Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2027rako Aurrekontu Orokorren jarraibide ekonomikoak onartu ditu

Argitalpen-data: 

Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2027rako Aurrekontu Orokorrak egiteko oinarri izango diren jarraibide ekonomikoak. Erabaki horrekin, hasiera formala ematen zaio aurrekontu-prozesuari, eta urte amaieran amaituko da Eusko Legebiltzarrean Aurrekontuen Legea onartzearekin.

Noël d 'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia da ongizate-estatua sendotuko duten, hazkunde ekonomikoa bultzatuko duten eta finantza-egonkortasunari eutsiko dioten kontu publikoak diseinatzea, ziurgabetasun geopolitikoa eta ekonomikoa nagusi den nazioarteko testuinguruan".

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak % 1,9eko igoera izango du 2026an eta % 1,6koa 2027an, Europako ekonomia nagusien moderazioaren ildo beretik. Enpleguak aurrera egiten jarraituko du, erritmo txikiagoan bada ere, eta 2026an % 1,0 eta 2027an % 0,7, gutxi gorabehera, gora egitea aurreikusten da, hau da, 17.000 lanpostu berri. Era berean, 2027an langabezia-tasa maila txikietan mantenduko da, % 6,2 inguruan.

Jarraibideek ezartzen dutenez, 2027ko aurrekontuak bat etorri behar du XIII. legealdiko helburu nagusiekin, eta bost ardatz estrategikoren inguruan egituratuko da: pertsonak politika publikoen erdigunean, hazkunde ekonomikoa eta ongizatea, eraldaketa energetikoa eta jasangarritasuna, bizikidetza, memoria eta giza eskubideak eta autogobernua eta nazioarteko proiekzioa indartzea.

Seme-alabak dituzten familia guztiei laguntzak zabaltzea: 200 euro/hileko haur bakoitzeko, 4 urtera arte

Era berean, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio laguntzak seme-alabak dituzten familia guztietara zabaltzeko dekretuari. Hurrengo 4 urteetarako laguntzak handitzeagatiko inbertsio ekonomikoa 85,8 milioi eurokoa da, eta aurten 33,8 milioi euroko ordainketa-kreditua izango du. Laguntza berriak dekretua EHAAn argitaratzen denetik aurrera eskatu ahal izango dira (ekainaren amaieran).

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak dekretuaren berritasunak azaldu ditu: hilean 200 euroko laguntza 4 urtera arte luzatuko da; hilean 100 euroko laguntzak 4 urtetik 7 urtera bitarteko seme-alabak dituzten familia ugarientzat izango dira; hilean 100 eta 200 euroko laguntzen onuradun izango dira harrera-familiak (621 familia Euskadin) edo tutoretza-familiak; kudeaketa eta elkarreragingarritasunak hobetuko dira, eta eskatzailearen eta seme-alaben arteko baterako erroldatzean jauzi bat egitea baimenduko da, 30 egunera artekoa diruz laguntzeko moduko aldi osoan, eta 60 egunera artekoa genero-indarkeriako kasuetan.

2,4 milioi euro doako laguntza juridikoa emateko

Gobernu Kontseiluak 2,4 milioi euroko baimena eman du berehalako doako laguntza juridikoa emateko Euskadin emakumearen aurkako, familia barruko eta sexu-askatasunaren aurkako indarkeriaren biktima diren pertsonei eta indarkeriaren biktima diren haur, nerabe eta desgaituei.

Dirulaguntza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoei zuzenduko zaie, funtsezko zerbitzu hau emateko. Doako Laguntza Juridikoaren Legeak abokatuen elkargoei esleitzen die doako abokatu-laguntzaren zerbitzuak arautzea eta antolatzea, eta, horretarako, etengabeko guardia-txanda bat izan behar dute zerbitzu hori emateko.

