- Denis Itxaso sailburuak Donostiako bigarren bulebar handia eratzeko aukera azpimarratu du, Zabalgune erromantikoa eta Amara Berria lotuko dituena eta trenbide-harresi bat Donostiarako aukera historiko bihurtzea ahalbidetuko duena. “Topoaren geltoki zaharraren ordez Easo plazan nagusi izango den kiroldegi bat —igerilekuarekin— izan dezakeen erdialdeko auzo batekin zorrak kitatzeko aukera dugu aurrean”
- Proposamenean aurreikusitakoaren arabera, etxebizitzen % 90 babestuak izango dira alokairuan —babes sozialeko 216 etxebizitza eta 216 etxebizitza tasatu—, 921 zuhaitz egongo dira eta azaleraren % 25 inguru lurzoru iragazkorrez osatuta egongo da espazio publikoetan. Etxebizitzen gainerako % 10 (48) etxebizitza libreak izango dira
- Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren artean adostutako lehiaketak HAPOaren aldaketa idaztea ekarriko du. Talde irabazleak bost hilabete izango ditu hirigintza-proposamen berria idazteko. Lehen zirriborroa urtearen amaierarako prest egongo da, eta proposamen osoa, berriz, udaberrian egongo izapidetzeko prest
Kataluniako JPAM City Makers taldearen “Habitar el bosque urbano” (“Hiri-basoan bizitzea”) proiektua hautatu dute Easo-Amarako Trenbide Zabaltzaren hirigintza-eraldaketa garatzeko, hots, Donostian aurreikusitako hiri-berroneratze nagusietako bat egiteko. Proposamena herritarren ekarpenak izan ditu abiapuntu, eta baloraziorik handiena lortu du lehiaketan ezarritako bi irizpide nagusietan: 33 puntutik 33 herritarren eskarien eta erakundeen beharren integrazioan, eta 15 puntutik 15 mugikortasunean.
JPAM City Makers taldea Amado Martín, Jorge Perea eta Samuel Llovet arkitektoez osatuta dago. Haien proposamena herritarrek helarazitako eskariak txertatzeko eta, aldi berean, inplikatutako erakunde eta organismoek planteatutako beharrei aurreikusitako hiri-ereduaren oinarrizko egiturari eutsiz eta beharrezkoak diren egokitzapenak soilik eginez erantzuteko duen ahalmenagatik nabarmendu da funtsean. Balorazio teknikoan ondorioztatzen denez, malgutasun hori eta egokitzeko ahalmen hori, abiapuntuko antolamendua funtsean aldatu gabe, “Habitar el bosque urbano” proiektuaren balio nagusietako bat da. Proiektuak programari, espazio publikoari, mugikortasunari, irisgarritasunari eta hiri-funtzionamenduari lotutako beharrak proposamen koherente beraren barruan integratu ahal izan ditu.
Gaur goizean Easo plazan egindako aurkezpen-ekitaldian, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok jarduketaren hiri-irismena nabarmendu du. Izan ere, jarduketa horrek Topoaren lurperatzeak libre utzitako espazioa eraldatzea eta hainbat hamarkadatan hiriko hainbat alde bereizi dituzten oztopo fisiko nagusietako bat gainditzea ahalbidetuko du. Adierazi duenez, “Topoaren geltoki zaharraren ordez Easo plazan nagusi izango den kiroldegi bat —igerilekuarekin— izan dezakeen erdialdeko auzo batekin zorrak kitatzeko aukera dugu aurrean”.
Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak azaldu duenez, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa Topoaren 4,2 km-ko lurpeko pasagunearen eta lurpeko hiru geltokiren erremate arkitektonikoetan eta instalazioetan lan egiten ari da. Haiei esker, 21.000 m2-ko lurzorua libratu ahal izango da, bertan bizitegi-eraikinak eta espazio publikoak eraikitzeko. Era berean, Euskotreneko makinistekin prestakuntzak hasi aurreko probak erritmo onean egiten ari direla adierazi du, Topo berria Gabonen aurretik abian jartzeko. “Topo berriarekin, tren-garraio publikoko zerbitzuaren iraultza bat Eusko Jaurlaritzak hiriko arazo nagusietako bati —hots, etxebizitzari— aurre egiteko aurrerapauso sendo bihurtzea lortzen ari gara”, nabarmendu du garraio-arduradunak.
