- Horrez gainera, 2025eko istripu-tasaren memoria eta balantzea eta 2026rako jarduera-plana ere aurkeztu dira
Joana Egiluz Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko sailburuordeak eta Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak 2021-2025eko Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguruko eta Iraunkorreko Plan Estrategikoaren balantzea aurkeztu dute gaur goizean Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuran. Gainera, 2025ean burututako jardueren memoria aurkeztu dute, eta 2026rako aurreikusitako jarduera-plana ere aurreratu dute.
Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen Osoko Bilkuraren urteko bilera Bilbon, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, egin da. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza, trafiko-istripuen biktimen elkarteak eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.
Plan Estrategikoaren balantzea
Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordeak Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko 2021-2025 Plan Estrategikoaren balantzea aurkeztu du. Aldi horretan, besteak beste, Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Ituna sinatu da, 8 trafiko-plan espezifiko protokolizatu eta automatizatu egin dira, bide-segurtasunari buruzko 65 ebaluazio-txosten eta azterlan espezifiko egin dira, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako 82.990 ikaslek parte hartu dute mugikortasun segururako hezkuntzako programa eta plan espezifikoetan, 11.381 adinekok parte hartu dute harrapaketak prebenitzeko sentsibilizazio-saioetan, 774 motorzalek hartu dute parte motozikleten gidatze seguruari buruzko ikastaroetan, ingeniaritza-arloak 9 aplikazio garatu ditu Euskadiko bide-sarean bide-segurtasunaren babesa areagotzeko, besteak beste, atxikipenen jarraipena denbora errealean egitea, garraio berezien geoposizionamendua eta eguraldi-iragarpenak bezalako arloetarako.
2025eko jardueren Memoria
Bestalde, Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik 2025eko istripu-tasaren balantzea aurkeztu du. Urte horretan 42 pertsona hil ziren zirkulazio-istripuz, 2024an baino 5 gehiago eta 2023an eta 2022an baino 2 gutxiago. Araban igo egin zen trafiko-istripuz hildakoen kopurua aurreko urtearekin alderatuta (17 hildako, aurreko urtean baino 8 gehiago), baina jaitsi egin zen Gipuzkoan (17 hildako, aurrekoan baino 2 gutxiago) eta Bizkaian (8 hildako, aurrekoan baino 1 gutxiago).
2025eko Memorian jasotako beste jarduera batzuk honako hauek dira: 65 urtetik gorakoen artean harrapaketak eta bestelako istripuak prebenitzeko sentsibilizazio-programak eta gazteei zuzendutako “Don 't be Dummy” egitasmoa sendotu direla; motozikletak segurtasunez gidatzeko ikastaroak, MOTOformakzioa; bide-segurtasunarekin konprometitutako enpresak biltzen dituen Innovabide Sarea zabaldu dela; edo Trafikoko Jardunaldi Profesionala burutu dela, formatu presentzialean eta birtualean Gasteizko Goiuri Jauregian.
2026rako Jarduera Plana
2026rako aurreikusitako jardueren barruan, kolektibo kalteberei zuzendutako prestakuntza-, prebentzio- eta sentsibilizazio-programa espezifikoak indartzea nabarmentzen da. Trafiko Zuzendaritzaren eskumeneko bideetan bide-segurtasunaren babesa areagotzeko tresna teknologikoak garatzen jarraituko da. Eta lan-eremuan, euskal enpresa-sareak laneko bide-segurtasunarekin duen konpromisoa sustatzen jarraituko da, Innovabide proiektuaren bidez.
Era berean, Euskal Poliziak 33 zaintza- eta kontrol-kanpaina egingo ditu errepideetan, istripu larriak eragiten dituzten arrisku-portaerak prebenitzeko. Istripu-kausa nagusietan jarriko da arreta, hau da, abiaduran eta distrakzioetan, eta baita motorzaleen kolektiboan ere.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)