- Denis Itxaso sailburuak eta Nadia Nemeh Shomaly alkateak hiri-berroneratzeko lanen aurrerapena egiaztatu dute; lanek 8 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta urrian amaituko dira
- Gainera, bisitak balio izan du ezagutzera emateko Udala eta Visesa sozietate publikoa hitzarmen batean lanean ari direla partzela bat doan lagatzea sinatzeko; horrek bidea emango du Kaltzadape kalean alokairu orokorreko araubideko 52 BOE eraikitzeko
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk bertatik bertara egiaztatu dute Iparragirre kaleko eta Txibitxiaga taldeko zazpi eraikinetako 76 etxebizitzatan egiten ari diren hiri-berroneratze eta birgaitze integraleko obren aurrerapena, Kurtzio, Zarragoitxi eta Itxasbegi auzoen esparruan, udalerriaren goialdean kokatutako bizitegi-eremuetako batean. Bisitak balio izan du, halaber, iragartzeko udalerriak eremu tentsionatu izendatua izateko eskatuko duela, eta jakinarazteko Udala eta Visesa lanean ari direla Kaltzadape kalean -bidegorriaren hasieran kiroldegirantz- alokairu orokorreko 52 BOE eraikitzea sinatzeko.
Hiri-berroneratzeko proiekturako inbertsioa guztira 8.069.676,29 eurokoa da, eta lau jarduketa-ildo nagusitan egituratuta eta administrazioen eta inplikatutako auzoetako bizilagunen arteko lankidetzan oinarrituta dago. Eusko Jaurlaritzak, IEEP Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planeko laguntzaren eta beste funts batzuen bidez, 6.082.879,99 euro jarri ditu -guztizkoaren % 75-, honela banatuta: eraikinak birgaitzea, berrurbanizatzea, Opengela eta esku-hartze paisajistikoak. Bestalde, Bermeoko Udalak hiri-ingurunea hobetzera bideratutako 163.239,16 eurorekin parte hartzen du, eta etxebizitzen jabeek 1.823.557,14 euro hartzen dituzte beren gain eraikinak sakonean birgaitzeko.
Denis Itxasok bere hitzaldian nabarmendu duenez, “bizilagunen ekarpen hori, bi milioi euro ingurukoa, proiektuaren funtsezko zutabeetako bat da, eta komunitateek beren higiezinen energia-efizientzia, irisgarritasuna eta eraikuntza-kalitatea hobetzeko duten zuzeneko konpromisoa islatzen du”. Eta jarduketa estrategia zabalago baten barruan kokatu du, honako hau aitortuta: “gure herri eta hiri askotan honelako auzoak aurkitzen ditugu, eraikinen parke zahartuarekin eta modu integralean esku hartzeko premia argiarekin”.
Sailburuak azaldu duenez, “ez dira fenomeno puntualak, hamarkadetan eraikitako prozesu estrukturalak baizik. Eraikin batean bakarrik jardutea ez da nahikoa. Hiri-berroneratzea politika publiko integraltzat eta epe luzerakotzat ulertu behar da”.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak, bestalde, herritarrek obrak egin bitartean izandako jarrera aintzatetsi nahi izan du. “Badakigu obrek eragozpenak eta deserosotasunak eragiten dituztela egunerokoan. Eskerrik asko zuen pazientziagatik eta ulermenagatik”, adierazi du, eta ziur agertu da azken emaitzak “bizi-kalitate handiagoko auzo jasangarriagoak” eskainiko dituela, egungo eragozpenak konpentsatuko dituztenak.
Programak, hirigintza-dimentsioaz gain, prestakuntza eta gizarteratze soziolaboraleko proiektu bat barne hartu du. “Hamabost lagunek 12 hilabeteko ibilbide batean parte hartu zuten, hasierako bi hilabeteko prestakuntzarekin eta hamar hilabeteko prestakuntza-kontratuarekin, herrian hobekuntza-lanak eginez. Espazioak eraldatzeaz gain, pertsonen ahalmenak indartu ditugu, lan-esperientzia eskaini dugu eta aukerak sortu ditugu”, adierazi du.
Azken batean, alkateak azpimarratu nahi izan du hiri-berroneratzea ez dela soilik hormak eta zoladurak berritzea, komunitatea indartzea eta pertsonen bizi-baldintzak hobetzea baizik”, eta nabarmendu du, oraindik ere, erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza izango dela funtsezko tresna bide horretan.
Bisitan izan dira, halaber, Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordea, Ana Telleria Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendaria, Fernando Vázquez de Prada Hiria Berroneratzeko zerbitzuko arkitektoa, Asier Idoiaga Udaleko Hirigintzako teknikaria, Santi Murua Beruala sozietate publikoko zuzendaria, Opengelako teknikariak (hurbiltasun-bulegoa), proiektuaren bi zuzendaritza fakultatiboetako ordezkariak —IP Arquitectura y Urbanismo eta Clave Arquitectos enpresetakoak— eta Txibitxiaga Iparraguirre ABEE kontratistakoak —Ekora Rehabilitación SL eta Geonor Reformas y Construcciones SL sozietateek osatutako elkartekoak—.
