Eusko Jaurlaritzak enpresa-sarea indartzeko proiektu bideragarrien finantzaketa bultzatzeko konpromisoa berretsi du

Argitalpen-data: 

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarea indartuko duten proiektu bideragarriak finantzatzen jarraitzeko asmo irmoa duela, eta adierazi du hori lehentasunezko ekintza-ildoa dela, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren etorkizuneko lehiakortasuna bermatu dadin. Horixe izan da, hain zuzen, gaur goizean, CEBEKek, Elkargik eta Basquefikek antolatutako “I. Finantza Barometroa: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen kapitala eta ekonomia” jardunaldiaren inaugurazioan, adierazitako ideia nagusietako bat.  

Finantza, enpresa eta erakundeen arloko ordezkaritza zabalaren aurrean, D’Anjou sailburuak aditzera eman du enpresen egungo egoerak funtsezko bi dimentsioko eta elkarri lotutako argazkia eskaintzen duela: finantza-osasun erreala eta finantzaketaren eskuragarritasun efektiboa. Horren inguruan, sailburuak adierazi du enpresa-kapitalizazioa ulertu behar dela beste finantzaketa-iturri batzuen osagarri gisa, konpainien finantza-oreka bermatzera begira.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-ekosistemaren sendotasuna nabarmendu du. Lurraldean errotuta dauden eta garapen ekonomikoarekin konpromisoa duten entitateek osatzen dute finantza-ekosistema hori, eta enpresei garapenaren etapa guztietan laguntzeko ahalmena dute, ekintzailetzatik hasi eta industria-proiektu handiak finkatu arte.

Finantzen Euskal Institutua, politika ekonomikoaren pieza nagusia

Hitzaldiaren bigarren ardatz gisa, sailburuak Finantzen Euskal Institutua (FEI) aipatu du konpromiso horren adibide argi gisa. D’Anjou sailburuak aditzera eman duenez, finantzaketa-tresna publiko horrek bi hamarkadatik gorako ibilbidea du eta funtsezko zeregina betetzen du Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoan; izatez, printzipio gidari argi batekin egokitu da garai bakoitzeko erronketara: enpresa bideragarri bakar bat ere ez dadila atzean geratu finantzaziorik ezagatik.

"Misio argia du: enpresen errotzea, kalitatezko enplegua, berrikuntza eta jasangarritasuna sortzen duten proiektuak babestea”, eman du aditzera. Ogasuneko sailburuak adierazi du Finantzen Euskal Institutua erabilgarria dela, inbertsio estrategikoei laguntzeko ez ezik, enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta ahalmen eraldatzaile handia duten proiektuen abiatzea errazteko ere bai. Horrela, bere hitzetan, “guztion artean sostengatzen dugun” finantza-engranajearen funtsezko pieza gisa sendotu da.

Trantsizio energetikoa, digitalizazioa, balio-kate global berrietarako egokitzapena, automatizazioa edo 4.0 industria gisako erronkek markatutako egungo testuinguruan, Noël d’Anjou sailburuak ohartarazi du lankidetza publiko-pribatua “inoiz baino ezinbestekoagoa” dela —horixe izan da adierazitako hirugarren ideia nagusia—.Sailburuak gogorarazi du Euskadik lankidetza bihurtu duela bere kultura ekonomiko eta sozialean errotuta dagoen abantaila lehiakor, hau da, gaitasunak batzea eta guztien ongia lehenestea ahalbidetzen duen lan egiteko modu.

Horren erakusgarri, Euskal Finantza Aliantza aipatu du, Eusko Jaurlaritzaren eta lurraldeko bederatzi finantza-entitateren arteko lankidetza estuagoa egituratzen duen proiektu estrategikoa, baliabideak maximizatzea, agertokiak aurreratzea eta enpresentzat balioa sortzea helburu duena. “Euskadi Eraldatuz 2030” Inbertsio Plana ere aipatu du, inbertsio publikoa eta pribatua mobilizatzen baititu —batetik hirura bitarteko proportzioan gutxi gorabehera—. Plan hori bat dator nazioarteko gomendioekin, eta lehiakortasuna indartzeko tresnez zuzkitu nahi du enpresa-sarea, eta berrikuntza, teknologiako inbertsioa eta giza kapitalaren garapena bultzatu.

“Erabaki ausartak hartzeko, erronkei aurrea hartzeko eta epe luzerako ikuspegiarekin aurrera egiteko dugun gaitasunaren mende dago Euskadiren etorkizuna”, adierazi du D’Anjou sailburuak, eta elkarrekin lan egiteko deia egin du, hurrengo belaunaldientzat Euskadi “indartsuagoa, erresilienteagoa eta oparoagoa” eraikitze aldera. Jakinarazi du hau ez dela gobernu baten edo legealdi baterako proiektua, baizik eta “herri-proiektu bat, proiektu kolektibo bat”, erabakitasunez baliatu behar dena Euskadi Europako ekonomia berriaren abangoardian jar dadin, lehiakortasunean, jasangarritasunean, berrikuntzan eta errotzean oinarritutako produkzio-eredua sendotuta.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)