Eusko Jaurlaritzako Donostiako bi partzelaren lagapena onartu du, gazteentzako eta adinekoentzako txandakako 263 apartamentu bultzatze aldera eta bizitoki-larrialdiari aurre egiteko epeak bizkortze aldera (Gobernu Kontseilua 2026-02-17)

Argitalpen-data: 

Proyecto_de_los_83_apartamentos_de_Riberas_de_Loiola.jpeg
  • Loiolako Erriberetan (83 pisu 1.456,25 m²-tan) eta Morlans Beherean (180 pisu 3.464 m²-tan) kokatutako lurzoruek ahalbidetuko dute alokairu eskuragarriko sustapen berrietan aurrera egitea, tramitazio arinagoarekin eta Udalarekin koordinatuta.
  • Itxasok aditzera eman duenez, “erakundeen arteko lankidetzak egutegian izan behar du isla: tramite gutxiago, abiadura handiagoa eta etxebizitza publiko gehiago abian”

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du gaur Donostiako bi partzelaren doako lagapena onartzeko, gazteei eta adinekoei zuzendutako txandakako apartamentuak susta daitezen. Lursailak Loiolako Erriberetan (83 pisu 1.456,25 m²-tan) eta Morlans Beherean (180 pisu 3.464 m²-tan) daude.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak adierazi duenez, “lurzoru publikoaren kudeaketak etxebizitza eskuragarria obra bihurtzen du”. Eta erantsi duenez, “bizitoki-larrialdiaz mintzatzen garenean, epeez ari gara. Eta epeak betetzen dira erakundeak koordinatuta, adimenez tramitatuta eta proiektuak anbizioz bultzatuta”.

Eragiketa sartzen da etxebizitza publiko eta eskuragarria sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza instituzionalaren barruan, eta aukera ematen du urrats erabakigarria egiteko eskuragarri dagoen lurzorua sustapen zehatz bihur dadin, betiere denborak murriztera eta egikaritzea erraztera bideratutako plangintzaren bidez.

Loiolako Erriberako 83 bizitokien kasuan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak dagoeneko kontratazioko batzorde nagusian du obra lizitatzeko lehiaketa. Aurreikuspenen arabera, udazkenean hasiko da lehiaketa, Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari obra egiteko baimena ematen dionean. Helburua da, bizitegi-presioarekiko bereziki sentikorra den eremu batean, obraren hasiera arintzea eta alokairuko eskaintza eskuragarria batzea. “Hirigintzak eta eraikuntzak ilaran joateari utzi, eta paraleloan aurrera egiten badute, hilabeteak irabaziko ditugu. Eta gaur hilabeteak irabaztea bihar jende gehiago babestea da”, aitortu du Itxasok. Operazioak 17,7 milioi euroko obra aurrekontua izango du.

Morlans Beherean, Sailak ibilbide arinagoa aurreikusten du, indarrean sartu berri den Euskadiko Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko Premiazko Neurriei buruzko Legeari esker. Izatez, Lege horrek tramitazioa metatzeko aukera ematen du xehetasun-azterketa baten idazketa bakarrarekin, Plan Berezia idaztearen ordez. Hartara, lehen denbora luzatzen zuten prozedurak saihesten dira, eta lanen hasiera 2028an programatzea lortuko litzateke.

Itxasok aditzera eman duenez, “araudi berriak oso zentzu zehatza du: tirabira desagertzea, publikoa dena lehenago irits dadin. Administrazio-itzulinguru gutxiago eta egikaritzeko benetako ahalmen handiagoa”. Zentzu horretan, gaineratu du “LMUren abantailak aprobetxatuz, hain zuzen ere, aurretiazko ideia batzuk idazten hasiko gara laster, gero exekuzio eta obra proiektua idazteko lehiaketa bateratu bat atera ahal izateko”. 180 lojamendu horiek 30 milioi euro inguruko kostua izango dute.

Udalarekin partekatzen den bide-orria: koordinazioa, epeak murrizte aldera

Sailburuak jakinarazi du Donostiako Udalarekin hitz egiten ari dela, esparru bakoitzeko premiei elkarrekin heltzeko eta erakundeen arteko lankidetzak egutegian inpaktu zuzena izateko. Ildo horretan, Itxaso Jon Insausti alkatearekin lanean ari da lehentasunak, prozedurak eta epeak bat etor daitezen.

“Etxebizitza-politikaren arloko lankidetzak egutegian izan behar du isla. Gure konpromisoa da erabaki instituzional bakoitzak etxebizitza eskuragarri gehiago sortzea eta lehenago egitea”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak Donostian eskaintza publikoa eta eskuragarria handitzeko bultzatzen dituen ekimenei batzen zaie oraingo lagapen hauen onarpena. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gazteentzako eta adinekoentzako 1.500 etxebizitza eta apartamentu inguru jarri ditu abian eremu hauetan: trenbide-zabaltzan, Martutenen, Loiolako Erriberetan (I eta II), Morlansen edo Lorategi Hirian. "Donostiak etxebizitza eskuragarri gehiago behar du, eta lehenbailehen. Gure helburua da esparru bakoitzak ahalik eta anbiziorik handienarekin aurrera egitea eta denboraren kudeaketa arazoaren neurrikoa izatea”, adierazi du Itxasok.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)