- Talde parlamentario desberdinen 47 proposamen jaso dira onartutako testuan; legeak gardentasuna indartzen du, herritarren eskubideak zabaltzen ditu eta tresna berriak aurreikusten ditu, hala nola Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren sorrera ustelkeriari aurre egiteko, legea betearazteko eta informatzaileak babesteko
- Ubarretxena: "Gaur demokrazia irekiago, parte-hartzaileago eta kalitate handiagoko baten aldeko urratsa egin dugu; Legearen onarpena etapa berri baten hasiera da; orain, legea garatzea dagokigu, erakunde guztien konpromiso eta erantzukizunetik, gardentasunaren eta kontu-emateen arloko betebehar berriak betetzeko"
Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Gardentasunaren Legea onartu du gaur, XIII. legegintzaldi honetako Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko konpromisoetako bati eutsiz, Euskadin kalitate demokratikoa indartzeko helburuarekin.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Legebiltzarrean egindako agerraldian nabarmendu duenez, gardentasuna "ez da erakundeek herritarrei emandako kontzesio bat, gure garaiko eskakizun demokratiko bat baizik; gure gain hartzen dugun konpromiso publiko bat da, eta erakunde-eremu guztietatik dagokigu gardentasuna indartzea, are gehiago, demokraziaren aurkako ahotsak eta jarrerak gero eta nabarmenagoak diren Europako eta munduko testuinguru honetan”. Ildo horretan, sailburuak adierazi du legeak aukera emango duela erakundeekiko konfiantza sendotzeko, Euskadin kontuak emateko kultura indartzeko eta kudeaketa publiko irekiagoa, eraginkorragoa eta hurbilagoa lortzeko ".
Era berean, sailburuak gogorarazi du Euskadi ez dela "hutsetik abiatzen", gardentasunean eta gobernu onean ibilbide sendoa duelako, lege berria egungo esparrua zabaltzera eta indartzera dator; "tresna berri bat da ekintza publikoa legitimatzeko, koherentzia indartzeko eta herritarrei bermeak emateko"-esan du.
Gardentasunaren Euskal Agintaritza, sistema berriaren funtsezko pieza
Gardentasunaren Lege berriak gobernu irekiaren kultura modu integralean bultzatu nahi du, gardentasunaren, integritatearen, kontu-ematearen eta herritarren partaidetzaren printzipioetan oinarrituta.
Legea, bost titulutan eta 85 artikulutan egituratuta dago eta aurrerapauso esanguratsuak dakartza, erakundeen eta herritarren arteko harremanari lotuta. Berrikuntza nagusien artean, daude:
- Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea indartzea, benetako eskubide gisa aitortzen da eta galdagarria da.
- Aplikazio-eremua zabaltzea, funts publiko garrantzitsuak kudeatzen edo jasotzen dituzten erakunde pribatuei ere eragiten die. Erakunde horiek beren jarduerari eta baliabide publikoen erabilerari buruzko kontuak eman beharko dituzte.
- Publizitate aktiboko betebehar berriak. Informazio eskuragarri eta argia eman beharko da, eta informazio hori, askotan, ofizioz argitaratuko da. Horrek esan nahi du erakundeek modu erregularrean eta eskuragarrian argitaratuko dutela beren jarduerari, antolaketari eta baliabide publikoen erabilerari buruzko informazioa, informazio hori aurrez eskatu behar izan gabe.
- Herritarren parte-hartzea bultzatzea, Gobernu Irekiaren Plataforma, Parte-hartzearen Erregistroa eta Interes Taldeen Erregistroa bezalako tresnen bidez.
- Datu publikoak irekitzea eta berrerabiltzea, gardentasuna eta gizarte-balioa sortzea bultzatuz.
- Kontuak emateko ikuspegi zorrotzagoa. Zehaztasun handiagoz jakin ahal izango da Gobernuak zein helburu ezartzen dituen, eta Programaren betetze-mailaren jarraipena egin eta emaitzak ebaluatu ahal izango dira.
Legearen elementu nagusietako bat Gardena, Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortzea da. Organo independentea izango da, Eusko Legebiltzarrak aukeratua. Gardentasunaren arloko betebeharrak betearazteaz eta informazioa eskuratzeko eskubidea babesteaz arduratuko da.
Agintaritza horrek eskumena izango du herritarren erreklamazioak ebazteko, publizitate aktiboa gainbegiratzeko, salaketen kanpo-kanala kudeatzeko eta, hala badagokio, arau-hausteen aurrean zehapenak bultzatzeko. Izan ere, legeak zehazpen-araubidea jasotzen du, legearen nahitaezko izaera indartuz, herritarren zerbitzurako berme-sistema gisa.
Urrats erabakigarria eta etapa berri baten hasiera
Ubarretxena sailburuak legea landu eta tramitatu bitartean egindako lana balioan jarri du eta legebiltzar-talde ezberdinen ekarpenak ere goraipatu ditu, hasierako testua hobetzeko aukera eman dutelako.
Legebiltzarreko talde guztien, Vox izan ezik, proposamenak gehitu dira Legera, guztira 47 eta beste 4 ekimen transakzionatu dira, alor garrantzitsuei lotuta: betetze-mailaren ebaluazioa, Gardenako burua hautatzeko metodoa, prozeduren argitasuna edo lege osoaren sendotasun juridikoa.
EAJ-PNVren eta PSEren 10 proposamen onartu dira; horien artean, lankidetza- eta deliberazio-gobernantza indartzeari buruzkoa, kodiseinu eta entzute aktiboaren ikuspegia txertatuz. EH Bilduren 18 proposamen gehitu dira, besteak beste, Gardenako lehendakaritzari buruzko artikulua bereizita bozkatzeko eskaera; PPren 15 zuzenketa onartu dira, eta akordio bat lortu da Sumarrekin, Gardenako burua aukeratzeko metodoari buruz.
Amaitzeko, sailburuak Eusko Legebiltzarrean emandako pausoaren garrantzia azpimarratu du, "gaur demokrazia irekiago, parte-hartzaileago eta kalitate handiagoko baten aldeko urratsa egin dugu; lege honekin herritarren konfiantza eta gure erakundeen sendotasuna indartuko ditugu; lege honen onarpena ez da bidearen amaiera, etapa berri baten hasiera baizik, orain, legea garatzea dagokigu, erakunde guztien konpromiso eta erantzukizunetik” – esanez amaitu du Ubarretxenak bere agerraldia.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)