Argentina, Kolonbia, Costa Rica, Ekuador, Mexiko eta Dominikar Errepublikako ordezkari instituzionalek bertatik bertara ezagutu dituzte gaur gizarte-aurreikuspen osagarriko euskal sistemaren ezaugarri nagusiak. 34.248 milioi euroko ondarea (Euskadiko BPGaren % 33) eta 878.000 bazkide baino gehiagori estaldura eskainita, BGAEak nazioarteko erreferente arrakastatsu gisa sendotu dira, enpleguan eta negoziazio kolektiboan oinarritutako eredua ardatz hartuta.
Garapenerako Banku Inter-amerikarrak (BID) eta Novasterrek sustatutako programaren barruan egin da bisita, gizarte-aurreikuspenaren eta pentsio-sistema osagarrien arloko erreferentziazko esperientziak ezagutzeko. Juan Alberdi Eusko Jaurlaritzako Finantza Politika eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak eta Luis Carlos Izquierdo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Aurreikuspeneko arduradunak egin dute aurkezpen instituzionala, eta nazioarteko ordezkariei helarazi dizkiete gure autogobernuaren adierazpide zehatzaren gakoak, Euskadi Europako lurralde aurreratuenen artean kokatzen baitu arlo horretan.
Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen (BGAE) bilakaera eta adierazle nagusiak azaldu dituzte. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) tresna sendoak dira, erretiroko, baliaezintasuneko eta heriotzagatiko prestazio publikoak aurrezki kolektiboko mekanismoen bidez osatzeko.
Gizarte-aurreikuspen osagarriko euskal sistema ezarpen handiagatik eta pisu ekonomikoagatik da nabarmentzekoa. Gaur egun BGAEek kudeatzen duten ondarea 34.248 milioi eurokoa da. Kopuru hori Euskadiko BPGaren % 33 inguru da, eta Estatuko eta Europako batez bestekoak aise gainditzen ditu, sortutako aberastasunari dagokionez.
Era berean, 878.000 bazkidek baino gehiagok osatzen dute BGAEren bat, hau da, 16 urtetik gorako EAEko biztanleriaren erdia inguruk. Ezarpen zabal horren ondorioz, Europako gizarte-aurreikuspen osagarrirako tresna nagusietako bat da.
Euskal ereduaren beste elementu bereizgarrietako bat da enpleguarekin eta negoziazio kolektiboarekin duen lotura estua. Enpresek eta langileek batera egindako ekarpenei esker, sistema sendo eta egonkorra garatu da, eta horrek etorkizuneko pentsio publikoak osatzeko epe luzerako aurrezkia sortzen laguntzen du.
Gaur egun, Euskadik ehun BGAE baino gehiago ditu martxan, eta horien artean enpleguari lotutako erakundeak nabarmentzen dira. Euskal araudiak bereziki bultzatu ditu lehentasunezko enpleguko BGAE deritzenak. Horiek gizarte-aurreikuspen osagarria langile eta enpresa gehiagori —batez ere enpresa txiki eta ertainei— zabaltzeko sortu dira, gobernantzako, partaidetzako eta eraginkortasuneko irizpide aurreratuen bidez.
Berriki, berariaz langile autonomoei zuzendutako plan berriak jarri dira martxan, eta hori sistemaren beste aurrerapen garrantzitsu bat da; izan ere, orain arte mekanismo horietan sartzeko zailtasun handiagoak zituzten kolektiboei aukera gehiago eman zaie aurreikuspenezko aurrezki-tresnak eskuratzeko.
Bileran, azken urteetan eredua araugintzatik eta finantza-arlotik indartzeko hartu diren neurriak ere aztertu dira. Neurri horien helburua da gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema gero eta inklusiboago eta iraunkorragoak sustatzea, eta horiek prestazioak errenta modura kobratzeko xedea izatea.
Nazioarteko ordezkariek interesa agertu dute eredu horrengatik, gizarte-estaldura handia, enpresen eta langileen parte-hartze aktiboa, gobernantza sendoa eta ondare-bolumen nabarmena konbinatzen baititu. Faktore horiek erreferentzia bihurtu dute gizarte-aurreikuspen osagarriko euskal sistema, etorkizuneko erronka demografiko eta ekonomikoei begira gizarte-babeserako mekanismoak indartu nahi dituzten beste lurraldeentzat. Saioan, gainera, aurreikuspenezko aurrezkiaren eta pentsio-sistema osagarrien arloko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu dira, Juan Alberdi eta Luis Carlos Izquierdo koordinatzaile zirela.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)