Eusko Jaurlaritzak epeak agortuko ditu Euskadiren interesen aldeko akordioak lortzeko

Argitalpen-data: 

2026-10-26_Onda_Vasca_Ubarretxena.jpeg
  • Ubarretxenak aitortu du zaila izango dela geratzen den denboran Transferentzien Batzorde Mistoa egitea, baina “geratzen diren egun hauetan pisuzko akordiorik lortzen badugu, prozedurak hasita utzi ahal izango ditugu gutxienez”

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du amaierara arte, Euskadiren interesen aldeko akordioei dagozkien prozedurak abian jartzeko.

Las mañanas de Onda Vasca saioan egindako elkarrizketan, Ubarretxenak azaldu du Espainiako Gobernuarekin komunikazio bideak irekita jarraitzen dutela eta bi aldeek hizketan jarraitzen dutela, legealdia amaitzeko geratzen diren egunetan akordioak lortzeko helburuarekin.

Epe horretan Transferentzien Batzorde Mistoa egitea zaila izango litzatekeela onartu duen arren, sailburuak azpimarratu du oraindik badagoela tartea akordio sakonak lortzeko eta “gutxienez” prozedurak hasita uzteko. Horrela, formalki martxan geratuko lirateke eta, aurrera begira, tramitatzen jarraituko lukete.

Ubarretxenak azpimarratu du, “Euskadik bere etxekolanak egin dituela; dokumentazio guztia bidalita dago eta akordiorik lortzen ez bada ez da Euskadigatik izango”.  “Uste dugu, gutxienez, prozedurak hasita uztea lor genezakeela eta, aukerak dauden bitartean, azken egunera arte saiatuko gara”, amaitu du.

Etxebizitza, lehentasuna lehenengo egunetik

Etxebizitzari dagokionez, Ubarretxenak ohartarazi du arazoa konplexua dela, erpin ugari dituela, eta erpin bakoitzari heldu behar zaiola. "Ez dago egoera irauliko duen irtenbide magikorik” adierazi du, eta " abiatu ditugun hainbat neurrik denbora beharko dute emaitzak ikusten hasi ahal izateko".

Sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritza "lehenengo egunetik" ari dela etxebizitzaren gaia lantzen, herritarren kezka nagusietako bat delako. Bultzatutako neurri eta programen artean, honako hauek aipatu ditu: Eusko Legebiltzarrak onartutako Premiazko Neurriei buruzko Legea; lurzoru publikoa mobilizatzea eta udalei lurzorua eskura jartzeko eskaera egitea; eskaintza handitzea, azkarrago eta arrazoizko prezioetan eraikiz; eta gazteei, familia zaurgarriei eta jabe txikiei zuzendutako programak. Halaber, Donostiako etxebizitzen erosketa aipatu du hartutako azken neurrietako bat bezala.

Ubarretxenak berretsi du erpin bakoitzak erantzun bat eskatzen duela eta Eusko Jaurlaritzak neurri desberdinak bultzatzen jarraituko duela.  "Inork ezin du ukatu Eusko Jaurlaritza lanean ari denik  lehenengo minututik", azpimarratu du.

Sindikatuek azaroaren 11rako deitu duten grebari dagokionez, bozeramaileak esan du "bitxia" dela Euskadin protesta Eusko Jaurlaritzaren aurka egitea, eta "Burgosetik behera, aldiz, greba ez izatea Gobernuaren aurkakoa". Era berean, adierazi du orain arte sindikatuek ez dutela etxebizitzaren inguruko proposamenik aurkeztu, eta eskatu die herri arazo honi aurre egiteko neurriekin “bat egiteko”. Izan ere, "sindikatuak herri honetako BGAE handi askoren administrazio-kontseiluetan daude, eta funtsak zertara bideratzen diren bozkatzeko  aukera dute; horregatik, etxebizitza lehentasun soziala bada, funts horiek etxebizitzara bideratzea erabakitzeko aukera dute", gaineratu du.

Adimen Artifiziala Administrazioan

Azkenik, Ubarretxenak defendatu du Administrazio publikoa ezin dela "atzean geratu" adimen artifizialaren iraultzaren aurrean, baina azpimarratu du beharrezkoa dela herritarren datuak ondo babestuta egotea hodei subirano batean.

Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza teknologia hori txertatzen ari da hainbat prozesutan eta herritarren arretan, zerbitzu hobea eskaintzeko. Era berean, adierazi du langile publikoak Adimen Artifizialaren erabileran gaitzen ari direla eta Eusko Jaurlaritzak ArgIA plataforma garatu duela, modelo propioak entrenatzeko.

Administrazioaren eraldaketa hori, gainera, bat dator enplegu publikoaren aro berriarekin. Eusko Jaurlaritzan, datozen urteetan emango diren erretiroen aurrean, Jaurlaritzak belaunaldi-errelebo ordenatu bat egin nahi du, eta horretarako plan bat garatu du, Eki Plana, eta, plan honen baitan ere, hautaketa-eredu berrian oinarritutako lan-eskaintzak ere abiatu ditu. Administraziora profil berriak batzea da helburua, pertsonak beren ezagutzetatik haratago, dituzten gaitasunengatik ere ebaluatzeko. "Administrazio publikoaren aro berri honek gaitasun eta profil desberdinetako  pertsonak behar dituelako", amaitu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)