Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Cadena Ser Gipuzkoan egindako elkarrizketan azaldu duenez, Donostiako trenbide-pasanteak beste urrats bat emango du datorren astean zerbitzua martxan jartzeko, galibo-probak eta trenek azpiegituran izango dituzten dinamikak hasiko direlako. “Lehen trenak tuneletik sartuko ditugu, egiaztatzeko nola jokatzen duen trenak lerro zuzenean, kurban, hutsean, pisua daramatela…. Hori guztia dena zuzen dagoela eta behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko. Ondoren, gidariak sartu ahal izango dira aste batzuez prestakuntza jasotzeko beharrezkoak diren probak egitera”, zehaztu du.
Garraioetako arduradunak adierazi duenez, ekainean bukatu zen trenbidearen obra zibila eta une honetan Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa azken lan arkitektonikoak eta instalazio eta katenariako lanak egiten ari da. “Gabonak baino lehen Gipuzkoan azken urte luzeetan izan den azpiegitura garrantzitsuena erabili ahal izango dugu”, adierazi du, eta gogorarazi du “Topoa hiriaren erdigunean berreskuratuko dugula, bere garaian galdu zena; orain lurpetik berreskuratuko dugu”. Topo berria martxan jarrita, “mugitzeko moduaren kontzeptua aldatuko du, iraultza bat da”, azpimarratu du.
Azpiegitura berri horren bidez, “lurrazaleko inguruneak ere hobetuko ditugu, Amarako trenbidea, adibidez. Trenbideak kenduko ditugu nire lankide Denis Itxasoren Etxebizitza Sailak hain beharrezkoa den etxebizitza publikoa susta dezan”, adierazi du.
Gainera, zerbitzuaren hobekuntzak astelehen honetan bertan iritsiko direla iragarri du sailburuak, Euskotrenen neguko ordutegia indarrean sartuko baita; izan ere, joan den uztailean Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko lurpeko saihesbidea martxan jartzeari esker, larunbat gauetako egungo maiztasunak hobetuko dira, eta neguko ordutegian ere mantendu egingo dira. Irailaren 12tik aurrera, larunbatetako gaueko trenek udako maiztasunekin zirkulatzen jarraituko dute, orain arte neguan eskaintzen zirenen bikoitza: ordubetean mantenduko dira Lasarte-Oria eta Hendaia artean, eta 30 minutuero gutxi gorabehera Amara (Donostia) eta Pasaia artean, bi noranzkoetan eta gau osoan zehar.
Era berean, trenbide-saihesbidea martxan jartzearen ondorioz, Euskotrenek zerbitzua hobetu ahal izango du Errenteria eta Oiartzunen. Izan ere, ordutegi berriarekin 15 minutuko maiztasunak eskainiko dira larunbat goizetan eta igande eta jaiegunetan egun osoan.
Azkenik, Gipuzkoako trenbide arloko etorkizuneko proiektuak zerrendatu ditu sailburuak: “Ez gara Donostialdera bakarrik mugatuko, 2026. urtean amaitzen ari garen lana ezinbestekoa zen sare osoa hobetu ahal izateko”, zehaztu du, Altzan eta Amaran zaku hondoak (trenen errebote puntuak) kentzeari erreferentzia eginez. Ildo horretan, Errenterian sarea hobetzeko, Oiartzun eta Gaintxurizketa arteko trenbidea bitan banatzeko eta Irunen hainbat hobekuntza egiteko urratsak ematen ari dira, ETSren trenbideak herrian ADIFenera hurbiltzeko proiektuari esker, herritarrentzako trenbide-espazioak libratu eta geltokiak eraberritu eta berriak sortuta. Halaber, proiektu estrategikoak ekarri ditu gogora, hala nola Lezo-Gaintxurizketako plataforma intermodala, Gipuzkoako errepideetatik kamioiak ateratzen lagunduko duena.