- Plan berriak enplegu duina defendatzeari eta lortzeari eusten dio, hori baita ongizatearen, gizarte-kohesioaren eta garapen ekonomikoaren bermerik onena
- Enplegua babestu eta hobetzea erakunde, alderdi politiko, enpresa, langile eta sindikatuen lehentasunen erdigunean jartzeko deia egin du Lehendakariak
- Mikel Torres: "Enpleguaren aldeko Itun Sozialak erakusten du herrialdearen erronka handiei enplegu-politika partekatu berrien bidez baino ezin zaiela aurre egin"
Eusko Jaurlaritzak Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren bigarren urteurrena ospatu du gaur goizean Ajuria Enea Jauregiko Elkargunean. Itun Sozial hori Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak bultzatutako eta ehun bat erakunde eta eragile sozial, ekonomiko eta hezitzailek babestutako akordioa da.
Saioan, gainera, 2025-2027 Hirurteko Enplegu Plan berriaren ildo estrategikoak aurkeztu dira. Plan horrek Eusko Jaurlaritzaren hurrengo urteetako enplegu-politiken ibilbide-orria izan nahi du, eta jarraipena ematen dio 2025ean egindako lanari. Horren helburua da Enpleguaren aldeko Itun Sozialaren ideia nagusia indartzea: enplegu duina da ongizatearen, gizarte-kohesioaren eta garapen ekonomikoaren bermerik onena.
Plan estrategiko hori, gainera, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren eguneraketa kontuan hartuta egin da. Izan ere, estrategia horren arabera, hirurteko planak egin behar dira, enplegu-politika publikoak nabarmen aldatzen ari diren une honetan, eta horren adibide dira Enpleguaren Euskal Legearen onarpena, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eraldaketa eta Euskal Enplegu Publikoaren Legearen onarpena.
Hitzaldian, Imanol Pradales Lehendakariak gogorarazi du ezegonkortasun eta ziurgabetasun handiko unea dela oraingoa. Hainbat faktorek eragin dute egoera hori, hala nola muga-sarien gerrak —oraindik ere martxan da— eta duela egun batzuetatik hona gerra berri batek Iranen eta Ekialde Hurbilean. Horrek euskal ekonomian eta herritarren eguneroko bizitzan eragin negatiboa izan dezake.
“Euskadin enpresa industrial batzuk gaizki pasatzen ari dira. Horregatik, gaur dei egin nahi dut guztiok gure lehentasunen artean jar dezagun enplegua babestea eta hobetzea. Elkar laguntzea dagokigu: erakunde eta alderdi politikoei, enpresei, langileei eta sindikatuei. Elkarrekin ekin behar diogu. Norberaren interesak alde batera utzita. Euskadiko enplegua babestu eta hobetu behar dugu”, adierazi du.
Gogorarazi duenez, hurrengo hamarkadan Euskadik 675.000 enplegu-aukera sortuko ditu, gehienak belaunaldien arteko erreleboari lotuta. Aukera ezin hobea da euskal ekoizpen-sarea gaztetzeko eta eraldatzeko, baita erronka ere, enpresa-proiektuen hazkundearen eta errotzearen ikuspegitik. Hori dela eta, honako hau defendatu du: “Talentua sortu, erakarri eta fidelizatu behar dugu prozesu horri arrakastaz ekiteko, maila globalean lehia gogorra dagoen une honetan. Eta hori egin behar dugu inklusioa bermatuta eta eskura dugun talentu guztiaz baliatuta: gazteena, 50 urtetik gorakoena, emakumeena eta migratzaileena”.
Bestalde, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Enpleguaren aldeko Itun Sozialarekiko konpromisoa berretsi du, herritarren eskaerei erantzuteko gai diren politika publikoen garapenean “erreferente” izateko: “Enpleguaren aldeko Itun Sozialak adierazten digu herrialdearen erronka handiei enplegu politika partekatu berrietatik soilik egin dakiekeela aurre”.
