Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektua. Dekretuaren bigarren aldaketa horren helburua da esperientziak egiaztatutakoaren arabera hobetu daitezkeen alderdiak zuzentzea eta, horrela, segurtasun handiagoa eskaintzea onarpen-zerbitzuko langileen gaikuntzak indargabetzeko prozesuetan. Horrela, asmoa da modu eraginkorrean eta koordinatuan detektatzea nortzuk duten errebokazio-kausaren bat, eta horren arabera jardutea, lan horiek egiten jarrai ez dezaten. Dekretu berriak gaikuntza indargabetzeko prozedura eta erregistroan berehala baja ematea arautzen ditu, berehala eteteko aukera barne.
Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektuak jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren kontrol, ikuskapen eta zehapenerako administrazio eskudunen arteko komunikazio-kanalak ere indartzen ditu, gaikuntza indargabetzeko arrazoi izan diren jokabide desegokiak ezagutarazteko eta partekatzeko, berriro errepika ez daitezen. Horrela, prozesuaren hasiera eta ebazpena indargabetzeko arrazoia hori gertatu den udalerriko udalari jakinarazteko betebeharra ezartzen da, baita etetea ere. Era berean, indargabetzea eragin dezaketen jokabideak edo gertaerak atzematen dituen udalak Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio.
Hauek dira Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretu-proiektuak jasotzen dituen aldaketa nagusiak:
- Hobeto zehazten dira onarpen-zerbitzuko langileen funtzioak, eta gaitutako eta erregistratutako onarpen-zerbitzuko langileak zein establezimenduk izan behar dituzten zehazten da.
- Bereizi egiten dira alde batetik gaikuntza eta inskripzioa eta, bestetik, onarpen-zerbitzuko langileen erregistroa. Gaikuntza da egiten den proba edo azterketa, eta erregistroan ofizioz inskribatzen da. Eskatzaileak baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen duenean, erregistratuta geratuko da, eta onarpen-zerbitzuko langilearen txartela emango zaio.
- Gaikuntzaren indarraldiari edo balio-denborari buruzko artikulu bat sartu da, orain arte mugagabea baitzen. Hemendik aurrera 10 urteko indarraldia izango du. Epe hori zenbatuko da dekretu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera, aurretik emandako gaikuntza guztietarako. Gainera, gaikuntza berritzeari buruzko artikulu bat eta, gaikuntza baliogabetzeko arrazoi gisa, gaikuntzaren indarraldia amaitzeari eta gaikuntza ez berritzeari buruzko atal bat sartu da.
- Gaikuntza lortu ahal izateko probetara aurkezteko 5 urteko epea ezartzen da onarpen-zerbitzuko langileen funtzioak dekretuan ezarritako baldintzak bete gabe edo gaikuntza baliogabetuta betetzen aritu direnentzat. Gainera, ezin izango dute gaikuntza berririk lortu eta ezin izango dira onarpen-zerbitzuko langileen erregistroan inskribatu gaikuntzaren baliogabetzea formalizatzen denetik bost urte igaro arte.
Dekretua aldatzeko prozesua
Segurtasun Sailak, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren bidez, 2025eko uztailean hasi zuen Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen Dekretua aldatzeko prozesua. Kontsulta publikoko aldi baten ondoren eta administrazioaren barruan nahitaezko txostenak egin ostean, Gobernu Kontseiluak onartu du. Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzeko dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)