- Eusko Jaurlaritzak bultzatutako aliantza publiko-pribatuak 2.000 milioi euro bilduko ditu bi urtean
- Imanol Pradales: "etxebizitza ez da politika publiko bat bakarrik; edozein gizarte oparo, justu eta aurreraturen funtsezko zutabea da. Gure betebeharra da gizartearen gehiengoaren eskaerei erantzutea"
Eusko Jaurlaritzak nabarmen handituko du Euskadin alokairu eskuragarriko etxebizitzen parkea, administrazio publikoen eta inbertsio pribatuaren arteko lankidetzaren bidez. Horrela jasotzen da ildo estrategiko gisa gaur Bilbon aurkeztu den Etxebizitza Gizarte Funtsean (EGF), eta 2025-2027 Etxebizitza Plan Zuzentzailean sartuta dago. Tresna honen helburua da 2.000 milioi euro mobilizatzea 10.000 etxebizitza babestu berri eraikitzeko.
Imanol Pradales Lehendakaria buru dela egin da gaur Euskadiko erronka sozial eta ekonomiko nagusietako bati erantzuteko, hau da, milaka familiari etxebizitza duin eta eskuragarrirako sarbidea errazteko, diseinatutako tresna hori aurkezteko ekitaldia. Ekitaldian Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua ere izan dira.
Etxebizitza Gizarte Funtsa, gutxiengoen ekarpen publikoa izateaz gain, euskal pentsio-funtsen, Europako Inbertsio Bankuaren, KOIren eta etxebizitzaren kausa sozialarekin konprometitutako beste eragile batzuen partaidetzarekin osatuko da.
Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu duenez, "etxebizitza ez da politika publiko bat bakarrik; edozein gizarte oparo, justu eta aurreraturen funtsezko zutabea da". "Gure betebeharra da gizartearen gehiengoaren eskaerei erantzutea. Arazoei aurrez aurre begiratzea eta haiei aurrea jo, konplexuak izan arren. Gauza bat argi dugu: ezin da izan gazteek eta klase ertainek etxebizitza babestua eskuratzeko aukerarik ez izatea. Dagoeneko aktibatu ditugu Gobernu Programan aurreikusitako konpromiso guztiak. Eta askoz haratago goaz". Hala, Eusko Jaurlaritzak Europan, abangoardiako politiketan eta lankidetza publiko-pribatuan arreta jarrita jardungo duela nabarmendu du. Eta konfiantzarako deia egin du, eta azpimarratu du "Euskadin gauza asko" egin direla erronka horri aurre egiteko. “Eraikitako etxebizitza babestuen Europako batez bestekoa bikoiztu dugu", adierazi du.
Etxebizitza Gizarte Funtsa lurzoru publikoa mobilizatzeko, epe luzerako inbertsioa erakartzeko eta alokairu eskuragarrira bideratutako etxebizitza babestuen sustapena bizkortzeko aukera emango duen tresna egonkorra, eskalagarria eta, finantzei dagokienez, jasangarria izateko sortu da. Eredua partaidetza publikoa eta pribatua bateratzeko diseinatu da, interes orokorra eta jarduketen bideragarritasun ekonomikoa bermatuz.
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azpimarratu duenez, Etxebizitza Gizarte Funtsa etxebizitza eskuratzearen arloan “Euskadik behar duen eskala-jauzia emateko falta zen pieza” da. Azaldu duenez, tresna berri hori Eusko Jaurlaritzak sustatutako beste jarduera-lerro batzuei batzen zaie, hala nola, lurzoruaren eskuragarritasunari, hirigintza arintzeari eta eraikuntzaren industrializazioari, eta orain etxebizitza eskuragarriaren ekoizpena bizkortzeko aukera emango duen finantzaketa-mekanismo egonkor bat gehitu du.