Lau jarduketa berroneratze integral baterako
- Bizitegi-eraikinen birgaitze sakona
Proiektuaren jarduketa nagusia zazpi blokeen birgaitze integrala izan da, aurrekontuaren zatirik handiena biltzen duena, guztira 5.127.104,18 euroko inbertsioarekin; horietatik
% 63 Jaurlaritzak ordaindu du, eta % 37 bizilagunek. Lan horien artean daude fatxadetan, estalkietan eta egituretan esku hartzea, eta beheko solairuetako hezetasunak, iragazketak eta kapilaritate-arazoak konpontzea. Gainera, kanpoko arotzeria hondatuak ordeztu dira eta zubi termikoak kendu dira, eraikinen inguratzailearen gainean irmo jardunez haren portaera energetikoa eta iraunkortasuna hobetzeko.
Ikuspegi energetikotik, estrategiak inguratzaile termikoa hobetzea lehenesten du, berokuntza- eta hozte-eskaria murrizteko, erreferentzia gisa Passivhaus estandarren oinarrizko printzipioari jarraituz: energia-eskaria ahalik eta gehien murriztea beste sistema batzuk txertatu aurretik. Sailburuaren hitzetan, “esku-hartze honi esker, % 60tik gorako hobekuntza energetikoa lortzen da, eraikinak G kalifikazio energetikotik E kalifikaziora pasatzen baitira” energia primarioaren kontsumoan (urteko kWh/m²). Eskariaren murrizketa horri esker, konfort-tenperatura konstantea mantentzen da etxebizitzen barruan, neguan 19 eta 20 gradu artekoa, bizilagunen beraien arabera, eta berokuntza-kontsumoa nabarmen jaisten da.
Emaitzak, datu energetikoetan ez ezik, bizi-kalitatean ere islatzen dira. Etxebizitzen barruan hezetasunik ez egotearen eta lizuna desagertzearen ondorioz airearen kalitatea hobetu da, eta hori bereziki garrantzitsua da arnas arazoak dituzten pertsonentzat. Barruko giroa osasungarriagoa eta erosoagoa da orain urte osoan zehar, bai neguan, bai udan. Energia-efizientziarekin batera, EIT Eraikinaren Ikuskapen Teknikoaren ondoriozko jarduketak gauzatu dira, eta autokontsumoa errazteko panel fotovoltaikoak instalatu dira.
Era berean, irisgarritasuna da obra osoaren barruan zenbateko handieneko partidetako bat. Itxasok jakinarazi duenez, “igogailuak instalatzen ari dira hainbat ezkaratzetan, eta eskailerak eta atariak egokitzen ari dira oztopo arkitektonikoak kentzeko eta eraikinetan zein auzo osoan irisgarritasuna hobetzeko”. Adin guztietako bizilagunentzat, gaineratu duenez, “sarbidea ebatzita izateak izugarri errazten du egunerokotasuna: adinekoei aukera ematen die etxetik autonomiaz irteteko, banaketa- edo laguntza-zerbitzuei etxebizitzako ateraino sartzea ahalbidetzen die, eta soluzioak eskaintzen dizkie bat-batean sortutako egoerei, hala nola gurpil-aulkia aldi baterako erabili behar izateari”.
Urbanizazioko igogailu berriak, gainera, Txibitxiaga taldeko eta Itxasbegi kaleko eraikinetara iristea errazten du, esparruko puntuen arteko lotura indartuta. Horri gehitu behar zaizkio urbanizazioan —Iparragirre plaza 2, Iparragirre 3-4 eta Itxasbegi kalean— egindako esku-hartzeak, nabarmen hobetzen baitute larrialdi-zerbitzuetarako sarbidea —hala nola suhiltzaileentzat eta anbulantzientzat—, hiri-ingurunearen segurtasuna eta funtzionaltasuna areagotuta.
Lanen egungo egoera desberdina da eraikinaren arabera. Txibitxiaga 2an eta 4an jarduketak ia amaituta daude, azken erremateen zain soilik. Txibitxiaga 1ean, inguratzailea eta instalazio fotovoltaikoa hobetu dira, eta irisgarritasuneko eta instalazioetako esku-hartzeak egiteke geratu dira. Inguratzailearen zatirik handiena osatuta dagoela ari dira aurrera egiten Iparragirre 1eko obrak; Iparragirre 2an eta Iparragirre 3-4an, berriz, pixkanaka garatzen ari dira isolamenduko, instalazioetako eta hobekuntza estrukturaleko faseak. Amaierak martxotik urrira bitartean biltzen dira, blokearen arabera.