Hitzarmena EHUrekin espetxe-administrazioan eta Ibaiondo Hezkuntza Zentroan praktikak egiteko

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat izan da Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko esparru-hitzarmena, ikasleek praktikak egin eta Espetxe Administrazioan Gradu Amaierako Lanak edo Masterrekoak egin ditzaten, bai eta Ibaiondoko Gazte Justiziako Hezkuntza Zentroa ere. Helburua da etorkizuneko profesionalek espetxe eta gazte justiziaren arloko prestakuntza jaso eta gaitasunak eskuratzea.

Praktikak ez dira ordainduak izango, eta, hala nola Zuzenbidea, Psikologia, Gizarte Hezkuntza, Gizarte Langintza, Kriminologia edo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak bezalako diziplinetako ikasleei zuzenduta egongo dira.

Giza Eskubideen "René Cassin" sariaren berritasunak

Halaber, Giza Eskubideen "René Cassin" saria arautuko duen dekretu berria baimendu da. Araudiak sariaren esparru berri bat ezarriko du, eta horrek aukera emango du giza eskubideen defentsan diharduten pertsona edo kolektibo gehiagori aitortza zabaltzeko. dekretu berriak edizio bakoitzeko deialdiaren ebazpenean bi sari emateko hautagaitzak aurkezteko aukera aurreikusten du: bat pertsona fisiko bati, eta bestea, juridiko bati. Giza eskubideen arloan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahaiak, gainera, sarituak izan ez diren azken hiru urteetako hautagaiak aukeratu ahal izango ditu aukera gehiago izateko.

Sariaren nazioarteko proiekzioa errazteko, testuak aukera ematen du atzerriko hautagaiak edo bizilekua atzerrian dutenak aurkezteko, betiere Euskadiko edo Estatuko erakunde batek aurkezten baditu. Horrela, etorkizuneko edizioetan giza eskubideen aldeko ekimen globalak sartzea erraztuko da.

Garraiolarien belaunaldi-erreleborako laguntza-programa

Gobernu Kontseiluak 450.000 euroko laguntza-programa bat onartu du gaur 2026erako, 2000. urtean garraiolarien belaunaldi-erreleboari emandako laguntzari jarraipena emateko. Deialdi hau salgaien edo bidaiarien errepideko garraio publikoaren sektorean aritzen direnei eta jarduera etorkizunean utzi nahi dutenei zuzenduta dago, nahiz eta erretiro-adin arruntera iritsi ez (63 edo 64 urte), edota, hala badagokio, aitortutako ezintasun  iraunkorragatik edo baliaezintasun handiaren aitorpenagatik jarduerarekin jarraitu ezin dutenei.

Interesdunek hilabeteko epea izango dute, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik eskabidea aurkezteko, formulario ofizialarekin eta gutxieneko dokumentazioarekin batera: EAEn erroldatuta egotearen ziurtagiria, azken hamar urteetan autonomo gisa etengabe alta emanda egotearen ziurtagiria eta, hala badagokio, ezintasunaren edo baliaezintasun handiaren ebazpena. Pertsona juridikoen bazkide bakarren kasuan, beharrezkoa izango da IFZ, Merkataritza Erregistroaren ziurtagiria eta izaera hori egiaztatzen duten eskriturak aurkeztea.

200.000 euro Euskal Kultura Ondarearen babesari buruzko ikerketa-lanetarako

Gainera, Gobernu Kontseiluak, 2026 eta 2027 urteetan euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuei (adierazpen immaterialak ezik) buruzko ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. Hala, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara. Proiektuak %100ean lagundu ahal izango dira diruz, 15.000 eurora arte.

Diruz lagunduko diren proiektuak 2026eko ekitaldian hasi beharko dira, eta 2027ko urriaren 31a baino lehen amaitu. 2026-2027ko deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ekainaren erdialdera aurreikusita dago argitara ematea.