Halaber, nabarmendu du Funtsak lurzoru publikoa eta epe luzerako inbertsioa lotzeko aukera emango duela, euskal gizartearen zati handi baten beharrei erantzuteko. Zehazki, gogorarazi du etxebizitza babestu eta eskuragarria eskuratzeko eta merkatu librean sartzeko zailtasunak dituzten familiei zuzenduta dagoela bereziki.
Bestalde, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak nabarmendu du etxebizitza eskuratzea dela herritarren kezka nagusietako bat, eta defendatu du erakundeen ahalegina baliabideak interes orokorreko helburuetara mobilizatzeko gai diren tresna berriekin osatu behar dela.
Bere esku-hartzean, gogoratu du Eusko Jaurlaritzak etxebizitzara bideratutako baliabideak indartu dituela eta gazteei emantzipatzen laguntzeko neurriak bultzatu dituela, baina berretsi du halako erronkek gaitasunak batzea eta euskal ekosistema ekonomiko eta finantzarioaren ahalmena aprobetxatzea eskatzen dutela. Azaldu duenez, Funtsaren oinarrian Euskal Finantza Aliantza inspiratu zuen filosofia bera dago: Euskadin dauden finantza-gaitasunak mobilizatzea herriarentzat estrategikoak diren erronkei erantzuteko.
Funtsaren lehen fasean aurreikusten da alokairu eskuragarriko 2.065 etxebizitza garatzea dagoeneko identifikatuta dauden eta Euskadiko hainbat udalerritan erabilgarri dauden lurzoruetan, gutxi gorabehera 452 milioiko inbertsioarekin.
Aurreikusitako sustapenak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutan banatuko dira, hasiera batean Gasteizen, Bilbon, Portugaleten, Sestaon, Errenterian, Bermeon, Azkoitian eta beste udalerri batzuetan aurreikusitako jarduketak barne. Funtsaren helburua da, lurzoru berriak eta finantza-baliabide gehiago sartu ahala, pixkanaka hazteko gai izango den tresna bat izatea, alokairu eskuragarriko etxebizitzen parkea modu jasangarrian handituz datozen hamarkadetan.
Funtsaren diseinu finantzario eta sozietarioaren helburua da bere jasangarritasuna eta hazteko gaitasuna bermatzea, gizartean eragina duten eta epe luzeko ikuspegia duten proiektuekin konprometitutako inbertsiogile instituzionalek parte hartzea sustatuz. Ereduak aurreikusten du lurzoru publikoa mobilizatzea iraupen luzeko azalera-eskubideen bidez, kapital pribatuak parte hartzea eta finantzazio-tresna espezializatuetara sarbidea izatea sustapenak garatzeko. Era berean, kudeaketa profesionalizatua eta parte hartzen duten eragileen artean arriskuen banaketa egokia bermatzeko diseinatu da.
Funtsak sustatutako etxebizitzek irizpide hauek bete beharko dituzte: eskuragarriak izatea, energia-efizientzia, irisgarritasuna eta eraikuntza-kalitatea. Gainera, alokairuaren esleipenerako eta kudeaketa sozialerako mekanismo gardenak mantenduko dira. Aurkeztutako kalkuluen arabera, eredua etxebizitza eskuragarrien arloan Euskadin dagoen eskari potentzialaren zati handi bati erantzutera bideratuta dago, modu horretan bizitegi-merkatua orekatzen eta gizarte-kohesioa indartzen lagunduz.
Etxebizitza Gizarte Funtsa alokairu eskuragarriaren parkea handitzeko eta herritarren bizitegi-beharrei erantzun egonkorra eta iraunkorra bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren apustu nagusietako bat da.
Ekimen honekin, Euskadik beste urrats bat emango du etxebizitza-eskaintza handitzera, finantza-baliabideak interes orokorreko helburuetara bideratzera eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiek etxebizitza eskuratzeko duten eskubidea indartzera bideratutako lankidetza publiko-pribaturako formula berriak sendotzeko bidean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)