Eusko Jaurlaritzak 2026ko Bero Planaren aktibazioa aurreratu du tenperatura altuen aurreikuspena dela eta

Argitalpen-data: 

Berotik_babesteko_gomendioak_eu.jpg
  • Plana irailaren 30era arte egongo da aktibo eta eguraldiaren iragarpena, osasun-zaintza eta herritarrentzako abisuak konbinatzen ditu
  • Euskadi maila horian sartu da (abisua), lehen arrisku-mailan, eta beroari aurre egiteko prebentzio-neurriak gomendatzen dira, bereziki arrisku-taldeko pertsonei
  • Ordu nagusietan eguzki-esposizioa saihestea, maiz hidratatzea eta pertsona zaurgarriak babestea dira gomendio nagusiak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Segurtasun Sailarekin eta Euskalmetekin koordinatuta, 2026ko Bero Planaren aktibazioa aurreratu du. Ekainaren 1ean hasi ohi da, baina aurten gaurtik irailaren 30era arte egongo da indarrean. Helburua da tenperatura altuek herritarren osasunean dituzten ondorioak prebenitzea eta murriztea, batez ere kolektibo zaurgarrienetan.

Plana funtsezko hiru ardatzetan egituratzen da: tenperaturak iragartzea eta ebaluatzea, beroak osasunean dituen ondorioen zaintza epidemiologikoa, eta abisuak eta prebentzio-gomendioak jakinarazteko sistema bat aktibatzea. Gainera, arrisku-egoerak hiru mailatan sailkatzen ditu: horia (abisua), laranja (alerta) eta gorria (alarma).

Bero Planak Euskadiko Osasun Itunean jasotako jarraibideak jarraitzen ditu, One Health ildo estrategikoan hain zuzen. Prebentzio-estrategia horri lotuta, Osasun Sailak Euskalmetekin koordinatzen du herritarrak muturreko tenperatura handietatik babesteko urteko Bero Plana. Hona hemen gako operatiboak:

  • Zaintza aktiboa: Alerta goiztiarreko sistemak muturreko bero-gertakariak detektatzeko eta osasun-zentroetan prebentzio-protokoloak aktibatzeko.
  • Babes-neurriak: kolektibo kalteberentzako gomendio espezifikoak (adinekoak, haurrak eta paziente kronikoak).

Gaurtik aurrera eta datozen egunetan tenperatura altuak espero direnez, Osasun Sailak gogorarazi du garrantzitsua dela oinarrizko prebentzio-neurriak hartzea bero-kolpeak, deshidratazioa eta lotutako beste arazo batzuk saihesteko.

Osasuna beroaren aurrean babesteko gomendioak

Aire zabaleko berotik babestea

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, lasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

  • Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
  • Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
  • Haizagailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
  • Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.

Informazio gehiago Osasun Sailaren webgunean:
https://www.euskadi.eus/informacion/disfruta-del-verano-protege-tu-salud/web01-a3visol/es/

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)