- Lehendakariak La Toja Forotik ohartarazi du duela urte batzuetatik hona inertzia bat gertatzen ari dela botere ekonomikoak, politikoak eta teknologikoak hiriburuaren inguruan zentralizatzeko
- Imanol Pradalesek euskal autogobernuaren garapena balioetsi du euskal Ongizate Estatua bultzatzeko
Imanol Pradales Lehendakariak adierazi du Madrilen bizi den giro politikoak ezinezko egiten duela Estatuaren egiturazko erronkei heltzea migrazioa edo eraldaketa ekonomikoa bezalako funtsezko gaietan, eta horrek zentralizazio-ahalegin handiagoa eragiten duela, eta, ondorioz, baita desberdintasunak, desorekak eta tirabirak areagotzea ere.
Lehendakariak hizlari gisa parte hartu du La Toja Foroak antolatu duen eta moderatzaile Anton Costas Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidentea izan duen ‘Lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa” gaiari buruzko mahai batean. Topaketa horretan hainbat gairi buruzko iritziak partekatu ditu Alfonso Rueda Galiziako presidentearekin eta Salvador Illa Kataluniako presidentearekin batera.
Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek etxebizitzaren gaia aipatu du bereziki, eta deitoratu du, gaur Diputatuen Kongresuan egiten ari diren eztabaidaren testuinguruan, alderdi politikoak ez izatea gai “gutxienekoen” giro politiko bat sortzeko etxebizitzaren arazoari buruzko hausnarketa partekatua egin eta hortik abiatuta “erreferentzia-esparru” bat itundu ahal izateko.
“Eta hori zoritxarra da Espainiarentzat; izan ere Europan oso gauza garrantzitsuak gertatzen ari dira eta egiturazko politika batzuetan Estatuak bere etorkizuna jokatuko du, eta, aitzitik, erabateko sumindura politikoa bakarrik lehenesten da. Ez dago zubirik, zubiak dinamitatu egin dira eta Estatuan ez dago etxebizitza-politika seriorik”, adierazi du Imanol Pradalesek, eta gogorarazi du Euskaditik alternatiba berriak bilatzearen aldeko apustua egin dela euskal gizarteak etxebizitza arinago eskuratzeko, eta, esate baterako, sei lege aldatu direla helburu horrekin, etxebizitzari buruzko izapideak sinplifikatu direla, etxebizitza-parke publikoa bultzatu dela 2032rako % 22ra iristeko helburuarekin eta Etxebizitzaren Gizarte Funtsa jarri dela abian.
Beste une batzuetan, eztabaidak finantzaketa autonomikoaren gaiari eta horrek mahaian ordezkatuta zeuden hiru gizarteen lehiakortasunaren garapenean duen eraginari heldu dio. Horri dagokionez, Lehendakariak gogorarazi du euskal ongizate-eredua berrikuntzan, zientzian, nazioartekotzean eta dibertsifikazioan egindako inbertsio erabakigarriari esker eraiki dela, eta, horren ondorioz, Euskadi gaur egun herrialde aurreratua dela, ekonomia irekia eta dinamikoa duena, Europako batez bestekoa baino hobeak diren desberdintasun-estandarrekin.
“Lehiakortasunaz eta gizarte- eta lurralde-kohesioaz ari garenean, ez dugu ahaztu behar aberastasunik sortzen ez badugu ezingo dugula ongizatea birbanatu. Izan ere, autogobernurako daukagun gaitasunari esker euskal industria sektore batzuetan trantsizioan daukagu, baina, aldi berean, badira orain oso indartsuak izaten ari diren eta urrezko unea bizi duten beste batzuk ere, hain zuzen ere, industria-politiketan jarraitutasuna egon delako”, esan du.
Era berean, Lehendakariak egonkortasun politiko eta instituzionala balioetsi du Euskadiren balio gisa; izan ere, egonkortasun horrek, azpimarratu duenez, eragin zuzena du hazkunde ekonomikoan, 22 hiruhileko etengabe % 2tik gora hazi izanak erakusten duen bezala, edo langabeziaren eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren tasek termino historikoetan egiaztatzen duten bezala.
Zentralizazioa
Hala ere, Imanol Pradalesek adierazi du kezkatuta dagoela duela urte batzuetatik hona Estatu osoan botere ekonomikoak, politikoak eta teknologikoak hiriburuaren inguruan zentralizatzen ari direlako. “Ez Madrilen eta Madrilgo Erkidegoaren aurka ezer dugulako. Kontua ez da lurraldeak aurrez aurre jartzea; baina badira botereak Estatuko hiriburuaren inguruan metatzea eragiten duten inertziak. Eta hori, lurralde-kohesioari eta lurraldeen artean tirabirarik ez sortzeari begira, negozio kaxkarra da. Ez da landu behar den eredua”, adierazi du.
“Lurralde-kohesioa oso garrantzitsua da; izan ere, ongien funtzionatzen duten eta pertsonen eskariei erantzuten dieten politikak subsidiariotasun-printzipioa ezartzen dutenak dira”, esan du amaitzeko. Alde horretatik, adierazi du, gizarte-kohesioa galdu gabe lehiakorrak izaten jarraitzeko, Euskadik gaitasun politiko berriak behar dituela berme osoz erantzuteko migrazioari eta zerbitzu publiko kritikoen, besteak beste, osasunaren, segurtasunaren eta hezkuntzaren, kalitateari.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)