Eusko Jaurlaritzak jatorrizko produktuen eta kalitate bereiziaren inguruko Europako foro bat sustatu du Bilbon

Argitalpen-data: 

AREPO_1.jpg
  • AREPOren jardunaldiek Euskadin bildu dituzte erakundeetako ordezkariak, Europako eskualdeak eta ekoizleak, Adierazpen Geografikoen eta eskualdeko kalitate-marken erronkak aztertzeko
  • “Europa indartzen da lurralde bakoitzak bere berezitasuna zaindu eta proiektatzeko aukera duenean”, defendatu du Amaia Barredo sailburuak

Bilbok gaur goizean hartu ditu, Eusko Jaurlaritzak sustatuta, AREPOren (Jatorrizko Produktuen Europako Eskualdeen Elkartea) nazioarteko jardunaldiak. Kalitate bereiziari eta lurraldeari lotutako produktuen defentsari lotutako Europako foro nagusietako bat da AREPO, eta topaketa honek Euskadi kokatu du kalitatezko nekazaritza eta elikadura-sektorearen etorkizunari buruzko Europako eztabaidaren erdigunean.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatutako topaketak erakundeetako ordezkariak, Europako eskualdeak, ekoizleak, nekazaritza-erakundeak eta nazioarteko adituak bildu ditu, Adierazpen Geografikoen eta eskualdeko kalitate-marken eginkizunari buruz hausnartzeko, landa-eremuaren indartzean, balio erantsiaren sorreran eta Europako elikadura-aniztasunaren zaintzan duten garrantzia aztertuz.

“Kalitate bereiziak identitatea, lurraldea eta jatorriari nahiz bertan bizi eta lan egiten duten pertsonei lotutako elikadura ulertzeko modu bat ordezkatzen ditu”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok, Euskalduna Jauregian egin den jardunaldiaren inaugurazioan.

“Europa ez da indartsuagoa guztiok gauza bera egiten dugunean. Europa indartsuagoa da lurralde bakoitzak bere berezitasuna zaindu eta proiektatzeko aukera duenean”, adierazi du Barredok bere hitzaldian.

Jardunaldi hauetan zehar, Babestutako Adierazpen Geografikoei eta eskualdeko kalitate-sistemei lotutako Europako hainbat esperientzia aztertu dira, Europako merkatuetan jatorriak, trazabilitateak eta elikadura-berezitasunak gero eta garrantzi handiagoa duten testuinguru batean.

Eusko Jaurlaritzak balioan jarri du Euskadik kalitate bereiziari lotutako politikak sustatzeko egindako ibilbidea, baita lurraldeari eta elikadura-bikaintasunari lotutako euskal produktu askok lortutako aitortza ere.

Euskadik gaur egun kalitate bereiziaren sistema zabal bat dauka, hainbat Jatorri Deitura Babestu (JDB), Babestutako Adierazpen Geografiko (BAG) eta jatorriari nahiz lurraldeari lotutako kalitate-markarekin. Horien artean nabarmentzekoak dira 1987an sortutako Idiazabal JDB edo Getariako, Bizkaiko eta Arabako txakolinaren jatorri-deiturak, ia lau hamarkadako ibilbidea dutenak. Euskadik, gainera, Euskal Sagardoa, Euskal Okela edo Gernikako Piperra bezalako figurak ditu, baita 1989an sortutako Eusko Label ere; gaur egun 18 produktu-familia, 3.000 nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategi baino gehiago eta 400 agroelikadura-enpresa inguru biltzen dituena.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuorde Raúl Pérez Iratxetak nabarmendu duenez, “elikadura-kalitate bereizia tresna estrategikoa da lehen sektorea bizirik mantentzeko, lurraldearekiko sustraiak indartzeko eta landa nahiz kostalde-eremuei lotutako aukera ekonomikoak sortzeko”.

Nazioarteko topaketa hau egitearekin batera, Euskadik indartu egin du elikadura-kalitateari eta jatorrizko produktuei buruzko hausnarketarako Europako gune nagusietan duen presentzia, eta, aldi berean, Europako nekazaritza eta elikadura-sektorearen etorkizunari lotutako foro estrategikoak hartzeko herrialdeak duen gaitasuna proiektatu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)