• Egitarauak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurten sustatutako laguntza nagusiak biltzen ditu
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2026ko Laguntza Planean bildu ditu Euskadiko nekazaritza, elikadura, baso eta arrantza sektoreetako balio kate osoa indartzera bideratutako laguntza ekonomikoko tresna guztiak; guztira, aurten ia 140 milioi euro mobilizatuko dira.
Planak 32 laguntza-lerro biltzen ditu, nekazaritza eta arrantza sektoreei, elikadura eta baso-industriari, berrikuntzari, digitalizazioari, belaunaldi-erreleboari, elikagaien sustapenari eta landa eta itsasertz-garapenari zuzenduta. Helburua sektorearen lehiakortasuna indartzea eta haren eraldaketa laguntzea da, jasangarriagoa, berritzaileagoa eta erresilienteagoa izango den eredua bultzatzeko asmoz.
Deialdi horietako batzuk dagoeneko argitaratu dira edo martxan daude, eta beste batzuk datozen hilabeteetan aktibatuko dira. Horrela, 2026an euskal elikadura, landa eta itsas ekosistema osoari laguntzeko plangintza integrala osatzen da.
Baliabideen zatirik handiena lehen sektorerako zuzeneko laguntzetara eta nekazaritza eta arrantza-jardueraren sostengura bideratzen da. Laguntza-lerro nagusien artean nabarmentzekoak dira nekazari eta abeltzainentzako errenta-laguntza zuzenetarako 42 milioi euroak, FEMPAren bidez arrantza eta akuikultura-sektorerako bideratutako 11 milioi euro baino gehiago, eta modernizazioarekin, jasangarritasunarekin eta lan nahiz ekoizpen-baldintzen hobekuntzarekin lotutako hainbat laguntza.
Planak, gainera, neurri espezifikoak jasotzen ditu landa-eremuko belaunaldi-erreleboa sustatzeko eta nekazaritza-ustiategien jarraipena bermatzeko, 1,5 milioi euroko zuzkidurarekin, baita gazteak sektorean sartzea eta landa-ingurunearen dinamizazio ekonomikoa sustatzeko programak ere.
Berrikuntza eta eraldaketa teknologikoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak I+G+b proiektuetara, digitalizaziora eta prestakuntza espezializatura bideratuko ditu baliabideak. Horien artean nabarmentzekoak dira IKERBAT eta ONEKIN DIGITALIZATU programak, proiektu berritzaileak sustatzeko, elikadura eta baso-katearen digitalizazioa azkartzeko eta sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Landa eta itsasertz-garapena planaren beste ardatz nagusietako bat da, EREIN eta LEADER bezalako programekin. Programa horiek 16 milioi euro baino gehiago biltzen dituzte landa-eremuetako eta kostaldeko udalerrietako azpiegiturak, zerbitzuak, dibertsifikazio ekonomikoa, enplegua eta dinamizazioa sustatzeko.
Halaber, planak nekazaritza eta arrantza-produktuen sustapenera eta merkaturatzera, kalitate-figurek indartzera, kanpo-merkatuak irekitzea sustatzera eta ekonomia urdina bultzatzera zuzendutako laguntzak ere jasotzen ditu.
“Euskadirentzat estrategikoak dira elikadura, lehen sektorea eta gure elikagai industriaren, basoaren eta arrantzaren balio katea, ikuspegi ekonomikotik, sozialetik eta lurralde ikuspegitik. Plan honek Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa islatzen du aukerak sortzen dituen, landa eta itsasertz-ingurunea indartzen duen eta sektore lehiakorrago, berritzaileago eta jasangarriago baten alde egiten duen ereduarekin, gure herriaren sustraiei eta nortasunari uko egin gabe”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.
2026ko Laguntza Planak modu egituratuan biltzen ditu Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako tresna publiko guztiak, sektoreak aurrean dituen erronkei erantzuteko: trantsizio klimatikoa, eraldaketa teknologikoa, jasangarritasuna eta lurralde-oreka.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)