"Laneko ongizatea sulstatzen dugu" da Osalanen sentsibilizazio-kanpaina berriaren leloa, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna dela eta

Argitalpen-data: 

Osalanek lan-arriskuen prebentzioari buruzko sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du gaur, bihar, apirilak 28, ospatuko den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren esparruan

Ekimen honekin, Osalanek bat egiten du aurten ere Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak nazioartean bultzatutako ekintzekin, aurten lan-ingurune psikosozial osasungarriak bermatzeko beharra ardatz hartuta.

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscar Reinak aurkeztu dute kanpaina, "Laneko ongizatea sustatzen dugu" lelopean. Horren arabera, ongizate fisikoa, mentala eta soziala funtsezko ardatza dira laneko arriskuen prebentzioan eta lanaren etorkizunean.

Aurkezpenean gogorarazi da Espainiako Gobernuak 2026. urtea Laneko Segurtasun eta Osasunaren Urtea izendatu duela, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 30. urteurrenean.

Testuinguru horretan, Osalanek azpimarratu du laneko arriskuen prebentzioa araudia betetzetik eta lanaren alderdi fisikoetatik harago joan behar dela, eta benetan eta eraginkortasunez integratu behar dela erakundeen eguneroko kudeaketan. Komunikazio argia, prebentzio-ikuspegidun plangintza eta lanaren antolaketa koherentea, langileen parte-hartze aktiboarekin batera, funtsezko ikuspegia dira arriskuak, bereziki psikosozialak, aurreikusteko eta laneko ongizatea eta osasuna babesteko.

Era berean, Osalanek balioa eman die Arrisku Psikosozialen Kudeaketa Maparen bidez egiten ari den lanari, urteko jarduera-planei, Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021 ‑ 2026ko Euskal Estrategiari eta Osalanen Kontseilu Nagusiaren barruan eragile sozial eta ekonomikoekin etengabe lankidetzan aritzeari. Horren guztiaren helburua da enpresei, prebentzio-zerbitzuei eta langileei laguntza, orientazioa eta tresna praktikoak eskaintzea.

Kanpaina honekin, Osalanek berretsi egiten du prebentzio integratu eta proaktibo baten aldeko apustua, kalteak saihesteaz gain, osasuna, ongizatea eta lan-ingurune seguru, osasungarri eta iraunkorrak sortzen lagunduko duena, inplikatutako eragile guztien erantzunkidetasunerako deia eginez.