Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 400 profesional bildu ditu ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzeko

Argitalpen-data: 

Argazkia01.JPG
  • Eskola Hiztun Bila jardunaldiaren XXX. edizioak 30. urteurrena ospatu du, ikastetxeetan euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortuz. Ibilbide horrek konfiantzaz begiratzeko aukera ematen du euskararen etorkizunari.
  • Hizkuntza-lidergoa izan da jardunaldiaren ardatz nagusia. Begoña Pedrosa sailburuak defendatu du euskara ikastetxe bakoitzaren proiektu partekatuaren parte izatea, zuzendaritza-taldeen, irakasleen, familien eta ikasleen inplikazioarekin.
  • EHIKAk, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak, bere lan-ildoak aurkeztu ditu, ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak indartzeko, irakasleen prestakuntza hobetzeko eta euskararen ikaskuntza eta erabilera errazteko.

Ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko ikastetxeen zeregina indartzea izan da gaur Vitoria-Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan ospatu den Eskola Hiztun Bila jardunaldiaren XXX. edizioaren helburu nagusia.

Jardunaldia EHIKAk (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua) antolatu du. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eman dio hasiera topaketari. Bertan, hezkuntza-esparruko 400 pertsona inguru bildu dira, batez ere hizkuntza-normalizazioko arduradunak, hizkuntza-kudeatzaileak eta ikastetxe publiko eta itunduetako zuzendaritza-taldeak.

Hizkuntza lidergoa ikastetxean izenburupean, topaketak hizkuntza-proiektuek euskararen eguneroko erabileran eragin handiagoa izatea nola lortu aztertu du. Horretarako, zuzendaritza-taldeak, irakasleak eta hezkuntza-komunitatea nola inplikatu aztertu da, bai eta hizkuntza-helburuak ikastetxeen funtzionamenduan nola txertatu ere.

Bere hitzaldian, Begoña Pedrosak hiru hamarkada hauetan ikastetxeetan euskararen normalizazioa bultzatu dutenek egindako lana aitortu du, bereziki hizkuntza-normalizazioko arduradunena. Urte hauetan pilatutako esperientziak eta profesional horien inplikazioak konfiantzaz begiratzeko aukera ematen dute euskararen etorkizunari, baita belaunaldi berrien artean euskararen presentzia eta erabilera handitzeko aukerei ere. Horretarako, sailburuak zuzendaritza-taldeek, irakasleek, familiek eta ikasleek partekatutako hizkuntza-lidergoa defendatu du, hizkuntza-helburuak ikastetxe bakoitzaren erabakietan eta lehentasunetan txertatzeko.

Pedrosak euskararen sustapena euskal hezkuntza-sistemaren arduren artean kokatu du. Gero eta anitzagoa den gizarte batean, euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen eredu eleaniztun eta kulturartekoa defendatu du. Horretarako, hizkuntza-proiektuak eguneratzearen, irakasleen prestakuntza indartzearen eta hamarkada hauetan ikastetxeetan pilatutako ezagutza baliatzearen garrantzia azpimarratu du.

Josune Zabala EHIKAko zuzendariak institutuaren lana aurkeztu du, ezagutza eta ikerketa ikastetxeen beharretara hurbiltzeko. Institutuaren helburuen artean daude hizkuntza-proiektuak indartzea, irakasleen prestakuntza hobetzea eta euskararen ikaskuntza eta erabilera errazteko baliabideak garatzea.

30 URTE EUSKARAREN ALDE LANEAN

Jardunaldian, ikastetxeetako euskararen normalizazioaren alde egindako hiru hamarkadetako lana errepasatu da. Urte horietan, eskolan euskararen presentzia indartzen lagundu duten programak, materialak eta esperientziak garatu dira. Egungo erronken artean dago ikasleek eguneroko harremanetan euskara erabiltzeko aukera gehiago izatea, gela barruan zein kanpoan.

Egitarauak Eskola Hiztun Bila jardunaldiaren 30 urteei buruzko mahai-inguru bat eta hizkuntza-lidergoari, ikastetxeetako hizkuntza-proiektuen hobekuntzari eta murgiltze-ereduen eguneratzeari buruzko hitzaldiak izan ditu, euskararen ikaskuntza eta erabilera indartzeko. Irakasleen prestakuntzaren garrantzia ere aztertu da, baita ikasleek egoera eta eremu desberdinetan euskara erabiltzeko aukerak zabaltzea ere.

Gaur egun, EHIKAk Hezkuntza Sailaren jarduerak bultzatzen ditu, ikastetxeetako hizkuntza-proiektuak indartzeko, irakasleen prestakuntza hobetzeko eta euskarazko irakaskuntzarako materialak eta baliabideak garatzeko. Jardunaldian aurkeztutako ekimenen artean daude konplexutasun handiko 20 ikastetxerekin garatutako proiektu pilotu bat, HUHEZI Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin lankidetzan, hizkuntza-kudeatzailearen figura indartzeko; ikasle etorri berriei zuzendutako EUSLE programaren egokitzapenak; eta hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta ebaluatzeko tresnak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)