Torresen hitzetan, “marko estrategiko bat eta asmo onen adierazpen bat baino askoz gehiago” da itun hori. Hala, nabarmendu duenez, “enplegu duin, berdintasunezko, egonkor eta kalitatezkorantz aurrera egiteko apustua da, bakoitzari bere bizi- eta lanbide-proiektua segurtasunez, aukerekin eta justizia sozialaren ikuspegiarekin garatzeko aukera emango diona”; izan ere, bere ustez, lan bila dabilenak bere prestakuntza hobetu, lan-orientaziora jo edo lanbide-aukera berriak aurkitu nahi baditu, “sistema osoaren erantzun argia, koordinatua eta eraginkorra espero du”.
Ildo horretan, Mikel Torresek defendatu du enplegua “politika partekatua” dela, eta are gehiago “Euskadiko arkitektura instituzional konplexu honetan”: “Politika publiko onenak esperientziak batuta, elkarrekin ikasita eta konponbide partekatuak eta koordinatuak sortuta eraikitzen dira”.
Itunaren konpromisoak eta ardatzak
2026ko Enpleguaren aldeko Itun Soziala lankidetzako akordio estrategikoa da, eta enplegua Euskadiko politika ekonomiko eta sozialen erdigunean kokatzea du helburu. Haren xede nagusia da enplegu duina bermatzea, berdintasun-baldintzetan, jarduera ekonomiko lehiakor, jasangarri eta arduratsua sustatuta. Itunak hurrengo hamarkadarako ibilbide-orria izan nahi du, lan-merkatuko eragileen artean partekatutako helburuak eta konpromisoak definituta.
Itunak euskal lan-merkatuaren hainbat erronkari erantzun nahi die, hala nola: kalitatezko enplegu egonkorra sortzea; enplegua lortzeko desberdintasunak murriztea; prestakuntza eta gaitasun profesionalak hobetzea; kolektibo zaurgarrien laneratzea erraztea; lan-merkatua trantsizio digital eta ekologikora egokitzea; eta eskulan eskasia edo biztanleriaren zahartzea bezalako arazoei erantzutea.
Hala, Itunaren dokumentuak akordioa hezurmamitzen duten jarduteko bost ardatz nagusi eta hamar konpromiso ditu. Jarduteko bost ardatzen artean, honako hauek daude: kualifikazioa bizitza osoko jarduera aktibo gisa garatzea; belaunaldien arteko erreleboa termino kuantitatibo eta kualitatiboetan kudeatzea; enpleguan aukera-berdintasuna sustatzea; jarduera ekonomiko lehiakorra, jasangarria eta arduratsua garatzea, enplegu duina eta gizarte-kohesioa sortzen duena; eta enplegu-kalitatera eta enpresen lehiakortasunera bideratutako lan-harremanen eredua bultzatzea, hirutariko gizarte-elkarrizketaren barruan.
Era berean, Itunak ezartzen dituen hamar konpromisoak honako hauek dira: jarduera ekonomiko jasangarri, arduratsu eta lehiakor pribatu eta publikoa sustatzea; lan-harremanen esparruan eta eragile guztien inplikazioarekin, txertatzea; emakumeen, adinekoen, gazteen, migratzaileen, desgaitasunen bat dutenen eta prestakuntza-maila txikiagoa dutenen jarduera-tasa handitzen laguntzea, enplegua inklusiorako eta bizi-kalitaterako tresna bihurtuta; ezagutza- eta berrikuntza-inguruneak sortzea, eta langile guztien (landunen eta langabeen) kualifikazioa eta birkualifikazioa etengabe bultzatzea, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko datu egiaztagarri eta eskuragarriak oinarri hartuta.
Gainerako sei konpromisoak hauek dira: guztientzako lan-merkatua sortzea sustatzeko politikak bultzatzea; beste lurralde batzuetatik datozenak erakartzea, integratzea eta prestatzea, erronka demografikoari eta belaunaldien arteko erreleboari erantzuten laguntzeko; belaunaldien arteko aliantza garatzea eta politika publikoak garatzea, zahartzearen eta mendekotasun-egoeren gizarte-kudeaketari aurre egiteko eta zaintzen ekonomia sustatzeko, ezagutza- eta berrikuntza-inguruneek eskaintzen dituzten ebidentzietatik abiatuta; lan-merkatuan eta enplegua lortzeko eta enpleguari eusteko orduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko konpromisoa; eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru erakunde-mailen eta gizarte-eragileen Enplegu Legea erabat garatzeko konpromisoa, enplegu-politiken plangintzan eta garapenean lurraldeak duen garrantzia kontuan hartuta.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)