Proiektuak Zabalgune erromantikoaren eta Amara Berriren arteko hiri-konexio berri baterako bidean aurrera egitea ahalbidetuko du, eta hiri-ardatz handi bat osatuko da orain arte trenbideek bete duten espazioan. Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak batera bultzatu dute lehiaketa, eta, horri esker, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketaren idazketan aurrera egin ahal izango da. Talde irabazleak bost hilabete izango ditu HAPOaren aldaketa idazteko. Lehen zirriborroa urtearen amaierarako prest egongo da, eta proposamen osoa, berriz, udaberrian egongo da izapidetzeko prest.
Eragiketak hiriarentzat garrantzi handia duen eremu bat du abiapuntu, eta haren eraldaketa trenbide-integrazioko prozesuari eta topoaren lurperatzeari lotuta egon da. Espazio horien liberazioa aukera ona da etxebizitza, ekipamenduak, berdeguneak eta oinezkoen eta txirrindularien ibilbide berriak txertatzeko eta erdialdea eta Amara lotzeko. Aurretiazko herri-kontsultan 750 proposamen jaso ziren, eta etxebizitza babestuei, berdeguneei, jasangarritasunari eta bizi-kalitateari lotutako eskariak izan ziren nagusi.
Igerilekua izango duen kiroldegia, Easo plazaren zentraltasun berria
Proposamen irabazlearen elementu nabarmenetako bat U7 unitatean egingo den 9.000 m² inguruko kiroldegi publiko berria da, gaur egun Topoaren geltokia dagoen espazioa okupatuko duena. Proiektuak hainbat kirol-jarduera hartzeko gai izango den eraikin bat planteatzen du, igerileku bat eta hiru kirol-pista barne, 65 x 48 metro inguruko azalerarekin. Horren bidez, zentraltasun berri bat sortu nahi da Easo plazaren inguruan, eta zuzeneko lotura bat ezarri ekipamenduaren eta espazio publikoaren artean.
Proposamenak, gainera, behe-solairu aktibo bat aurreikusten du, kiroldegiak ez dezan pieza isolatu gisa funtzionatu, hiri-egitura berriaren parte gisa baizik. Soluzio horrek identifikatutako herritarren eskarietako bati erantzuten dio. Izan ere, kiroldegia eremuaren etorkizuneko garapenerako lehentasun nagusietako bat izan zen. Kirol-ekipamendua txertatu izanaren ondorioz, hasieran U7 unitatean aurreikusitako bizitegi-erabileren zati bat berrantolatu behar izan da, eta eremuko beste bloke batzuetan birbanatu dira, antolamenduan doikuntza puntualak egitearen bidez. Horrela, beraz, proiektuak proposamenaren oreka orokorrari eusten dio, eta ekipamendu berria txertatzeko aukera ematen du, abiapuntuko hiri-eredua funtsean aldatu gabe.
480 etxebizitza, % 90 babes publikokoak
JPAM taldearen proposamenak 480 etxebizitza aurreikusten ditu, eta 525 etxebizitzara iristeko aukera egongo da, espazio komunitarioen behin betiko soluzioaren arabera. Hasieran planteatutako 480 etxebizitzetatik, 432 babestuak izango dira alokairuan (guztizkoaren % 90), eta gainerako 48ak etxebizitza libreak izango dira. Parke babestuaren barruan, babes sozialeko 216 etxebizitza eta 216 etxebizitza tasatu daude aurreikusita. Bizitegi-banaketari dagokionez, askotariko osaeraren alde egin da. Ildo horretan, 98 etxebizitza (% 20) logela batekoak izango dira, 288 etxebizitza (% 60) bi logelakoak eta 94 etxebizitza (% 20) hiru logelakoak.
