
PRENTSA OHARRA
Berritasun gisa, 20.000 euroko zuzkidura duen bigarren deialdi hau EAEn jarduten duen edozein enpresari ireki zaio
BILBON, 2026ko ekainaren 15ean / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) diru-laguntzen beste deialdi bat onartu du lehiaren arloko compliance programak finantzatzeko. Berritasun gisa, bigarren deialdi hau EAEn jarduera ekonomikoa egiten duen edozein enpresari dago irekita. Deialdiak 20.000 euroko aurrekontua du.
Deialdi honen xedea enpresek lehiaren arloko compliance programak edo lehiarako azpiprograma espezifikoak lehen aldiz diseina eta ezar ditzaten sustatzea da. Programa horiek ordenamendu juridikoaren beste eremu material batzuekin lotutako betetze-programetan txertatuko dira, baldin eta programa horiek dagoeneko ezarrita badituzte.
Dirulaguntza horietara 20.000 euro bideratuko dira guztira, eta erakunde onuradun bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezin izango da 10.000 eurotik gorakoa izan, ezta onartutako aurrekontuaren % 70etik gorakoa ere. Diruz lagun daitezkeen compliance programak 2026an diseinatu eta ezarri beharko dira.
Eskaerak modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira webgunean ekainaren 16tik urriaren 31ra arte. Erakunde interesdunek EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dituzte izapide guztiak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1258402
LEA/AVCk diru-laguntzen deialdia egin zuen 2025ean langile autonomoentzako eta ETEen-tzako lehiaren arloko lehen compliance programa finantzatzeko. Laguntza enpresa hauei eman zieten: Gestiones Graher S.L., Asesoría Gordoniz S.L. eta Pormu KOOP. ELIK. Txikia.
LEA/AVCri buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikita dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dago eskuragarri.