132.000 euro nautikako eta arrantzako prestakuntza eta sektoreko belaunaldi-erreleboa sustatzeko beken bidez

Gobernu Kontseiluak 2025-2026 ikasturtean itsas arrantza arloko ikasketak egiteko beken deialdiari argi berdea eman dio. Bekak Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII ikastetxean, Bermeoko CIFP Nautika eta Arrantzakoan eta Ondarroako Antigua Ama Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastetxean ikasten duten ikasleei zuzenduta daude.

Deialdiak 132.076 euroko zuzkidura ekonomikoa du guztira, eta helburua euskal itsas eta arrantza sektorearen etorkizunerako estrategikotzat jotzen den prestakuntza batean ikasleen sarbidea, jarraipena eta egonaldia erraztea da. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak aurrez aurre nahiz modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez.

Oiongo Udalaren partzela baten lagapena alokairuko babes ofizialeko 23 etxebizitza eraikitzeko

Era berean, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Oiongo Udalak alokairuko babes ofizialeko 23 etxebizitza eraikitzeko lurzati bat doan lagatzea onartzeko.
Proiektuak alokairuko 23 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusten du, eta 4,5 milioi euro inguruko inbertsioa mobilizatuko du. Hala ere, behin betiko aurrekontua martxan dagoen egikaritze-proiektua idazten amaitu ondoren zehaztuko da.

Lurzatia, 900 metro koadrotik gorako azalerakoa eta 1.800 metro koadro ingururako bizitegi-eraikuntzarako ahalmena duena, udalerriko SAUR-1 bizitegi-sektorean dago, eta beheko solairuko etxebizitza babestuen bloke bat egiteko erabiliko da, bi solairu gehituta.

Euskadiko datu ofizialen ekoizpena indartzeko Urteko Estatistika Programa onartu da

Gobernu Kontseiluak Urteko Estatistika Programa onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan 2026an egingo diren estatistika eragiketa ofizial guztiak definitzen eta antolatzen dituen tresna.

Urteko Estatistika Programak estatistika eragiketen zerrenda zabala biltzen du, eta askotariko eremuak hartzen ditu: demografia, osasuna, hezkuntza, ekonomia, lan merkatua, ingurumena, etxebizitza, mugikortasuna, kultura eta euskara, besteak beste. Dekretuak, gainera, hasiera batean 2023-2026 Euskal Estatistika Planean aurreikusi gabeko bi estatistika eragiketa berri jasotzen ditu: bata, adinekoentzako egoitza zentroetako kalitate adierazleei buruzkoa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak proposatuta, eta, bestea, delitu estatistikei buruzkoa, Segurtasun Sailaren ekimenez.

Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak egin du aurtengo programa, Euskal Estatistika Kontseiluaren babesarekin eta Euskal Estatistika Batzordearen nahitaezko txostenarekin.

Ardatz 2030 Planaren tarteko ebaluazioa

Azkenik, Gobernu Kontseiluan Ardatz 2030 Planaren Tarteko Ebaluazioaren berria eman da, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoa. Plan honek sektore publikoa modernizatzeko eta Administrazioa eraldatzeko ibilbide-orria finkatzen du, herritarrak ardatz dituen Administrazio irekiago, arinago, gardenago, parte-hartzaileago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko; etorkizuneko administrazioak modu egokiagoan erantzun diezaien erronka sozial eta teknologiko berriei, kalitatezko zerbitzu eskuragarriago, seguruago, eraginkorragoen eskutik.

Ardatz 2030 planean jasotako 309 adierazleetatik 71 beteta daude dagoeneko, eta beste 56k garapen-maila oso altua dute; horrek esan nahi du aurreikusitako ekimenen ia erdiak dutela betetze-maila altua. Gobernu Programari lotutako adierazleei dagokienez,  adierazleen ia %60 osatuta edo oso aurreratuta daude. Zehazki, %38 daude osatuta, % 21 oso aurreratuta eta % 31 nahiko aurreratuta.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)