Azpimarratu beharra dago etxebizitza bizitegi-erabilerak, ekipamenduak eta behe-solairuko jarduera uztartzen dituen antolamendu baten barruan sartzen dela. Helburua da garapen berriak hiri-egitura ezaguterraza eta aktiboa edukitzea, hurbileko zerbitzuekin eta egunaren zati handi batean jarduera sortzeko gai izango diren espazioekin, trenbide-zabaltza berria bizitegi-eremu soilik bihur ez dadin. Ildo horretan, proposamenak modu garaikidean interpretatzen ditu inguruneko tipologiak, Zabalguneko, Amarako eta Morlanseko eraikinen arteko trantsizio egokia bilatuz. Balorazio teknikoak bereziki nabarmentzen du proiektuak eraikinen eskala lantzeko eta zenbait elementu (hala nola estalkiak eta mantsardak) berrinterpretatzeko duen ahalmena, eraikuntza berriak egungo hiri-paisaian integratu ahal izan daitezen.
“Habitar el bosque urbano”: gune berde gehiago, itzala eta iragazkortasuna
Proposamenaren izenak berak ardatz nagusietako bat laburbiltzen du: garapen berria hiri-baso bihurtzea, landarediaren presentzia indartuz eta espazio publikoa ingurumen-azpiegitura gisa erabiliz. Proiektuaren arabera, egungo 539 zuhaitz mantenduko dira eta beste 382 zuhaitz landatuko dira. Hortaz, 921 zuhaitz izango dira guztira. Gainera, espazio publikoen % 25 inguru lurzoru iragazkorretarako erreserbatuko da. Proposamenak itzala eman, hiri-erosotasuna hobetu eta beroaldietara egokitzen lagundu dezaketen benetako babesleku klimatiko gisa planteatzen ditu berdegune horiek. Horrez gain, naturan oinarritutako soluzioak eta oinezkoen ibilbide irisgarrien bidez lotutako espazio publikoen sare bat eskainiko dira.
Balorazioan kontuan hartu dira, halaber, oinezkoen ibilbideen jarraitutasuna, irisgarritasun unibertsala, egoteko espazioak eta behe-solairuen eta espazio publikoaren arteko lotura. Asmoa da egunero erabili ahal izango diren eta hiri-bizitza eta erabilera desberdinen arteko interakzioa erraztuko duten kaleak eta plazak sortzea. JPAM taldea hautatu izana ez da proiektuaren balorazio orokorraren ondorioa izan, besterik gabe; horrez gain, puntuaziorik handiena lortu du lehiaketan ezarritako bi irizpideetan.
Lehen irizpidean, 33 puntu lor zitezkeen gehienez, eta proposamenak herritarren eskariak eta inplikatutako eragileen beharrak integratzeko zuen ahalmena ebaluatzen zen. JPAM taldeak 33 puntuak lortu ditu, eta baloraziorik onena lortu du aurreikusitako atal guztietan. Aztertutako alderdien artean, honako hauek aipa daitezke: eskatutako ekipamenduen eta erabileren integrazioa, espazio publikoaren kalitatea, oinezkoen ibilbideen jarraitutasuna eta irisgarritasun unibertsala, behe-solairuetako jarduera, eraikuntza-eskalaren integrazioa ingurunean, naturan oinarritutako soluzioak, espazio publikoen iragazkortasuna, jasangarritasun- eta zirkulartasun-irizpideak, hirigintza inklusiboa eta segurtasuna, eta ETS/Euskotrenen eta segurtasun-zerbitzuen beharren integrazioa.
Bigarren irizpideak, gehienez ere 15 punturekin baloratuak, mugikortasuna zuen ardatz, baita proposamenak eremuaren barruko desplazamendu-beharrak konpontzeko eta oinezkoen, bizikleten, garraio publikoaren eta ibilgailuen trafikoaren mugikortasuna integratzeko zuen ahalmena ere. JPAM taldeak irizpide horretan ere puntuaziorik handiena lortu du: 15 puntutik 15. Balorazio positiboa jaso duen elementuetako bat, hain zuzen ere, proiektuak hiri-egitura beraren inguruan hiru mugikortasun-alternatiba eskaintzeko duen ahalmena izan da. Alternatiba horiek guztiek lehentasuna ematen diete oinez eta bizikletaz egiten diren desplazamenduei. Hiru aukerek ibilgailuen zirkulazioaren, garraio publikoaren eta oinezkoen eta txirrindularien ibilbideen arteko hainbat integrazio-maila ahalbidetzen dituzte, eta tarte bat uzten dute behin betiko soluzioa plangintza garatzen den bitartean zehaztu ahal izateko.
