizitza turistikoen muga egokia izatea arrazoitzea, premia hori justifikatzen duten interes orokorreko premiazko arrazoietan oinarrituta.

Izan ere, aldi berean Estatu, autonomia-erkidego eta udalerri mailako arauak egoteak –askotan irizpide desberdinak edo kontraesankorrak erabiliz– zailtasunak sortzen ditu eska daitezkeen eskakizunak, baimendutako erabilerak eta jarduera egiteko baldintzak zehazteko. Egoera horrek inbertsiorako pizgarriak kentzen ditu eta jardunbide irregularrak bultzatzen ditu, baina, gainera, jabetza-eskubidearen, etxebizitza-eskubidearen babesaren eta bizilagunen bizikidetzaren arteko oreka lortzea zailtzen du. Esparru arautzaile egonkor eta koherenterik ezean, etxebizitza turistikoen fenomenoak, hiri- eta bizitegi-sistema osoari eragiten dioten tentsio sozial eta juridikoak sortzen jarraitzen du.

Bere azterlanean, LEA/AVCk egiaztatu duenez, etxebizitza turistikoak urte gutxitan aukera hasiberria izatetik turismo-eskaintzaren funtsezko elementu gisa finkatzera igaro dira, onura ekonomikoak eta dibertsitate handiagoa ekarriz, baina, era berean, tentsioak sortu dituzte etxebizitzen merkatuan eta hirigintzaren egituraketan. Euskadin, etxebizitza turistikoen banaketa ez da homogeneoa; Bilbok eta Donostiak etxebizitza turistikoen ia % 50 (2.675) biltzen dute, eta kostaldeko udalerri batzuek, horien artean Getxo, Bermeo, Zarautz, Hondarribia, Bakio, Leketio edo Sopela, % 23 gehiago hartzen dute, kokapenak eta tradizio turistikoak duten garrantzia agerian utziz.

Hala ere, datuen analisiak agerian uzten du 2025ean moteltze handia gertatu zela etxebizitza turistikoek merkatuan izandako txertaketan, abian jarri diren eta datozen urteetan luzatuko direla aurreikusten den ekimen arautzaileen eraginarengatik. Indarrean dagoen araudia bereziki konplexua da, Europa, estatu, autonomia-erkidego eta udalerri mailako arauek baitute eragina. Egoera hori dela eta, ezinbestekoa da arau-esparru koherente eta koordinatuetarantz aurrera egitea, eragile ekonomikoen eta herritarren segurtasun juridikoa bermatzeko.

Horregatik, LEA/AVCk ezinbestekotzat jotzen du neurri arautzaile berriak hartu aurretik errealitatearen diagnostiko egokia egitea, etxebizitza turistikoen benetako egoera, haien lurralde-ezarpena eta dituzten eraginak ezagutzeko. Diagnostiko horrekin batera ikuspegi integrala eman behar da, eskura dauden tresnak modu ordenatuan konbinatuz –turismo, hirigintza, etxebizitza eta zerga arloetako erregulazioa–, turismo-jarduera kontrolatzeko mekanismoekin batera, turismoaren inpaktua modu orekatuan kudeatzeko.

Eragile ekonomikoek arau argiak, egonkorrak eta aurreikusteko modukoak izan behar dituzte, euren jardueren garapenari buruzko erabaki informatuak hartu ahal izateko. Horri dagokionez, gomendagarria da araudiaren gardentasuna indartzea, operadoreentzako eta herritarrentzako informazio eskuragarria hobetzea, eta jardunbide egokiak sustatzea, turismoaren garapena herritarren bizikidetzarekin eta etxebizitzaren funtzio sozialarekin bateragarri egiten laguntzeko.

Esparru horretan, udalerriek, hirigintza-plangintzaren arloan dituzten eskumenak erabiliz, hiri-eredua ezartzen dute HAPOren bidez, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak gauzatzeko orduan murrizketak ezartzeko ahalmena dute, baina, era berean, bermatu behar dute lehia murrizten duen neurri orok ez dituela merkatuaren dinamikak behar-beharrezkoa denetik harago kaltetuko.

Neurri arautzaileak erregulazio ekonomiko eraginkorraren parametroetatik aztertu behar dira, eta ezinbestekoa da etxebizitza turistikoen jardueraren muga egokia izatea arrazoitzea, premia hori justifikatzen duten interes orokorreko ezinbesteko arrazoietan oinarrituta, bai eta hartutako murrizketak lortu nahi den helburuarekin eta diskriminaziorik ezarekin proportzionalak izatea ere. Bereziki garrantzitsua da araudiak jarduerari erabateko itxierak ezartzen dizkionean.

Horregatik guztiarengatik, azterlanak ondorioztatzen du EAEn jarduera hasteko eta gauzatzeko oztopo arautzaileak handitu egin direla, handiak direla eta udalerriaren arabera desberdinak direla. Sartutako azken arau aldaketek, hala nola RUAren Errege Dekretuaren onarpenak, segurtasun juridikorik eza areagotu eta jarduteko baldintza gehigarriak ezarri dituzte. Etxebizitza turistikoen merkatuak oraindik ere, ziurgabetasuna eta segurtasun juridikorik eza sortzen dituen eta eten egin beharko litzatekeen araudi esparru konplexua du.

LEA/AVCri buruz

LEA/AVC, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.

 

Erabilera turistikorako etxebizitzak EAEn azterlana LEA/AVCren webgunean dago eskuragarri.