Idazkaritzako, kontu-hartzailetzako eta diruzaintzako aldi baterako lan-poltsetan izena emateko epea luzatu da

Argitalpen-data: 

Lan_poltsak_azterketa.jpeg
  • Eusko Jaurlaritza erakunde arteko estrategia bat sustatzen ari da, udal-funtzionamendurako funtsezkoak diren lanpostu horiek beteko direla bermatzeko
  • Interesdunen parte-hartzea errazteko eta ahalik eta lanpostu huts gehien betetzeko, izena emateko epea ekainaren 2ra arte luzatu da
  • Lanpostu horien %50 inguru dago gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioez hornitua, hainbat urtez Lan Eskaintza Publikoen aurka jarritako errekurtsoen eta etengabeko judizializazioaren ondorioz, hainbat udaletan idazkari, kontu-hartzaile eta diruzain plazak hutsik daudelako

Euskadiko udalak egoera zailean daude gaikuntza nazionala (FHN) duten toki-administrazioko funtzionarioen lanpostuak betetzeari dagokionez, hainbat erakundek etengabe errekurtsoak aurkeztu baitizkiete plaza horiek betetzeko euskal administrazioek sustatutako enplegu-eskaintza publikoei, egonkortze-prozesuei eta aldi baterako lan-poltsei. Idazkari, kontu-hartzaile eta diruzain figura horiek ezinbestekoak dira udalek behar bezala funtziona dezaten.  Judizializazio horren ondorioz, sistematikoki geldiarazi da plaza horiek betetzeko bultzatutako prozesu oro, eta horrek guztiak, ziurgabetasun juridikoa eragin du toki-administrazioan.

Lanpostu horien %50 bakarrik dago langile titularrez hornitua, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu, batez ere udalerri txikietan.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta EUDELekin koordinatuta, hainbat neurri jarri ditu abian, hala nola aldi baterako lan-poltsa berriak sortzea, segurtasun juridikoarekin, Euskadiko udaletan hutsik dauden idazkaritzako, kontu-hartzailetzako eta diruzaintzako plazak betetzeko. 

Lan-poltsa horietan izena emateko epea ekainaren 2ra arte luzatu da, interesdunen parte-hartzea errazteko eta ahalik eta lanpostu gehien betetzeko.

Eskabideak modu telematikoan egin behar dira Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) webgunean. Lan-poltsak eratzeko azterketak datozen hilabeteetan egitea aurreikusten da, irailetik aurrera plazak bete ahal izateko.

Autogobernuarekiko eta tokiko zerbitzu publikoarekiko konpromisoa

Segurtasun juridiko handiagoko aldi baterako lan-poltsa berriez gain, foru-aldundien bitartez beren lan-poltsak sortzea erabakitzen duten udalak laguntza eta babesa jasotzen  ari dira. Halaber, behin-behineko izendapenak ere egin dira udal-jarduerari eutsi ahal izateko.

Era berean, Eusko Jaurlaritza araugintza-tresna berriak lantzen ari da, sistemari egonkortasun eta argitasuna emateko eta sistema bera Euskadiko errealitate instituzionalera egokitzeko.

Hartutako neurriekin, euskal erakunde guztiek egoera konplexu honi erantzuteko borondatea berretsi dute eta tokiko sistema publikoaren egonkortasunarekin eta kalitatearekin duten konpromisoa ere bai.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak bere eskumen-esparrua defendatu du, eta udalen funtzionamendurako funtsezkoa diren lanpostu horiek betetzeko erantzukizunez jokatzen jarraitzeko asmoa agertu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)