- Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Etxebizitzaren Euskal Legea aldatuko du, parke babestuaren funtzio soziala zaintzeko eta haiek eskuratzeko aukera bidezkoagoa eta gardenagoa bermatzeko
- Udalerri tentsionatuetan 901 etxebizitza babestu izaten jarraitzea ahalbidetuko du neurriak, eta urtean Babes Ofizialeko Etxebizitzen 1.000 transmisio baino gehiago erregulatzea
- Denis Itxaso sailburuak azpimarratu duenez, neurri hauekin “hainbat helburu lortzen ditugu: gainprezioak eragindako iruzurrak saihestea, gardentasuna bermatzea eta parke babestuaren izaera soziala indartzea”
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak legealdiaren bigarren zatiari ekingo dio bere bi jarduera-ardatz nagusiak indartzeko asmoz: etxebizitza babestuaren eskaintza handitzea eta maizterrekiko babesa indartzea. Testuinguru horretan, Denis Itxaso sailburuak Etxebizitza Eskubideari buruzko 3/2015 Euskal Legearen erreforma bultzatuko duela iragarri du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean, Socialistas Vascos - Euskal Sozialistak taldeak egindako galdera bati erantzunez. Erreforma horri esker, egiturazko bi neurri ezarri ahal izango dira, parke babestua zaintzeko eta etxebizitza eskuratzeko aukera bidezkoagoa izango dela bermatzeko. Jarduketa horiek Eusko Jaurlaritzak jada planteatutako beste ekimen batzuei gehitu behar zaizkie, hala nola, Etxebizitzako Gizarte Funtsa sortzea 2.000 milioi euro arte mobilizatzeko —hurrengo bi legegintzaldietan 10.000 etxebizitza babestu berri sustatzeko—, edo Alokaplus programa, doako aseguru publiko bat eremu tentsionatuetan alokairu-eskaintza sustatzeko, errentatzaileei errenta kobratuko dutela bermatuz.
Hala ere, sailburuak etxebizitza-politikaren fase berri honetako "berritzaileenak" bezala definitu dituen bi neurritan jarri du arreta bereziki: eremu tentsionatuetan kokatutako BOEek babestu gisa duten kalifikazioa denboran luzatzea eta etxebizitza babestuaren bigarren eta ondorengo eskualdatzeen gaineko legezko erosketa-eskubidea sortzea. Lehenengo neurriaren helburua da 2003. urtea baino lehen eraikitako eta laster babes-erregimena galduko duten etxebizitza babestuen deskalifikazioa saihestea. Urte horretatik aurrera kalifikatutako etxebizitzek babes iraunkorra izan arren, data hori baino lehenagoko 1.071 etxebizitzek babestuak egoteari utziko diote hurrengo urteetan, eta horietatik 901 eremu tentsionatutan daude. “Hori arrisku nabaria da, bai etxebizitza horietan bizi diren familientzat, bai udalerri horietako merkatuaren orekarentzat”, ohartarazi du Itxasok.
Egoera horri aurre egiteko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Etxebizitzaren Euskal Legearen erreforma sustatuko du. Erreforma horri esker, sustapen horiek babestu gisa duen kalifikazioa luzatu ahal izango da eremu tentsionatuaren deklarazioak indarrean dirauen bitartean. Sailburuak azaldu duenez, neurri horri esker, adibidez, “Donostiako Benta Berriko alokairuko 510 etxebizitzak deskalifikatzea saihestuko da, eta, oro har, etxebizitza-eskasia dagoen testuinguruetan larriagotu litezkeen dinamika espekulatiboak geldiaraziko dira”. Donostiako sustapen horretaz gain, ekimenak beste sustapen bati ere mesede egingo dio: 119 etxebizitza Intxaurrondo auzoan eta 2 etxebizitza Zubietan; 248 etxebizitza Vitoria-Gasteizen, Lakua (200) eta Zabalgana (48) artean; 21 etxebizitza Bilbon (Cortes) eta beste etxebizitza bat Barakaldoko sustapen batean, guztiak jabetza-erregimenean. Guztira, 901 etxebizitzek beren babesa mantenduko dute tentsionatutako eremuak indarrean jarraitzen duen bitartean.
Itxasok azpimarratu duenez, jarduketa hori etxebizitza-eskubideari buruzko 12/2023 Estatuko Legearen barruan kokatzen da bete-betean. Lege horrek autonomia-erkidegoak gaitzen ditu eremu tentsionatuak deklaratzeko eta neurri espezifikoak hartzeko, bizitegi-merkatuaren desorekak zuzentze aldera.
“Higiezinen agentzia publiko handi” bat, BOEren funtzio soziala bermatzeko
Bigarren neurriak egiturazko aldaketa dakar parke babestuaren kudeaketan, kalifikazio iraunkorra duten etxebizitza babestuen bigarren eta ondorengo eskualdatzeen gaineko legezko erosteko eskubidea sortuz. Erreformaren arabera, jabe batek etxebizitza babestu bat saldu nahi duenean, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskaini beharko dio aldez aurretik, eta Sailak berak eroslea izendatuko du Etxebiden izena emanda daudenen artean, irizpide objektiboetan oinarrituta —erregistroko antzinatasuna edo etxebizitza bizikidetza-unitatera egokitzea, adibidez—."Jabe batek BOE bat saldu nahi duenean, aldez aurretik Sailari eskaini beharko dio, eta Sailak berak eroslea izendatuko du Etxebiden izena emanda daudenen artean, irizpide objektiboen arabera", azpimarratu du sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldian. Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak gardentasuna indartu nahi du, eta etxebizitza babestuen salmentan gainprezio estaliei lotutako jardunbide irregularrak saihestu.
"Neurri honekin hainbat helburu lortzen ditugu: altzariak edo antzekoak saltzeko kontratuen bidez gainprezioak eragindako iruzurrak saihestea; urtean etxebizitza babestuen 1.000 salmenta baino gehiago gardentasun osoz egiten direla bermatzea; eta, batez ere, parke babestuaren izaera soziala indartzea, benetan behar duenarengana iristen dela ziurtatuz", defendatu du Itxasok. Eta eraldaketa horren eragina honako hau ziurtatuz laburbildu du: praktikan, tresna horrek Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari aukera emango dio "etxebizitza babestuko higiezinen agentzia publiko handi baten moduan" jarduteko, eroslehentasunean soilik oinarritutako egungo eredua gaindituz, eta etxebizitza babestuaren funtzio sozialaren gaineko kontrol publikoa indartuz. “Hori da Jaurlaritzaren konpromisoa: etxebizitza gehiago, babes gehiago eta justizia gehiago haiek eskuratzeko garaian”, amaitu du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)