Itxasoren ustez, “proiektuak herritarren ekarpenak entzuten eta hiri-antolamendu zehatz bihurtzen jakin izana da gakoa, etxebizitza, ekipamenduak, mugikortasuna, berdeguneak eta zerbitzu publikoen beharrak uztartu behar diren espazio konplexu baten aurrean gaudela ahaztu gabe”. Balorazio teknikoaren arabera, egokitzeko ahalmen hori da, hain zuzen ere, “Habitar el bosque urbano” proiektuaren indar nagusietako bat: proposamena plangintza garatzen den bitartean zehaztu beharko diren erabakiak gaineratzeko bezain malgua da, baina hiri-identitate komunari eusteko bezain koherentea ere bai.
Mugikortasuna, irisgarritasuna eta hiriarekiko konexioa
Proposamenean, oinezkoak eta bizikletak hiri-egitura berriaren lehentasunezko elementuak dira. Proiektuak hainbat konexio-ardatz aurreikusten ditu, espazio publiko jarraituak eta irisgarriak planteatzen ditu, eta antolamendu berriaren eta dauden auzoen arteko lotura errazten du. Aztertutako hiru mugikortasun-alternatibek trafikoaren eta garraio publikoaren konfigurazio desberdinak antolatzea ahalbidetzen dute. Haietako batek Prim kalearen eta Antso Jakitunaren hiribidearen ardatzen integrazio handiago bat planteatzen du, beste batek berdegune nagusi bati ematen dio protagonismoa, eta hirugarrenak aurreko bi soluzioak uztartzen ditu, trafiko lasaiarekin eta Autonomia kalearen, Morlansen eta eremu berriaren arteko konexioa indartuz.
Soluzioen aniztasun horrek balorazio positiboa jaso zuen lehiaketan, mugikortasunaren definizioan aurrera egiteko aukera ematen baitu, erantzun bakarra behar baino lehen finkatu behar izan gabe. Behin betiko antolamendua ondorengo lan-faseetan zehaztu ahal izango da, udal-erabakien eta inplikatutako eragileekiko koordinazioaren arabera.
“Habitar el bosque urbano” proiektua hautatu ondoren, prozesuaren hurrengo fasea irekiko da orain: Trenbide Zabaltzaren hirigintza-eraldaketa gauzatu ahal izateko beharrezkoa den HAPOaren aldaketa idaztea. Talde irabazleak bost hilabete izango ditu proposamena garatzeko, kontratua sinatzen denetik aurrera. Aurreikusitakoaren arabera, aldaketaren zirriborroa urte honen amaierarako egingo da, eta proposamen osoa 2027ko udaberrian egongo da izapidetzeko prest.
Lan horiek amaitu ondoren, Donostiako Udalak bultzatu beharko du udalaren hirigintza-izapidetzea, eremuaren eraldaketan aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Etxebizitzako sailburuak adierazi duenez, hautatutako proiektuak fase erabakigarri batean sartzeko aukera emango du orain. “Ez gaude antolamendu zurrun baten aurrean, baizik eta hiri-oinarri sendo batekin aurrera egiteko eta, aldi berean, prozesuaren barruan mugikortasunari, ekipamenduei eta espazio publikoari buruz beharrezkoak diren erabakiak hartzeko aukera emango digun proposamen baten aurrean. Oreka hori da, hain zuzen ere, proposamen honek baloraziorik handiena lortzeko arrazoietako bat”, adierazi du.
Horrela, beraz, Trenbide Zabaltzaren eraldaketak aukera emango du hainbat hamarkadatan oztopo izan den trenbide-espazio bat hiriko pieza berri bihurtzeko, honako elementu hauek txertatuz: etxebizitza babestuak, ekipamendu publikoak, hiri-jarduera, berdeguneak eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexio berriak Donostiako erdialdearen eta Amararen artean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)