- Hurbiltasuna Kudeatzeko Bulego Teknikoa (Opengela)
Bigarren jarduketa Opengela abian jartzea da, Eusko Jaurlaritzak ekarritako 305.200 euroko inbertsioarekin. Gune hau ez da soilik bulego tekniko bat, baizik eta laguntza integralerako dispositibo bat. Bertatik auzotarrei informazioa ematen zaie, zalantza tekniko eta administratiboak argitzen dira, laguntza publikoen tramitazioa errazten da eta honelako konplexutasuneko obrei ekiteko behar diren akordio komunitarioak sustatzen dira. Gainera, komunitateen, administrazioaren eta talde teknikoen arteko harremana koordinatzen du, leihatila bakar gisa jardunez eta prozesuaren koherentzia bermatuz.
Bisitan zehar, Itxasok tresna honen garrantzia azpimarratu du, eta hau adierazi du: “hiri-berroneratzearena erronka konplexua da, eta ez da soluzio teknikoekin bakarrik konpontzen, ezta inbertsioarekin bakarrik ere. Erronka honek denbora, koordinazioa eta konfiantza eskatzen ditu eragile askoren artean. Opengela erronka horretarako erantzun publiko gisa sortu da”.
- Berrurbanizazioa eta esku-hartzeak hiri-ingurunean
Hirugarren jarduketa-ildoak 2.676.727,75 euroko zuzkidura du eta auzoko espazio publikoa berritzea du helburu. Birgaitutako eraikinen hurbileko ingurunearen mugikortasuna, irisgarritasuna eta hiri-kalitatea hobetzea da helburua. Obrek honako hauek barne hartzen dituzte: asfaltatze berria, zoladura irristagaitzeko ibilbide irisgarriak sortzea, hiri-altzariak berritzea, narriatutako urbanizazioa eraistea eta kutxatilen estalkiak bezalako elementuak ordeztea.
Era berean, hiri-igogailu bat instalatzen ari dira eta pasabide bat egiten ari dira desnibelak gainditzeko, baita karga elektrikoko puntuz hornitutako aparkaleku berri bat gaitzen ere. Jarduketa honen helburua da hobekuntza ez mugatzea eraikinen barrualdera, baizik eta eremu osoa eraldatzea, hiri-kohesioa eta irisgarritasun unibertsala indartuta.
- Egokitzapen paisajistikoko esku-hartzeak
Azkenik, proiektuak laugarren jarduketa bat jasotzen du, 25.000 euroko inbertsiokoa, egokitzapen paisajistikora bideratuta. Auzoa hiriaren eta naturaren arteko ertz gisa kokatuta dagoenez, testuinguru horrekin bat etorriko diren materialak eta soluzioak erabiltzea aurreikusten da, esku-hartzeak ingurunean integra daitezen bermatuta.
Ildo horretatik, sailburuak azpimarratu du birgaitzea prozesu sozial bat ere badela. “Ikaskuntza nagusietako bat da birgaitzea ez dela soilik kontu tekniko bat. Soziala, antolamenduzkoa eta ekonomikoa ere bada”, errepikatu du. Bere hitzetan, “erabaki kolektiboak hartzeko moduarekin eta prozesu konplexuei denboran eusteko moduarekin du zerikusia. Horrek metodo argiak eta politika publiko egonkorrak eskatzen ditu. Hori da Opengela programa”.
Gogorarazi behar da gaur egun Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak EAEko 21 udalerritako 25 auzotan diharduela, 130 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, birgaitze energetikoa eta espazio publikoen hobekuntza uztartuta. Eibarren eta Irunen, gainera, erabiltzen ez diren eraikinak berreskuratzen ari dira, hiri-biziberritzea bultzatuko duten ekipamendu traktoreetara bideratzeko.
Eremu tentsionatua eta alokairuko 52 BOE berri
Bizitegi-arloan, sailburuak eta alkateak iragarri dute Udalak Bermeo etxebizitza merkatu tentsionatuko eremu izendatzea eskatuko duela, joan den asteko osoko bilkuran onartu ondoren. Tokiko datuen arabera, 2018 eta 2023 artean, alokairuaren batez besteko prezioa % 20,2 igo zen udalerrian.
Azkenik, Udala eta Visesa sozietate publikoa hitzarmen bat sinatzen ari dira UE-21.2 unitateari atxikitako 18. partzela doan lagatzeko. Partzela hori udalaren titulartasunekoa da eta Kaltzadape kalean dago. Bertan, araubide orokorreko babes ofizialeko 52 bat etxebizitza eraiki ahal izango dira. Horrela, etxebizitza babestuen parkea handitzeko tokiko estrategia indartuko da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)